Pertsona nagusien arreta izan da Udaleko gizarte zerbitzuetako lehentasunetako bat azken lau urteotan

Pertsona nagusien arreta izan da Udaleko gizarte zerbitzuetako lehentasunetako bat azken lau urteotan

Eibarko Udaleko Gizartekintza Arloa.

2019/05/16

Sailak, gainera, pertsona nagusiek eta egoera zailean daudenek jaso ditzaketen dirulaguntzen zerrenda luze bat eskaintzen du.

Eibarko Udalak pertsona nagusiengan jarri du arreta; hala erakusten dute biztanleria-sektore horren bizi-kalitatea hobetzeko egindako jarduera eta politika ugariek.  

Miguel de los Toyos alkatearen hitzetan, “Gizartekintza saila gure lehentasunetako bat izan da agintaldi honetan, eta horren erakusgarri da Eibar saritu izana Estatu mailan inbertsio sozial gehien egiten duen laugarren hiri bezala, nabarmen utziz herri solidario, konprometitu, abegitsu eta integratzailea dela, herritar guztiei arreta ematen ahalegintzen dena”.

Pertsona nagusien eskariei erantzuteko, Udalak, dagoen premiaren jakitun, laguntza teknikoak jarri ditu martxan (oheak, garabiak, aulki artikulatuak), mendekotasuna duten pertsonek ez dezaten hilabeteetan itxaron beharrik izan Diputazioak materiala eman arte. Gainera, Udalak “Eibar Lagunkoia” diagnostikoa egin du pertsona nagusientzako herri atseginagoa egiteko. Halaber, martxan jarri da kolektibo horrentzako aholkularitza juridikoa. Aurrerapen horiek guztiak Eibarko pertsona nagusiek jaso ditzaketen laguntzen zerrenda luzeari gehitu behar zaizkio

Halaber, Udalak urte hauetan guztietan Bizturekin, Nagusien Kontseiluarekin eta Jubilatu Egoitzekin jardun du lankidetzan, haien beharrizanak lehen eskutik ezagutzeko; hobekuntzak egin dira Ipuruako Jubilatuen Etxean eta, aurten, Beheko Tokikoak eta Untzagakoak konpontzen hasiko dira. Orobat, martxan jarri da nagusientzako udalekuen programa aitzindaria; Udalak lagundu egin dio Eibarren egindako Jubilatuen I Martxari; eta Jubilatuen egoitzei % 20 handitu zaie dirulaguntza.

Bestetik, Gizarte Zerbitzuen arloan egin diren udal jarduerei dagokienez, agintaldi honetan, ‘Eibarko Diagnostiko Soziala’ landu da, alegia, herriko eskari sozialei aurre egiteko ibilbide-orria. Beste neurri batzuk ere landu dira, esaterako, genero-indarkeriaren biktimak hartzeko udalaren beste pisu batzuk eraberritzea, Eguneko Zentro bat sortzeko proiektua eta dagoeneko errealitate diren pisu tutelatuak I mailako mendekotasuna dutenentzat.

Urte hauetan Udalak bultzatutako beste neurri batzuk izan dira langabeentzako edo pentsionistentzako dirulaguntzak handitzea, edo Haurrentzako eta Nerabeentzako I Plana martxan jartzea; bestalde, Etxeko Laguntza Zerbitzua indartu egin da. Gizarteratze Programak ere aurrekontu handiagoa izan du. Udalak, gainera, ekarpen bereziak egin ditu, 500.000 euro ingurukoak, Gizarte Larrialdietarako dirulaguntzen eskariari erantzuteko, Eusko Jaurlaritzak (gaian eskumena duena) jarri beharreko baliabideak urriak izan baitira.

Bestetik, Elikagai Bankuarekiko lankidetzak aukera eman du banaketak egiteko lokal bat egokitzeko, laguntza bat sortzeko baliabide urriko familien seme-alabek elikadura egokia izan dezaten eskoletako jangelak itxi ondoren, eta Udalak ere elikadura-lote oinarrizkoak banatu ditu, haurrentzako kit-ak, jostailuak eta eskolako materiala.  

Elkarbizitza eta integrazioa ere oso presente egon dira udal agendan. Immigrazio sailak jarraitu du sentsibilizazio-programak egiten, 'zurrumurruen’ aurkako tailerrak, harrera-programak edo hizkuntza-programak, eta % 40 gehitu dira irabazi asmorik gabeko elkarteei ematen zaizkien dirulaguntzak. Gainera, Eibarrek jarraitzen du udal aurrekontuaren % 1 bideratzen herrialde pobretuen garapenerako lankidetza-proiektuei laguntzeko, eta hirukoiztu egin da sentsibilizazio-programei bideratutako partida.