Udalak aurten ere "Planetaren Ordua" ekimenarekin bat
Eibarko Udalak bat egingo du aurten ere 'Planetaren Ordua' ekimenarekin, eta, bihar, larunbata, martxoak 27, 20:30etik 21:30era bitartean, ordubetez itzaliko dira Untzaga Plazako eta udaletxearen alboetako fokuak, fatxadako erlojuaren argiak, arkupeetakoak, eta Ibarkurutzeko iturrikoak, klima-aldaketaren aurkako keinu sinboliko gisa.
Mugimenduak pisu handiagoa hartuko du 2021. urtean, uste baita urte garrantzitsua izango dela naturarentzat, munduko liderrek erabaki politiko erabakigarriak hartuko dituztelako ekintza klimatikoari, garapen iraunkorrari eta naturari buruzkoak.
Horregatik, Jon Iraola Eibarko alkatearen esanetan “beste behin eibartar guztiok animatu nahi ditugu aurten ere aldaketa klimatikoaren aurkako eta naturaren aldeko mugimendu global honetara batzera, ordubetez argia itzaltzea bezalako keinu sinple bat eginez. Izan ere, krisi klimatikoa guztioi eragiten digun errealitatea da, eta, beraz, lagundu behar dugu klimaren alde lan egiten ekintza guztietan parte hartuz, jarduera xumeak izan arren".
Gainera, Udalak, klima-aldaketaren aurkako borroka horretan laguntzeko asmoz, abian jarri du Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Plana (KEJEP) jarri du abian, eta egitasmo horren bidez, besteak beste, udalerriko CO2 isuriak % 40 murriztea lortu nahi du.
Hala, Plan hori egitean kontuan hartu beharreko pertzepzioa eta lehentasunezko gaiak ezagutzeko, Udalak gogorarazi nahi du herritar guztiak daudela gonbidatuta udalaren webgunean apirilaren 11ra arte eskuragarri egongo den online-inkestan parte hartzera.
Bestalde, 'Planetaren Ordua' modu digitalean ere ospatuko da, eta hainbat ekitaldi birtual egingo dira, non kultura guztietako milioika pertsona naturaren defentsan konektatuta egongo baitira. WWF España erakundeak ekimen digital bat antolatuko du bihar larunbatean. Nahi duenak bat egin dezake ingurumen-ekimenarekin honako web honetan: http://horadelplaneta.es/
'Planetaren Ordua' WWF erakundeak sustatutako eta Nazio Batuek babestutako mugimendu global bat eta haren eginkizunetako bat da gogoraraztea natura planetaren bizi-euskarriaren sistema dela, behar dugun guztia ematen diguna, bai arnasten dugun airea, bai edaten dugun ura, baita jaten ditugun elikagaiak ere, eta defendatu behar dugula gure planetaren osasuna eta, aldi berean, gure osasuna eta ongizatea babesteko.
Maiatzean, Biodibertsitatearen gaineko 15. Goi-Bilera egingo da Kunmingen (Txina); batzarra 2020ko urrirako zegoen aurreikusita eta pandemiaren erruz atzeratu egin behar izan zen. Goi-Bilera hori eta Klimari buruzko 2021eko Gailurra (azaroan egingo da, Glasgown, Ingalaterran), funtsezko bi une izango dira plan global anbiziotsu bat lortzeko gizarteak biodibertsitatearekin duen harremana eraldatu dadin eta 2051rako naturarekin harmonian bizitzearen ikuspegi partekatua bete dadin.
Ekimen hau Sidneyn jaio zen keinu sinboliko gisa, klima-aldaketaren arazoaz ohartarazteko. Keinu xume bat eraikinen eta monumentuen argiak ordubetez itzaltzean datzana. Urteekin, planeta defendatzeko mundu mailako mugimendurik handiena bihurtu da, eta ia 200 herrialdetako milaka hirik parte hartzen dute dagoeneko; aurreko edizioetan 17.000 monumentu eta eraikin esanguratsu baino gehiago itzali zituzten, hala nola Parisko Eiffel dorrea edo Erromako Kolisoa.