Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak 120 leku berri jarri ditu bizikletak aparkatzeko eta beste 49 patineteentzat

Errebal Plazan kokatutako bizikleta-aparkalekuaren irudia.

Errebal Plazan kokatutako bizikleta-aparkalekuaren irudia.

2023/07/10

Plaza berri hauek hirian dauden beste 93ei gehitu zaizkie, horietatik 42 Udalak instalatutakoak 2017an, eta Eibarko hainbat eremutako 15 aparkalekutan daude banatuta. Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planean (KEJEK) jasotako konpromisoei erantzuten die jarduera honek, konpromiso horietako bat hirian garraio publikoaren eta motorrik gabeko ibilgailuen erabilera bultzatu eta sustatzea baita.

Eibarko Udalak jasangarritasunaren aldeko apustua indartu nahi du, hiriko bizikleta-aparkalekuen zuzkidura handituz. Horretarako, bizikletentzako eta/edo patineteentzako 60 aparkaleku berri jarri ditu, 120 bizikleta aparkatzeko tokia suposatzen dutenak.  

Klima eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planaren (KEJEK) ildo estrategikoen garapenean txertatutako ekimenetako bat da, eta modulu finkoak instalatzean datza, alderantzikatutako U baten itxura dutenak. Modulu horiek hiriko eremu desberdinetan banatutako 20 puntutan jarri dira, eta ordura arte zeuden beste 15 puntuei gehitu zaizkie.

Aparkatzeko arkuen edo aparkaleku-plazen kopurua eta birkarga-puntuak zehazteko orduan kontuan hartu dira zailtasun teknikoak, espazio erabilgarriaren ezaugarriak eta eremuen kokapena.  Horregatik, ohikoena aparkaleku bakoitzak lau modulu eta, ondorioz, 8 bizikletentzat tokia izatea bada ere, hori aldatu egiten da aipatutako irizpideen arabera. Adibide gisa: Errebalgo plazaren aparkalekuan 4 moduli daude (zortzi plaza); Portaleren ondoan dagoenak, berriz, modulu bat dauka (bi plaza):

Aparkalekuen kokapenari dagokionez, Udalak kontuan hartu ditu bai jende kopurua bai ahalik eta hiri eremu handiena hartzea ere. Horrela, herritar asko biltzen den lekuak lehenetsi dira, hala nola eskolak, merkataritza-, osasun-, kultura- eta kirol-zentroak; eta, horrez gain, Eibarko auzoetan banatzen saiatu da Udala, eremu bakoitzak bere bizikleta-aparkalekuak izan ditzan. Gainera, orain arte herritarren aldetik jasotako eskaerak ere aintzat hartu dira.

Horrela, motorrik gabeko ibilgailuen erabilera sustatzeko ekimen honen bidez, Eibarrek gaur egun bizikletak eta patineteak aparkatzeko 213 plaza ditu, hiriko 35 puntutan banatuak. Gainera, azpimarratu beharra dago horietako hiru kokapenetan piktograma bat jarriko dela lurrean, bertan zama-bizikletek aparkatu daitezkeela adierazteko.

Jon Iraolak nabarmendu duenez, “Eibarko Udaletik lanean jarraitzen dugu hiria gero eta atseginagoa izan dadin bizikletaz edo motorrik gabeko beste edozein ibilgailuz joan nahi duten pertsonentzat. Horren adibide dira hirian eraikitako bidegorriak eta Eibarren herri barruan 30 km/h-ko muga ezartzea; horri esker, bizikletak errepide horietan zirkulatzeko aukerak erraztu egiten dira.  

Ildo horretatik, Iraolak gogorarazi du “ekintza hauek garraio jasangarria sustatzera eta Eibarren, 2030erako, berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak % 55 murriztera bideratuta daude, hori baita KEJEK planari atxikitzeko hartutako betebeharretako bat”.

Gogoratu behar da KEKEJ plana Udalak aurtengo urtarrilean onartu duen  ekintza-plan bat dela, eta plan horretan berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko hainbat neurri eta jarduera-ildo jasotzen direla. Eibarko Udalak, Europako Batzordearen ekimenez sustatutako Klima eta Energiarako Alkateen Itunari atxikitzean borondatez hartutako konpromisoaren ondorio da.

Jarduera honetarako, Gipuzkoako Foru Aldundiko Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako departamentuaren dirulaguntza jaso da.