Udalak 'Antxitxika Eibar' egitasmoa jarri du martxan eibartarren artean jarduera fisikoa sustatzeko Wellk aplikazioaren bidez
Eibarko Udalak, Wellk star-uparekin eta BIC Gipuzkoaren lankidetzarekin, ‘Antxitxika Eibar’ egitasmoa jarri du martxan; haren helburua da eibartarren artean jarduera fisikoa sustatzea eta bultzatzea. Mugikorrerako aplikazio bat da sozializazioa sustatu eta herritarrei kirola modu pertsonalizatuan eta berritzailean egiteko tresnak ematen dizkiena.
Gaur arratsaldean aurkeztu dute proiektua Jon Iraola alkateak, Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak, Ander Curiel Kirol zinegotziak eta Aritz Guinea Wellk aplikazioaren sortzaileetako batek.
Horrela, gaur aurkeztutako plataforma teknologikoak aukera ematen du 2017-2027ko Eibarko Kirolaren Plan Estrategikoan jasotako helburuak lortzeko urrats berriak egiteko, aurrera egitea ahalbidetzen duelako zerbitzu berritzaileagoetan, Eibarko herritarren beharretara hobeto egokituagoak, kirola hiriaren nortasun-ezaugarri gisa indartuz.
Zehazki, aplikazioak Eibarren antolatutako kirol-jarduerak gomendatzen dizkie erabiltzaileei, kirol-planak egiteko lankideak bilatzea ahalbidetzen du, lagunekin ligak sortzea eta erronka komunitarioetan edota indibidualetan parte hartzea, horrela, hainbat sari lortuz.
Aplikazioan sartzean, erabiltzaileek Eibarren eskaintzen diren kirol-zerbitzu guztiak ezagutu ahal izango dituzte. Halaber, erregistratu ahalko dira, beren datu pertsonalak emanez, egiten duten jarduera mota edo egin nahiko luketena adieraziz, beren beharrak azalduz edo duten ordutegi-aukera. Aplikazioak informazioa emango die eta banan-banan gomendatuko zer jarduera egin dezaketen, non eta nola, eta zer ordutegitan.
Plataforma berrian Eibarko kirol-eragile guztiek hartzen dute parte, bai Udaleko kirol-instalazioek bai kirol-klub, gimnasio edo kirolari lotutako beste erakunde batzuek ere; guztira hogeita hamar bat elkarte.
Hala, plataforma hau aukera bat da kirol-klubentzat eta kirolarekin lotura duten herriko gainerako elkarteentzat; izan ere, talde horiek ematen dituzten jarduera ezagutzera eman ditzake eta herrian kirola egitea sustatu. Halaber, aplikaziotik erronkak proposatu ahalko dira, bai Udaletik bai kluben bidez.
Programatutako lehen jarduera gisa, Osasunaren Mundu Egunarekin bat eginez, apirilaren 7an erronka bat jarriko da abian, ‘Gure planeta, gure osasuna’ lelopean. Herritar guztien kilometroen batuketaren bidez, erronkaren hiru mailak desblokeatu beharko dira, eta, horrela, udalerriko hainbat eragilek emandako 11 sari baino gehiagoren zozketan parte hartzeko aukera egongo da; Orbeak, esaterako, 45 artikulurekin lagunduko du.
Erronka birtual bat izango da, udalerrian egingo diren hainbat ekintzarekin konbinatuko dena, online eta off line bateratuz, mugikortasun aktiboa, jasangarritasuna eta bizimodu osasungarria sustatze aldera.
Wellk aplikazioa doan deskargatu ahal izango da datorren astelehenetik aurrera (martxoak 21), App Store eta Play Storen. Gainera, 30 jardueratik gora erregistratu daitezke eta bateragarria da Apple Health, Google Fit, Fitbit eta Strava-rekin.
Egun horretatik aurrera, aplikazioan eta erronkan erregistratzen diren pertsona guztiek kamiseta berezi bat jaso ahal izango dute Ipurua eta Orbeako kiroldegietako harreralekuetan.
Eibarko alkate Jon Iraolaren hitzetan, “Eibar beti definitu izan da kirolaren kulturagatik eta kirol-nortasunagatik; dozenaka kirol-klub ditu askotariko diziplinak praktikatzeko aukera ematen dutenak eta eibartar askok modu erregularrean egiten dute jarduera fisikoren bat”.
“Orain, eta aplikazio berri honen bidez –ziurtatu du Iraolak– klubak indartu ahal izango dira, herritarrei haien eskaintza aurkeztu eta, azken batean, jarduera fisikoaren sustapenari bultzada berri bat eman, 2017-2027ko Eibarko Kirolaren Plan Estrategikoan ezarritako jarraibideen ildotik. Zalantzarik gabe, erakargarriagoa egingo du kirola egitea, plan pertsonalizatua eskaintzen duelako, erabiltzailearen egoera fisikora eta berak ezarritako helburuetara egokitua.”
Bestalde, Ana Telleria Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzako zinegotziak ziurtatu duenez, “Aplikazio erabilerraz batean bilatzen duguna teknologia eta kirola uztartuz, eta jarduera publiko zein pribatua bateratuz zera da, aplikazioa deskargatzen dutenei, bai kirola egiten dutenei, bai oraindik egiten ez dutenei, informazio erabilgarria ematea, kirolaz disfrutatzeko eta errendimendua hobetzeko, bai eta espazio birtual bat ere, non erabiltzaileek beren ordutegi eta baldintza fisikoei ahalik eta ondoen egokituko zaien jarduera aurkitu ahalko duten, eta interes eta gaitasun berdinak dituzten pertsonekin harremanetan jarri ahalko diren.
Hala, gaineratu duenez, “teknologia lagungarria izango da, ez bakarrik kirola sustatzeko, baita eibartar askoren ezagutza eta lotura indartzeko ere, bai Udal Kirol Patronatuarekin, bai Eibarko kirol klub eta elkarteekin. Eta are garrantzitsuago: espero dut autogarapena sustatuko duela, eta pertsonen arteko loturak sortuko dituela; eta, horrekin batera, oztopo asko, gehienetan mentalak, gainditzen lagunduko dugula, eta aitzakiak alde batera utziko direla, denok egin dezakegulako kirola eta beti dagoelako denbora gogoa dagoenean.”
Azkenik, Ander Curiel Kirol zinegotziak adierazi duenez, “Kirol Sailean lanean jarraitzen dugu herritarren artean jarduera fisikoaren kultura sustatzeko. Azpiegiturak eta zerbitzuak ditugu, eta, aplikazio honen bidez, bermatu nahi dugu jarduera fisikoa egin nahi duen pertsona orok bere aukera hautatu ahal dezala toki bakar batetik eta oso klik gutxitan.”
Zentzu horretan, zera gaineratu du: “Oso eskertuta gaude ekimen honekin bat egin duten klub eta erakundeekin, eta espero dugu herriko kirolaren Plan Estrategikoaren eskutik datorren proiektu interesgarri honi garatzen laguntzea. Eibar kirolaren sinonimoa da eta seguru nago herritarrek ondo erantzungo dutela."