Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 14.000 euroko dirulaguntza bat jaso du Foru Aldunditik hirigintza-esparruko bi jarduera estrategiko finantzatzeko

Eibarko aireko bista.

Eibarko aireko bista.

2021/11/17

Dirulaguntzak Plan Orokorrean genero-ikuspegia integratzeko prozesu parte-hartzailearen zati bat ordaintzeko dira, bai eta Azitaingo industrialderako errepidearen trazatua eta bihurguneak hobetzeko ere. Jon Iraola alkateak eskertu egin du Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamenduaren konpromisoa eskatutako laguntzei emandako erantzunagatik

Eibarko Udalak bi dirulaguntza jaso ditu Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa  Departamentutik, 14.000 euro ingurukoak, Udalak aurrera eramango dituen hirigintzako eta hiriko obretako bi jarduketen gastuak ordaintzeko.

Dirulaguntza horien edukia eta ezaugarriak jakinarazi dituzte Jon Iraola alkateak eta Rafaela Romero Gipuzkoako Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako diputatuak gaur egindako prentsaurrekoan.

Dirulaguntza horiek ematea Udalak bi proposamen aurkeztu izanaren ondorio da. Bata industria-eremu hondatuak berroneratzeko edo leheneratzeko beharrezkoak diren azterlanak eta proiektuak formulatu eta izapidetzetik eratorritako gastuak finantzatzeko Aldundiaren programarako; eta bestea udal hirigintza-tresnetan genero-ikuspegia txertatzearen ondoriozko gastuetarako laguntza-programarako.

Udalaren hirigintza-tresnetan genero-ikuspegia txertatzeko programaren kasuan, Aldundiaren dirulaguntza 7.562 eurokoa izan da, eta Udalak enpresa batekin formalizatu duen partaidetza-prozesuaren zati bat ordaintzeko erabiliko da, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspen-testuinguruan gauzatzen ari den partaidetza-prozesuaren esparruan genero-ikuspegiak indartzeko.

Udalak bilerak egin ditu azken hilabeteetan hainbat alorretako kolektiboetako ordezkariekin Eibarko hirigintza-konfigurazioa zehazteko. HAPOren berrikuspenaren Aurrerapen Fasean, prozesu horrek baldintza espezifikoak ezartzen ditu hirigintza-jarduketetan genero-ikuspegia bermatzeko. Hala, Plan Orokorraren ondorioetan ekarpen horiek sartuko dira.

Hondatutako industriaguneak berroneratzeko edota leheneratzeko azterlan eta proiektuak formulatzearen eta izapidetzearen ondoriozko gastuak finantzatzeko laguntzen foru-programari dagokionez, Aldundiaren dirulaguntza 6.655 eurokoa izan da; diru hori Azitaingo industrialdean dauden enpresetara doan errepide-trazatua hobetzeko erabiliko da. Industrialde horretako enpresek sarbideak hobetzeko egindako eskaeran du jatorria ekimen horrek, zehazkiago, eskatzen dute industria-eraikinetara doan errepideko bihurguneen trazatua hobetzeko, kurbak oso estuak  eta  ikusgaitasun urrikoak baitira.

Udalak, eskaera horren ondoren, azterlan bat kontratatu zuen, dagoeneko eginda dagoena eta 13.310 euroko kostu duena; eta horren zati bat Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasun eta Lurralde Antolaketa Departamentuak finantzatuko du 6.655 eurorekin. Azterlan horretatik datoz industrialdera sartzeko trazatua hobetzeko beharrezkoak diren jarduketak. Lan horiek datorren urtean egingo dira eta eragina izango dute enpresen jardueran.

Jon Iraola alkateak eskerrak eman dizkio Mugikortasun eta Lurralde Antolaketako Foru Departamenduari laguntza horiek emateagatik: “Horrek agerian uzten du Aldundiak erakutsi duen konpromisoa Eibarrek eskatutako hainbat laguntza ebaztean eta hirirako proiektu estrategikoak gauzatzean”.

Iraolaren arabera, “dirulaguntza horiek, ahal den neurrian, Udalaren ahalegin ekonomikoa pixka bat arintzea ahalbidetuko dute, Hirigintza eta Obretako udal arloek bultzatutako proiektu garrantzitsuak garatzeko”.

Alkateak zera gogorarazi du: “Plan Orokorra da Udalak hiria diseinatzeko duen tresnarik garrantzitsuena, eta, horretarako, herritarren eskutik lan egiten jarraituko dugu”. Eta zentzu horretan, Aldundiak diruz lagunduko duen genero-ikuspegia HAPOn integratzeko azterlanari dagokionez, halaxe dio: “emakume-elkarteekin lanean ari gara, emakumeak beldurrik gabe ibiltzeko moduko hiri bat izateko”.

Bestalde, Rafaela Romero foru diputatuak alkatearen hitzak babestu ditu, eta adierazi du Eibarko Udalak eta Foru Aldundiak estrategia partekatu bat dutela espazio publikoak hobetzeko eta berroneratzeko beharrezko jarduerei aurre egiteko, bai eta Gipuzkoako eta Eibarko hiri-agendan genero-ikuspegia txertatzeko ere.  

Hala, gaur goizean Eibarren egin duten prentsaurrekoan, Romerok azpimarratu du: “Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat berdintasunezko hirigintza udal plangintzan integratzea funtsezko tresna da berdintasunerako, eta, horrela, pertsonak eta haien eskubideak udal eta foru jardueraren erdigunean jartzeko. Horren harira, azpimarratu nahi dut Eibarko alkateak helburu horrekin duen konpromisoa; izan ere, Hirigintza Plan Nagusiaren eguneratzean, espazio nabarmen bat eman baitiei emakumeen elkarteei. Ziur nago elkarte horiek egiten dituzten ekarpen eta iradokizunek seguruago eta berdintsuago egingo dutela Eibar. Gizonek bakarrik pentsatutako hiri batek gizonentzat bakarrik balio izango du, eta emakumeek pentsatutako hiri batek pertsona guztientzat, gizon zein emakumeentzat. Azken batean, hirigintza berdinzale eta feministak hiri justuagoak egiteko ematen dituen aukera eta abantaila guztiak aprobetxatu behar dira. Hunkitzen nau Eibar jada bide horretan egoteak”.