Eibarko Udala
gabonak eibarren

Gabonetako argiak ostegunean (azaroak 27) piztuko dira

2025/11/25
Gabonetako programaren aurkezpena. Jon Iraola, Eibarko alkatea, Andoni Zabala Kultura zinegotziarekin, eta Eva Juez (Ingurumena) eta Vanesa Hortas (Garapen Ekonomikoa) zinegotziekin batera.
Gabonetako programaren aurkezpena. Jon Iraola, Eibarko alkatea, Andoni Zabala Kultura zinegotziarekin, eta Eva Juez (Ingurumena) eta Vanesa Hortas (Garapen Ekonomikoa) zinegotziekin batera.

Ekitaldi honekin adin guztietarako jarduerei emango zaie hasiera. Programazioan, proposamenak egongo dira familientzat, umeentzat eta gazteentzat.

Ostegunean, azaroak 27, Gabonetako argiak piztuko ditu ofizialki udalak Errebalen, 18:30ean egingo den ekitaldi batean. Musika, txokolatea, jolasak eta jai-giroa egongo dira adin guztietarako. Udalak 100.000 euro inguru bideratu ditu aurtengo argiztapenerako; helburua da familientzako topagune bat sortzea eta kaleetako jarduera komertzial eta soziala dinamizatzea.

Jon Iraola alkateak ekintza honen garrantzia azpimarratu du, Gabonen hasieraren ilusioa eta udalak halako momentuak eskaintzeko duen borondatea nabarmenduz. Gaineratu duenez, argiztapenak herria apaintzea eta saltoki txikiei laguntzea du xede, eta baita eibartar zein kanpotarrentzat giro erakargarris sortzea ere. Ildo beretik, Vanesa Hortas Ekonomia Garapeneko zinegotziak adierazi du Gabonetako argiek giro bero eta atsegin bat sortzen laguntzen dutela, jendea paseatzera bultzatzen duena; eta horrek guztiak herriko merkataritzari laguntzen dio.

Jon Perez Gazteria Saileko zinegotziak zera esan du: “Aurten ere programa zabal bat eskainiko dugu; jarduera pila bat egongo dira gure herriko neska-mutikoei zuzenduak. Proposamen ludikoa, dibertigarria eta, aldi berean, hezigarria pentsatu dugu, familiak espazio seguru, inklusibo eta ilusioz betetako batean disfrutatzeko, opor garai honetan”.

Gabonetako programaren barruan, haurrei eta gazteei zuzendutako jarduerak ere antolatu ditu udalak. Besteak beste, “Kirola Familian”, jolas librerako espazio bat, 2-5 urte arteko neska-mutikoentzat (familiekin batera), Ipuruako Kiroldegian egingo dena, 17:30etik 19:30era, abenduaren 7, 13, 14, 20, 21, 27 eta 28an. Indianokua Gaztelekuan, sukaldaritza- eta eskulan-ikastaroak emango dira abenduaren 20an eta 21ean.

Robotikarekin eta bideo-jokoekin lotutako jarduerak ere egingo dira (Microsoft MakeCode Arcade), adin eta txanda desberdinetan, Jazinto Olabe ludotekan eta Indianokua Gaztelekuan. Saioak abenduaren 26, 27, 29 eta 30ean izango dira. Izena emateko epea zabalik egongo da abenduaren 5etik 15era bitartean; prezioa 20 eurokoa izango da Eibarren erroldatuta daudenentzat eta 40 euro kanpokoentzat.

Oporretan, Astelena Gabonetako Haur Parkea jarriko da martxan, 2-12 urte bitarteko umeentzat. Sarrera 3 eurokoa izango da, edo doakoa herriko merkataritzako bonuarekin. Ordu eta erdi egon ahalko da bertan, eta saioak egun hauetan izango dira: abenduaren 26, 27, 29, 30 eta 31n, eta urtarrilaren 2an eta 3an. Saio guztiak goizez eta arratsaldez izango dira, 31n izan ezik (goizez bakarrik).

Gainera, Untzaga plazan txirrista handi bat jarriko da ume zein helduentzat. Sarrera 3 eurokoa izango da, edo doakoa Eibar Merkataritza Gune Irekiaren bonuarekin. Abenduaren 19tik 31ra egongo da martxan (hilaren 24an eta 31n ordutegi bereziak egongo dira, eta abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean itxita egongo da).

Urtero legez, Olentzerok buzoi bat izango du Pegora-Portalean abenduaren 15etik 23ra, eta hilaren 24an kalejira egingo du Urkizutik, 11:30etik aurrera, Juan Bautista Gisasola Musika Eskolak eta Adolofo Jainagak lagundurik. 12:30etatik aurrera, umeak eta haien azken gutunak hartuko ditu udaletxean.

Gabonetako egitarauak, gainera, hainbat musika eta antzerki ikuskizun biltzen ditu: abenduaren 17an eta 18an Musika Eskolaren ohiko kontzertuak izango dira Koliseoan; abenduaren 26an Sofia Machinen kontzertua izango da Koliseoan; eta abenduaren 29an, 17:00etan, Hika Antzerki Konpainiak haurrei zuzendutako "Atearen bestaldean" obra antzeztuko du Koliseoan.

Programa Errege Magoen Kabalgatarekin amaituko da; aurretik, gonbidapenak banatuko dira abenduaren 18an, Ipuruako Kiroldegian urtarrilaren 5ean egingo den dantza-ikuskizuna ikustera joateko. Egun horretan, urtero bezala, 19:00etan egingo da kabalgata. Untzagatik irten, eta, herriko kaleetatik igaro ondoren, berriz ere hasierako lekura itzuliko da. Desfilea amaitu ondoren, Errege Magoek azken eskutitzak jasoko dituzte udaletxeko patioan.

Jon Perez: “Kontuan hartu ditugu eibartar askok iazko edizioari buruz egindako iradokizunak. Hobekuntzak egin ditugu eta espero dugu herritarren eskpektatibak betetzea. Familia guztiak gonbidatu nahi ditut Gabonetako programazio honetan parte hartzera. Kontu handiz diseinatu dugu, seguru gaudelako haurrengan inbertitzea gure herriko etorkizunaren alde apustu egitea dela”. 

Udalak herritar guztiak gonbidatu nahi ditu Errebalera gerturatzera eta Gabonetako jai-giroa ofizialki markatuko duen ospakizun honetaz disfrutatzera.

Gabonetako argiak aberasteko, Eibarko Udalak Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko, Turismoko eta Lurralde Antolaketako departamentuaren dirulaguntza du.