Hasi da haurren ikasturte politikoa, “Mini poLitikariak” ekimenarekin eta herria hobetzeko hainbat proiekturekin
Haurren eta nerabeen kontseiluko 16 partaideek inaugurazio plenoan hartu dute parte alkatearekin eta Gizartekintzako zinegotziarekin batera. Eibarrek “Haurren Lagun den Hiria” aitortzarako aurkeztutako hautagaitza onartu da, gazteenen konpromisoari esker.
Mini poLitikariak izenarekin —parte-hartzaileek eurek 2025eko maiatzean bozketa bidez aukeratutakoa—, asteartean bildu zen haurren eta nerabeen kontseilua, haien ikasturte politikoari hasiera emateko. Plenoko saioan kontseilua osatzen duten 16 haurrak bildu ziren, iazko ikasturtean egindako lana gainbegiratu eta Jon Iraola alkateari eta Sonia Archeli Gizartekintzako zinegotziari hainbat kontu mahaigaineratzeko.
Saioan zehar, gazteek alkatea eta zinegotzia gonbidatu zituzten plenoan parte hartzera. Jon Iraolak ongietorria egin ondoren, egindako ahalegina eskertu zien haien lanari esker Eibar herri hobea dela azpimarratuz. Alkateak aurreko bilkuran egindako galdera eta proposamenei erantzun zien, eta hainbat udal-proiektu azpimarratu zituen, aisialdirako gune berriak ahalbidetuko dituztenak —haietako batzuk estalitakoak—, umeak jolastu eta beste ume batzuekin egon daitezen.
Horrez gain, udalean dauden baina askotan erabiltzen ez diren baliabideak aurkeztu zituzten, hala nola asteburuetan patinatzeko edo kirola egiteko zabalik egoten diren kiroldegiko pistak, eta herriko elkarteek bideratutako mahai-jokoetarako espazioak. Garbiketarekin eta herri-ekipamenduarekin lotutako gaiez ere jardun zuten, eta azpimarratzekoa da umeek adierazitako kezka herria zaintzeari eta herritarren erantzukizunari begira.
Plenoa amaitutakoan, kontseiluko kideek lan-saio bat egin zuten, zeinean “Espazioak errekonkistatuz” proiektua definitu zuten. Proiektu horren bidez, herriaren mapa bat egingo da, argi gutxiko guneak, irisgarritasun-arazoak, arkitektura-oztopoak eta espazio arriskutsuak edo ikuspen gutxikoak identifikatzeko. Aurrerago, antzemandako arazoak eta haiek bideratzeko proposamenak aurkeztuko dizkiote alkateari. Era berean, ekimen bat dute esku artean, haurrei haien adinaren araberako asteko jardueren berri emateko.
Jon Iraolaren iritziz: “Umeei parte hartzeko aukera ematea modu bat da haiek eskubide osoko herritar gisa hartzeko. Guretzat pozgarria da horrelako talde konprometitu eta dinamikoa izatea, batzuetan helduoi ahaztu egiten zaigun beste ikuspuntu batetik ikusarazten baitigu herria.
Sonia Archeli zinegotziak umeen parte-hartzeak duen garrantzia azpimarratu du. “Txikienei entzuteak herri inklusiboagoa eta seguruagoa eraikitzea ahalbidetzen digu. Umeen ideiek erakusten digute Eibarri beste begi batzuekin begiratzen eta lehentasuna ematen benetan garrantzia duenari: izan dezatela ingurune bat hazi, jolastu eta eskubide osoko herritar sentitzeko aukera emango diena. Gazteen energia eta konpromisoa inspirazio-iturri dira nagusiontzat politikak birpentsatzeko orduan, eta erakusten digute umeen parte-hartzea giltzarria dela herria hobetze aldera”.
Aipatutakoez gain, iragarri zen Eibarko hautagaitza onartu dela UNICEFek sustatutako 2026ko Haurren Lagun den Hiria aitortzarako. Umeek zein politikariek ilusioz hartu zuten albistea. Alkateak nabarmendu zuen garrantzitsuena ez dela aitortza bera, horretarako egin beharreko bidea baizik. “Prozesu honek behartu egiten gaitu politikak haurrengan zentratzera, haien parte-hartzea, segurtasuna eta eskubideak bermatuz, eta, haientzako inguru seguruak sortuz”.