Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Jarduera fisikoa sustatzeko Wellk app-ak 500 erabiltzaile baino gehiago lortu ditu bere lehen hilabetean

 ‘Antxitxika Eibar’ proiektuaren irudia.

‘Antxitxika Eibar’ proiektuaren irudia.

2022/05/18

Lehen erronkan, apirilaren 7tik 30era bitartean, 354 pertsonak hartu zuten parte eta hiru mailak desblokeatzea lortu zuten; guztien artean, aurreikusitako 6.600 kilometroak egin zituzten.

Mugikorrerako aplikazio berriak —eibartarren artean jarduera fisikoa sustatzea eta bultzatzea helburu duen Antxitxika Eibar proiektuaren barruan kokatua— 500 erabiltzaile aktibo inguru lortu ditu martxan jarri zenetik, eta Wellk app-aren 600 deskarga baino gehiago egin dira; 354 pertsonak parte hartu dute lehen erronkan eta horietatik % 80 baino gehiago eibartarrak dira. Gainera, emakumeen parte-hartzea gizonena baino handiagoa izan da, zehazki, % 51.

Bitxikeria gisa, nabarmentzekoa da 1.800 jarduera baino gehiago eta 26 kirol desberdin erregistratu direla: paseatzea (1220 jarduera), korrika egitea (146 jarduera) edo txirrindularitza praktikatzea (133 jarduera) izan dira eibartarrek gehien egin dituzten kirolak. Eta, jarduera guztien artean, 13.000 kilometro inguru egin dira.

Proiektuaren lehen fase honetan, egindako lehen balantzearen arabera, 6.900 erabiltzaile baino gehiagorengana iritsi da kanal desberdinen bidez (Instragam, Facebook, Youtube, Twiter eta idatzizko prentsa) eta sortutako bideoa 6.926 lagunek ikusi dute.

Jon Iraola alkateak oso positibotzat jo ditu datu horiek, eta hauxe adierazi du: “Aplikazio honek aukera ematen du Eibarren kirola egiteko dauden zerbitzu publiko eta pribatu guztiak ikusarazteko, eta, aldi berean, herritarrak jarduera fisikoren bat egitera bultzatzen ditu, taldeko erronketan inplikatuz. Orain, lortu behar duguna da app honi esker kirola egiten hasi diren pertsonek egunero egiteko ohitura hartzea.”

Eibarko Udalak, Wellk Star-uparekin eta BIC Gipuzkoaren lankidetzarekin, ‘Antxintxika Eibar’ egitasmoa jarri zuen martxan, eibartarren artean jarduera fisikoa sustatzeko.  Mugikorrerako aplikazio bat da, Welk izenekoa, sozializazioa sustatu eta herritarrei kirola modu pertsonalizatuan eta berritzailean egiteko tresnak ematen dizkiena.

Erronka birtual bat da, udalerrian egingo diren hainbat ekintzarekin konbinatzen dena, online eta off line bateratuz, mugikortasun aktiboa, jasangarritasuna eta bizimodu osasungarria sustatze aldera.

Programatutako lehen jarduera gisa, eta Osasunaren Mundu Egunarekin bat eginez, apirilaren 7an erronka bat jarri zen  abian, ‘Gure planeta, gure osasuna’ lelopean, zeinean herritar guztien kilometroen batuketaren bidez, erronkaren hiru mailak desblokeatu behar ziren eta, horrela, udalerriko hainbat eragilek emandako 11 sari baino gehiagoren zozketan parte hartu.

Apirilaren 7an 60 lagun baino gehiago bildu ziren Untzaga plazan egun berezi hori ospatzeko, eta erronkaren lehen kilometroak egin zituzten, paseo bat emanez Eibarko kaleetatik.  Egun horren ostean, egin da zozketa parte hartzaileen artean eta hasi dira Udalera etortzen sariak jasotzera.

Apirilaren 7tik 30era bitartean, lehen erronka egin zen eta lortu zen erronkaren hiru mailak desblokeatzea; parte-hartzaile guztien artean desafioaren 6.000 kilometroak egin ziren.

Eibarko Kirolaren Plan Estrategikoa (2017-2027)

Proiektu honek aukera ematen du 2017-2027ko Eibarko Kirolaren Plan Estrategikoan jasotako helburuetan urrats berriak egiteko, ahalbidetzen duelako aurrera egitea zerbitzu berritzaileak eta Eibarko herritarren beharretara hobeto egokituagoak eskainiz, kirola hiriaren nortasun-ezaugarri gisa indartuta.

Zehazki, aplikazioak Eibarren antolatutako kirol-jarduerak gomendatzen dizkie erabiltzaileei, kirol-planak egiteko pertsonak bilatzea ahalbidetzen du, lagunekin ligak sortzea eta erronka komunitarioetan edota indibidualetan parte hartzea, eta, horrela, hainbat sari lortzea. 

Aplikazioan sartzean, erabiltzaileek Eibarren eskaintzen diren kirol-zerbitzu guztiak ezagutu ahal izango dituzte. Halaber, erregistratu ahalko dira, beren datu pertsonalak emanez, egiten duten jarduera mota edo egin nahiko luketena adieraziz, beren beharrak azalduz edo duten ordutegi-aukera. Aplikazioak informazioa emango die eta banan-banan gomendatuko zer jarduera egin dezaketen, non eta nola, eta zer ordutegitan.

Plataforma berrian Eibarko kirol-eragile guztiek hartzen dute parte, bai Udaleko kirol-instalazioek bai kirol-klub, gimnasio edo kirolari lotutako beste erakunde batzuek ere; guztira hogeita hamar bat elkarte.

Hala, plataforma hau aukera bat da kirol-klubentzat eta kirolarekin lotura duten herriko gainerako elkarteentzat; izan ere, talde horiek ematen dituzten jarduerak ezagutzera eman ditzake eta herrian kirola egitea sustatu. Halaber, aplikaziotik erronkak proposatu ahalko dira, bai Udaletik bai kluben bidez.