Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak bisita gidatuen beste edizio bat antolatu du

Abuztuko bisita gidatuen kartela.

Abuztuko bisita gidatuen kartela.

2023/07/27

Bisitak abuztuaren 3an, 10ean, 17an eta 24an (ostegunak) eta 6an eta 27an izango dira (igandeak). Parte hartzea doakoa da, baina joan nahi dutenek izena eman beharko dute aldez aurretik.

Eibarko Udalak eta Debegesak berriz ere martxan jarriko dute abuztuko bisita gidatuen programa. Ekimena Eibarko Udalaren Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak sustatzen du Debegesa Eskualdeko Garapen Agentziarekin lankidetzan, eta helburua da herriaren ondare historiko eta kulturala balioan jartzea eta eskaintza turistiko bat sortzea udan gure herria bisitatzen duten pertsona guztientzat.  

Hala, bisitaren ibilbidean ezagutzera emango da azken 100 urteetan herriak izan duen garapen industriala, kulturala eta historikoa. Eibar duela mende bat nolakoa zen erakusten duten irudiekin, Nerea Alustiza historiagileak gidatuko ditu bisitak; ibilaldiak Estaziño kaletik abiatuko dira, tren-geltokiaren ondoan, eta erdiguneko hainbat kale igaro ondoren Untzagan amaituko dira. Han, beste gertakari batzuen artean, Eibarrek II. Errepublikaren aldarrikapenean izan zuen papera gogoraraziko da. 

Bisitak abuztuko ostegunetan izango dira (hilak 3,10,17 eta 24) arratsaldez, 18:30etik 20:00etara, eta igandeetan (hilak 6 eta 27) goizez, 11:30etik 13:00etara. Abuztuaren 3an eta 27an euskaraz egongo dira eta gainerakoak erderaz.

Bisitak doakoak dira, baina interesdunek aldez aurretik eman behar dute izena. Astelehenetik ostiralera egin daiteke, 8:30etik 13:30era, bai Pegoran presentzialki edo 943 708400 telefonora deituta. Izena emateko epea bisita bakoitzaren aurreko lanegunean amaituko da.  Kalitatea bermatzeko, parte-hartzaileen gehieneko kopurua 15 lagunekoa izango da.

Jon Irola alkatearen hitzetan, “Eibarko hiriak historia luzea du.  Eta historia hori islatu egiten da herriak dituen eraikin eta eraikuntzetan. Horregatik, ekimen honek aukera ematen digu ia ahaztuta genuena gogoratzeko eta gauza berriak oso modu bisual eta atseginean ikasteko, eta, hala, bisitetan kontatzen zaizkigun gertakari horien parte sentitzeko”.

Eta zera gehitu du: “Ekimen hau oso egokiera ona da oporraldia igarotzera Eibarrera etortzen diren bisitariek Eibarko xehetasun historikoak ezagutzeko, baina baita eibartarrontzat ere, zalantzarik gabe oso xehetasun interesgarriak aurkituko ditugu-eta. Orain arte egin ditugun edizioek hala erakutsi dute.”

Aurreko edizioetako harrera ona

Bisiten programa hau 2021eko abuztuan jarri zen martxan eta ekimenaren harrera ona ikusita, Udalak eta Debegesak proiektuari jarraipena ematea erabaki zuten. Lehen ediziotik 29 bisita gidatu egin dira eta 294 pertsonak hartu dute parte.