Txaltxazelaiko ur-txorroak egun batzuetako atzerapenarekin irekiko dira, osasun-kontrolak osatu ondoren
Udalak, badaezpada ere, atzeratu egin du irekiera-data, harik eta Osasun Publikoko protokoloen arabera egindako analisi mikrobiologikoen behin betiko emaitzak izan arte. Uraren kalitate-kontrolak aldekoak izan dira eta Legionellaren presentzia oso txikia da, baina Udalak zuhurtziaz jokatzea erabaki du herritarren segurtasuna bermatze aldera.
Eibarko Udalak jakinarazi du Txaltxazelaiko ur-txorroak irekitzeko data atzeratu egin dela mantentze-lanak, osasun-agintariek erabakitako jarduerak eta azken asteetan sortutako ezusteko tekniko batzuk direla-eta.
Instalazio hauek martxan jarri aurretik egin ohi diren prebentzio-kontrolen baitan, Udalak PCR teknika baten bidez proba analitikoak aurreratzea erabaki zuen. Analisi horietan Legionella spp aurkitu zutenez —oso kopuru txikia (20 unitate)— osasun-agintariek ezarritako protokoloak aktibatu behar izan ziren.
Egindako analisiek erakutsi dute uraren kalitatea egokia dela aurreikusitako erabilerarako, eta ez dela antzeman bainatzeko baldintzak kolokan jartzen duen inolako gorabeherarik. Hala ere, PCR proban lortutako emaitza positiboa ikusita eta Osasun Sailaren gomendioei jarraituz, Udalak beharrezkotzat jo du laginen behin betiko emaitzak izan arte itxarotea instalazioa ireki aurretik.
PCRaren emaitza positibo faltsu baten ondorio izan zitekeelako zantzuak dauden arren, Udalak zuhurtziaz jokatzea erabaki du. Udalak osasun publikoarekin duen konpromisoari erantzuten dio erabaki horrek, baita familiei eta erabiltzaileei ahalik eta berme gehien eskaintzeko borondateari ere.
Udalak azpimarratu du jarduketa horrek erakusten duela prebentzio- eta kontrol-protokoloek behar bezala funtzionatzen dutela, detekzioa aurrez eta prebentzioz egindako analisi batzuei esker gertatu baita, baita instalazioa ireki aurretik ere.
Era berean, gogorarazi behar da ekainaren 18an kendu egin beharko direla sanjuanetako txosnak jarri ahal izateko, jaietarako ezarritako plangintzaren arabera.
Eibarko Udalak eskertu egiten du herritarrek ulertzea atzerapen puntual hau, eta berretsi egiten du bere konpromisoa kudeaketa arduratsu eta garden batekin, udal-espazio publikoen erabiltzaile guztien segurtasuna eta ongizatea bermatzera bideratua.