Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

"II. Jardunaldia: Komunikazioa eta Gardentasuna administrazio publikoetan": izena emateko epea ostegun honetan, azaroak 16, amaituko da

2023/11/13

Azaroaren 23an Eibarko Coliseo Antzokian (09:00-13:45) egingo den ekitaldira joan nahi dutenek Udalaren webgune honetan (www.eibar.eus) eman beharko dute izena formulario labur bat betez.

Azaroaren 23an, 09:00etatik 13:45era, Eibarko Coliseo Antzokian egingo den "II. Jardunaldia: Komunikazioa eta Gardentasuna administrazio publikoetan"  ekimenean izena emateko epea datorren ostegunean, azaroak 16, amaituko da. Horretarako, interesa duten pertsona edo erakundeek formulario bat bete beharko dute Udalaren webgune honetan: www.eibar.eus.

Ekimen honekin lortu nahi dena zera da: administrazio publikoek komunikazio eta gardentasunaren alorrean duten eginkizuna ezagutaraztea, eta, halaber, erakunde publikoei gai horietan hobetzeko soluzioak proposatzea.

Aurtengo jardunaldian, besteak beste, honako gai hauek landuko dira: komunikazio digitala, krisi-egoeren komunikazioa, marka-irudia, webguneen irisgarritasuna, analitika digitala, gobernu ona, gardentasun aktibo eta pasiboa, eta salaketa-kanalak. Ekitaldia sektore publikoko komunikazio-arloko profesionalei eta, oro har, administrazio publikoko langileei dago zuzendua, bai eta komunikazio instituzionalean eta marketinean aditu direnei, komunikazio, kazetaritza edo antzeko graduko ikasleei, edo gaian interesa duten komunikabideei ere.

Jardunaldiaren egitaraua sei hitzaldik osatzen dute eta hizlariak (Óscar Cortés Abad, Malen Illarramendi Beitia y Jone Amonarriz Zubeldia, Arantxa Hernández López, Iñaki Gorostiza Esquerdeiro, Goizeder Manotas Rueda eta Haritz Ugarte Aizpuru, eta Koldobike Uriarte Ruiz de Eguino) komunikazio korporatibo eta instituzionalean, marketin digitalean eta gobernu onean diharduten profesionalak izango dira. Amaieran mahai-inguru bat egingo da hitzaldi bakoitzaren ideia nagusiei buruzko azterketa eta hausnarketa egiteko; jardunaldia 09:15ean hasi eta 13:45ean amaituko da.

Jardunaldia streaming bidez ere ikusi ahal izango da Udalaren YouTube kanalaren bidez eta aldibereko itzulpen zerbitzua eskainiko da, Coliseora bertaratzen direnentzat zein ekitaldia Internet bidez jarraitzen dutenentzat.

Halaber, sare sozialetan jardunaldiaren zabalkundea egiteko #EibarKomunika traola erabiliko da, 2021ean egin zen bezala.

Bideoa: "II. Jardunaldia: Komunikazioa eta Gardentasuna administrazio publikoetan" ekimenean parte hartuko duten hizlariak