Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Gazteek etxebizitzak alokatzeko egindako eskaeretan, hogeita hamar bat onartu ditu Udalak

2018/10/08

Gazte bakoitzeko batezbesteko diru-laguntza 150 euro dira hileko. Eskaerak aurkezteko epea azaroaren 16an amaitzen da.

Eibarko Udalak 18 eta 35 urte bitarteko eibartar gazteek etxebizitzak alokatzeko hogeita hamar eskaera onartu ditu oraingoz, aurtengo deialdia martxan jarri zenetik; epea zabalik egongo da azaroaren 16ra arte. Orain arte egindako 39 eskaeretatik, hogeita hamar bat onartu ditu jada Udalak (zehatzago 28); hiru ukatu dira, ez betetzeagatik balizko onuradunen diru-sarrerei buruzko baldintza, eta beste sei ebazteko zain daude.

Udalak gazte bakoitzari ematen dion dirua batez beste 150 eurokoa da hilean. Kontuan eduki behar da udalaren laguntza aldatu egiten dela gazte onuradunen diru-sarreren arabera; diruz lagundu daitekeen gutxienekoa % 10 da, eta, gehienekoa, % 50, eta inolaz ere ezingo da 600 euro baino gehiagoko laguntza izan hilean. Gainera, gazte batek berak bakarrik etxebizitza bat alokatu eta diru-laguntza eskatu badezake ere, badira beste eskaera batzuk non alokairuak pertsona batzuen artean egiten diren. Aurtengo deialdietan onartutako aldaketa batean zehazten denez, nolanahi ere, kasu horietan ezingo dute 250 eurotik gorako diru-laguntzarik jaso.

Hogeita hamar eskaera horiei erantzuteko Udalak onartutako zenbatekoa 47.380 eurokoa da oraingoz; dena den, epea oraindik ez da amaitu, eta baliteke eskaera gehiago onartzea.

Diru-laguntza hauek helburu bikoitza dute. Batetik, hutsik dauden etxebizitzak alokairuko merkatuan jartzea, eta, bestetik, gazteen emantzipazioa laguntzea. Udalaren diru-laguntza hauek jasotzeko, baldintza batzuk bete behar dira.  Lehenik, alokatutako etxebizitzan bizi diren bizikidetzako unitateko kide guztiak 18 eta 35 urte bitartekoak izan behar dira, salbu eta mendekotasunen bat duten adin txikikoak badira. Bizikidetzako unitateko kide bakar batek ere ez du izan behar jabetzako etxebizitzarik, ez azalera-eskubiderik edo gozamen-eskubiderik. Azken puntu horretan, salbuespen izango dira bananduta edo dibortziatuta dauden pertsonak, genero-biolentziaren biktimak, edo etxebizitzaren jabe izan arren, jabetzaren soila dutenak, gozamen-eskubidea beste bati dagokiolako.

Bizikidetza-unitateko partaideetako bat Eibarren erroldatuta egon beharko da, gutxienez 2 urte jarraian, deialdia argitaratzen denetik zenbatuta, edo gutxienez 5 urtez jarraian, azken 10 urteen barruan argitaratzen denetik zenbatuta.  Bizikidetza-unitatearen diru-sarrerak honako kopuru hau baino txikiagoak izan behar dira: 25.000 euro gordin urteko (kide bakarrak osatutako bizikidetza-unitateen kasuan); 39.000 euro gordin urteko (bi edo kide gehiago badira). Bananduta edo dibortziatuta dauden pertsonen kasuan, diru-sarrera guztien zenbatekoa guztira zenbat den kalkulatzeko, seme-alabengatiko mantenu-pentsioei dagozkien zenbatekoak eta hileroko hipoteka-kuotei dagokien zenbatekoak ez dira kontuan izango.

Beste baldintza batzuk hauexek dira: bizikidetza-unitateko inork ez du izan behar bigarren graduko odol-ahaidetasunezko edo ezkontza-ahaidetasunezko loturarik errentatzailearekin; bizikidetzako-unitateko kide guztiek izena emana izan behar dute, edo, izena emateko eskaera egina izan behar dute, Etxebide etxebizitza-eskatzaileen erregistro ofizialean; bizikidetza-unitateko kideetako inork  ez du jasoko  Etxebizitzarako Prestazio Osagarria, ezta antzeko beste  diru-laguntzarik; alokairu-kontratuak bizikidetza-unitateko kide guztien izenean egon behar du, baldin eta errentariek ez badute familia-unitate bat osatzen.

Ez da diru-laguntzarik emango honako kasu hauetako bat gertatzen denean: alokairu-kontratua 2016ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoa izatea; errentan jarritako etxebizitza sustapen publikoko babes ofizialekoa izatea, edo hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko programekin lotuta egotea (Bizigune), edo merkatu libreko etxebizitzen alokairurako bitartekaritza-programaren mende egotea (ASAP), edo antzekoak; alokairuen errentak deialdian adierazten diren kopurutik gorakoak izatea; alokatze-kontratua urtebetetik beherakoa izatea; edo diru-laguntza onartu aurreko azken 5 urteetan jarraian jaso izana.

Diru-laguntzaren zenbatekoari dagokionez, tarteen sistema bat ezartzen da eskatzaileen urteko diru-sarreren arabera, tarte bakoitzari portzentaje bat egokituz. Diru-sarrera gordinak urtean 0,00 eurotik 9.000,00 euro bitartekoak badira, diru-laguntza errentaren % 50 izango da; 9.001 eurotik 01-18.000,00 euro bitartekoak badira, diru-laguntza errentaren % 40 izango da; 18.001,00 eurotik 25.000,00 euro bitartekoak, diru-laguntza errentaren % 30 izango da; eta 25.001,00 eurotik 39.000,00 eurora bitartekoak, diru-laguntza errentaren % 20 izango da.