Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak sektore fotovoltaikoan enplegua sustatzeko programa bat jarri du abian lehen aldiz

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2023/09/07

Eguzki-instalazio fotovoltaikoak instalatzera eta muntatzera bideratuta dago eta 66 orduko iraupena izango du prestakuntza eta praktikak tartekatuz. Programa Eibarren erroldatuta dauden langabeei edo lan prekarioak dituztenei zuzenduta dago, eta izena emateko epea irailaren 11n hasi eta 29an amaituko da.

Eibarko Udalak lehen aldiz jarri du abian enplegua sustatzeko programa bat eguzki-instalazioen eta instalazio fotovoltaikoen muntaketaren arloan. Programa Armeria Eskola elkartearekin lankidetzan gauzatuko da, eta haren helburua da lanik ez duten edo lan prekarioa duten herriko pertsonei lan-merkatuan sartzen laguntzea, prestakuntza teorikoa eta praktikoa eskainiz goraka ari den sektore batean.

Vanessa Hortas Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotziaren hitzetan, «eguzki-plaka fotovoltaikoen instalazioaren eta muntaketaren arloan enplegua sustatzeko asmoz, Udaletik programa interesgarri bat abiarazi dugu, aukera emango duena praktikak sektoreko enpresetan egiteko, prestakuntza espezifikoa jasotzeko eta sektoreko enpresekin jardunaldiak egiteko».

«Sektore fotovoltaikoa izugarri hazten ari da azken urteotan. Indartzen ari den sektore bat da enplegurako aukera berriak eskaintzen dituena», adierazi du Hortas-ek.

Programak, sei hilabetetan zehar garatuko dena, eguzki-plaka fotovoltaikoak instalatzeko eta muntatzeko prestakuntzaren atal bat du, 66 orduko iraupenarekin, eta 100 orduko praktikak enpresetan; halaber, jardunaldi bat egingo da sektoreko enpresekin eta laguntza eskainiko da lan-merkatuan sartzeko.

Programan parte  hartzeko baldintzak hauexek dira: langabezian egotea edo lan prekarioa edukitzea, Lanbiden izena emanda egotea, eta gaztelaniaz idatziz eta ahoz ulermen-maila egokia izatea. Lan prekariotzat hartzen dira urtebetetik beherako iraupen mugatuko kontratuak, lanaldi partzialeko kontratuak eta 1.000 eurotik beherako hileko ordainsari garbia duten kontratuak, aparteko ordainsarien hainbanaketa barne. Gainera, positiboki baloratuko da elektrizitatearen arloan esperientzia profesionala edota ezagutzak izatea, eta, programa hasi aurretik, parte-hartzaileak hautatzeko prozesu bat egingo da.

Izena emateko epea datorren astelehenean, irailak 11, irekiko da eta irailaren 29an amaitu. Aurkeztu beharreko agiriak hauexek izango dira: NANa edo agiri baliokidea, Lanbidek emandako inskripzio-aldien txostena, lan-bizitza edo curriculum vitae eguneratua.  Legezko ordezkaritzaren kasuan, legezko ordezkariaren NANa edo agiri baliokidea ere aurkeztu beharko da, bai eta ordezkaritzaren agiri bidezko egiaztagiria ere. Ez da beharrezkoa izango ordezkaritza Gipuzkoako Foru Aldundiaren legezko ordezkaritzaren erroldan erregistratuta badago.

Izena aurrez aurre eman ahal izango da Pegoran (Herritarrentzako Zerbitzuaren Bulegoa), eta interesduna edo haren legezko ordezkaria joan beharko da bertara. Izapidea elektronikoki egiteko, ziurtagiri digital bat eduki behar da (B@K-Q, NAN elektronikoa, IZENPE txartela, etab.)