Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren aurrerapen-proposamenaren dokumentua jendaurrean jarri da

Errebal Plazia funtzio anitzeko eraikinaren plaza estalian jarritako azalpen-panelen irudia.

Errebal Plazia funtzio anitzeko eraikinaren plaza estalian jarritako azalpen-panelen irudia.

2022/01/18

Eibartarrek webgunean kontsultatu ahal dute edo haren laburpen bat ikusi Errebal Plazia eraikinean jarritako paneletan; gainera, otsailean hiru informazio-saio ireki egingo dira herritarrentzat dokumentua aurkezteko. Dokumentua udal ordezkariek eta eragile sozial eta ekonomikoek egindako bileren emaitza da, bai eta herritarrek betetako inkestari egindako ekarpenen emaitza ere.

Eibarko Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren (HAPO) berrikuspenaren aurrerapen-proposamena jendaurrean jarri da dagoeneko. Dokumentu hori diagnostiko- eta partaidetza-prozesuak egin ondoren idatzi da.

Horrela, nahiz eta legeak behartu horrelako dokumentuak herritarrei gutxienez bi hilabetez erakustera iradokizunak eta alternatibak aurkeztu ditzaten, Eibarko Udalak erabaki du Aurrerapenaren proposamena jendaurrean jartzeko epea hiru hilabetekoa izatea, eta, horrela, apirilaren 11ra arte egin ahal izango dira ekarpenak.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “Garatzen ari garen Plan Orokorraren berrikuspen-lanak garrantzi berezia du, nahi dugun herria gauzatzeko orduan zeharkako eragin handia baitu. Horregatik, prozesu honen hasieratik, elkarlanean jardun dugu arlo ezberdinetako herriko eragileekin eta, aldi berean, eibartarren parte hartzea ere bultzatu nahi izan dugu. Orain hasten den fase berri honek beste aukera bat dakarkigu nahi dugun herria elkarrekin diseinatzen jarrai dezagun.”

Epe honetan, Aurrerapenaren dokumentua eta hasierako dokumentu estrategikoa eskuragarri egongo dira udal webgunean (www.eibar.eus), bai eta HAPOren berrikuspenaren webgunean ere (www.planorokorra-eibar.eus). Halaber, modu presentzialean kontsultatu daiteke Hirigintzako udal saileko bulegoetan.

Bestalde, Errebal Plazia funtzio anitzeko eraikinaren plaza estalian azalpen-panel batzuk jarri dituzte, zazpi guztira, zeinetan Aurrerapenaren edukia, laburbilduta, kontsultatu daitekeen. Panel horietan, modu bisualean, HAPO berriaren proposamena zehazten da.

Horren osagarri, otsailean, Hiri Antolamendurako Plan Orokorra idatzi duen taldeak azalpen-hitzaldi batzuk emango ditu. Lehenengo saioa otsailaren 1ean izango da Armeria Eskolan; bigarrena otsailaren 8an, Coliseo antzokian; eta hirugarrena otsailaren 15ean Beheko Tokian.

Hitzaldi guztiak 18:00etan izango dira, eta edukiera murriztua edukiko dute, indarrean dauden osasun-neurriak betez. Gainera, beste azalpen osagarriren bat nahi duten pertsonek hitzordua eskatu ahalko dute Plana idatzi duen taldearekin bilerak izateko. Hitzordu horiek HAPOren berrikuspenaren webgunearen bidez (www.planorokorra-eibar-eus) eskatu ahal izango dira.  

Aurrerapen-proposamenaren dokumentuari buruz egin nahi diren iradokizun eta alternatibak ohiko administrazio-bideetatik aurkeztu beharko dira, alegia, tramitazio elektronikoaren bidez edo udal webgunearen bidez (www.eibar.eus), edo modu presentzialean Pegorako bulegoetan.

Eibarko egungo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra indarrean dago 2008az geroztik. Bi laurtekotan banatua, haren indarraldia, beraz, 2016. urtean amaitu zen, eta, horregatik ekin zitzaion berrikusteari. Lehen fasean, bilerak egin ziren herriko eragile sozial eta ekonomikoekin. Eta, gero, herritarrek aukera izan zuten proposamenak aurkezteko inkesta baten bidez, zeinean 274 pertsonak parte hartu zuten.

Fase horietatik ateratzen den dokumentuak aukera emango du Eibarko hirigintzaren garapena hurrengo urteetan planifikatzeko.