Eibar oraina aztertzen ari da etorkizuneko enplegua eta kohesioa eraikitzeko
 
                      Udalak bi azterlan garrantzitsu bultzatu ditu eibartarren eta Eibarko enpresen benetako premiak ezagutze aldera. Ekonomia-Garapen eta Gizartekintza sailak lankidetzan ari dira enplegua eta gizarte kohesioa bultzatuko duten estrategiak diseinatzen.
Eibarko Udala enplegu-diagnostiko bat egiteko lanekin hasi da. Urrats garrantzitsu bat izango da aurrera begirako Enplegu eta Tokiko Garapen Plana abian jartzeko. Eusko Jaurlaritzaren eta Lanbideren babesa duen proiektu honen helburua da Eibarko lan-merkatuaren erradiografia zehatza egitea, horrela, langabetuen zein enpresa-ehunaren beharrei erantzuten dieten politika aktiboak bultzatu ahal izateko.
Lankidetza honi esker, Udalak diagnostikoa egingo duen enpresa espezializatu bat kontratatu ahal izan du, baita udal-taldea osatu ere teknikari bat kontratatuta, zeinaren eginkizun nagusia izango den planaren inplementazioa gidatzea eta enplegu-zerbitzuak garatzea, Gabilondoren bulego berrietan.
Gaur-gaurkoz, Eustat, EIN (Estatistikako Institutu Nazionala) edo indarrean dauden plan estrategikoen informazioa bildu da. Horrez gain, Lanbiden izena emanda dauden langabetuen datuak aztertu dira —1.400 inguru, irailera arte—, eta banakako elkarrizketak ari dira egiten, haien enplegagarritasun maila ezagutu eta profil bakoitzari egokitzen zaizkion neurriak diseinatzeko asmoz.
Azaroan zehar Mahai Sektorialak abiaraziko dira, zeinetan tokiko enpleguarekin lotura duten eragile nagusiek hartuko duten parte —enpresak, elkarteak eta formakuntza-zentroak—, sektore giltzarrietako (industria, merkataritza, turismoa, lehen sektorea, ekintzailetza eta formakuntza) erronka eta aukerei aurre egiteko.
“Eibar urrats sendoa egiten ari da toki garapen trinkoago, errealistago eta parte-hartzaileago baterantz. Udalerriko benetako premiei erantzuten dien plan bat eraiki nahi dugu, eta horretarako entzun egingo diegu bai enplegu bila ari direnei, bai sortzen dutenei”, adierazi du Jon Iraola alkateak.
Aurreikusten da diagnostikoa urtea amaitu aurretik bukatuko dela, eta, orduan, emaitzak aurkeztu eta Enplegu eta Tokiko Garapen Plana idazteari ekingo zaio.
Ekonomia-Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotzi Vanesa Hortasek nabarmendu duenez, “lan honek ahalbidetuko digu oso modu zehatzean identifikatzea Eibarko lan-merkatuaren aukerak eta ahuleziak. Enplegua ezin da bakarrik koiunturaren araberakoa izan; aitzitik, planifikazio bat behar du, formakuntza, berrikuntza eta elkarlanak uztartzen dituena.
Aldi berean, Eibarko Udaleko Gizartekintza Sailak Gizarte Diagnostiko bat jarri du martxan, Eibarko biztanleen premia eta kezka nagusiak antzematea helburu.
Azterlana, Gizagunea enpresarekin batera egiten ari dena, elkarren osagarri diren hiru fasetan egituratzen da: lehenik, lehendik dagoen estatistika-informazioa jaso eta aztertuko da, prozesuaren abiapuntu gisa; ondoren, banakako elkarrizketak egingo dira udal-ordezkariekin eta politikariekin, administrazioaren ikuspuntua ezagutzeko herritarren benetako premien inguruan; eta, azkenik, galdeketa eta topaketa parte-hartzaileak antolatuko dira biztanleekin eta tokiko elkarteekin, datuak kontrastatu eta herriko errealitate sozialaren argazki zehatza egiteko.
“Abiadura bizian aldatzen den gizarte batean bizi gara, eta, administrazio gisa, aldaketa horietara moldatu beharra dugu”, azpimarratu du Gizartekintzako zinegotzi Sonia Archelik. “Diagnostiko honek lagundu egingo digu eibartarren kezkak identifikatzen eta baita haiei eremu publikotik erantzuten ere, gertutik eta eraginkortasunez.”
Prozesuan nabarmendu beharreko alderdi bat Ekonomia Garapen eta Gizartekintza sailen arteko koordinazioa da, zeharkako ikuspegiarekin lan egingo baitute. Diagnostiko biak —enpleguarena eta gizarte mailakoa— lerrokatu nahi dira, plan estrategiko bateratu bat osatzeko, lan-munduratzea eta zaurgarritasun-egoeran dauden pertsonen arreta eta akonpainamendua uztartuko dituena.
Archeliren esanetan, “enplegua gizarte inklusiorako zutoinik garrantzitsuenetako bat da.” Hori horrela, diagnostikoak bat eginda joan daitezen nahi dugu, eta, baita etorkizuneko Plan Estrategikoak interrelazio hori jaso dezala ere, soluzio integralak eta jasangarriak xede.
 
                   
                   
                  