Aurten ere Udaleko Ingurumen Sailak Gabonetako Bigarren Eskuko Azoka antolatu du
Jarduera Errebal Plazan egingo da abenduaren 13an eta haurrentzako bi tailer antolatuko dira, material birziklatuarekin Gabonetako apaingarriak egiteko. Azokan parte hartzeko erreserba egin behar da aldez aurretik, eta izena emateko epea azaroak 27an hasiko da.
Udaleko Ingurumen sailak, abenduaren 13an, bigarren eskuko objektuen azoka antolatuko du aurten ere, objektuek bigarren aukera bat izan dezaketela eta beste pertsona batzuek berrerabil ditzaketela kontzientziatzeko.
Opariak nagusi diren urte-sasoi honetan, gehiegi kontsumitu gabe eta aukera jasangarriago batzuez baliatuta ere goza daiteke Gabon jaiez. “Bigarren eskuko azoken bidez, oso egoera onean dauden jostailuak eta beste objektu batzuk aprobetxa daitezke etxekoei eta gertukoei oparitzeko. Horrela, murriztu egingo da planetan utziko dugun arrastoa eta ingurumenarekin arduratsuago jokatuko dugu” azaldu du Eva Juez Garmendiak, Ingurumeneko zinegotziak.
Azokaz gain, haurrentzako bi tailer eskainiko dira Gabonetako apaingarriak sortzeko material birziklatuekin. Tailerretako bat 3 eta 6 urte bitarteko umeentzat da; bestea 7 urtetik gorakoei begira antolatu da.
Tailerrak 11:30ean hasi eta 14:00ak inguruan amaituko dira, eta 25 minutuko iraupena izango dute. Plazak mugatuak direnez, bost txanda egongo dira aukeran, 11:30etik 13:30era arte. Txanda Errebalen bertan erreserbatuko da azoka-egunean.
Erabilitako gauzak saltzeko bi aukera daude: lehenengo aukera da postu bat (mahai bat) erreserbatzea, bakoitzak nahi dituen objektu erabiliak saltzeko. Bigarren aukera da erabilitako salgaiak gordailu-zerbitzuan uztea (gehienez 10), eta antolaketa-taldea arduratuko da saltzeaz. Horretarako, saldu nahi diren objektuak larunbatean bertan eraman behar dira, abenduak 14, 9:00etatik 10:00etara bitartean.
Gauza horiek gordailu-zerbitzuan geratuko dira erregistratuta, saltzaileak egoki deritzon prezioarekin, eta salgai jarriko dira. Gehienez ere 10 objektu laga ahalko dira, eta egoera onean egon beharko dira. Kasu honetan, ez da onartuko arroparik, erabilitako osagarririk, tamaina handiko objekturik... Laga ahalko diren gauzak: liburuak, musika eta zinearekin lotutakoak (diskoak, CDak, DVDak…), kiroleko artikuluak, apaintzeko materiala, Gabonetako apaingarriak eta tamaina txikiko etxeko tresnak. Antolaketaren taldea arduratuko da artikuluak zaindu eta saltzeaz, merkatua zabalik dagoen bitartean.
Azoka ixtean, 14:00etan, saltzaileak azokara itzuliko dira salmentaren dirua edo saldu ez diren artikuluak jasotzera.
Salmenta-postu bat eskatzeko (mahai bat), nahitaezkoa da aurrez erreserba egitea eta adin nagusikoa izatea. Zita 943 670 249 telefonora deituz edo honako estekan dagoen formularioa betez hartuko da: www.merkabi.eus/eibar. Izena emateko epea bihar, azaroak 27, irekiko da, eta zabalik egongo da abenduaren 11ra arte (biak barne).
Eibarko Udalak 2019an antolatu zuen lehen aldiz Gabonetako Bigarren Eskuko Azoka, eta, harrezkero, urtero egiten da, Gabonetan ez ezik, baita ekainean eta irailean (bizikletak) ere. Parte-hartzeari dagokionez, azpimarratzekoa da Gabonetako Bigarren Eskuko Azokako parte-hartzea beti handia dela. 2024ko azokan 33 lagunek jarri zuten beren salmenta-postua (2023an 32k), eta, 22 herritarrek utzi zituzten objektuak gordailuko salmenta-zerbitzuan (2023an 24k).
“Bigarren eskuko merkatu hauen antolaketaren eta “Berrerabili eta Berrasmatu” tailerren programaren bidez, herritarren artean beste herrialde batzuetan errotuago dagoen berrerabilpen-kultura sustatu nahi da, gure planeta hainbeste kutsatzen duten hondakinen sorrera prebenitzeko. Merkatu honen helburua da eibartarrok “Ekonomia Zirkularra”ren beste kate-begi bat bihurtzea, eta aukera ematea behar edo nahi ez ditugun objektuak erosteko eta, hala, bigarren bizitza bat eskaintzeko” adierazi du Eva Juezek.
Bigarren eskuko azoka hau egiteko, Udalak dirulaguntza bat du, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamenduarena.