Eibarko Udalak martxan jarri du Klimarako eta Energia Jasangarrirako Eibarko Ekintza Plana lantzeko prozesua
Eibarko Udalak martxan jarri du Klimarako eta Energia Jasangarrirako Eibarko Ekintza Plana (KEJEP) lantzeko prozesua; haren bidez, besteak beste, % 40 murriztu nahi ditu CO2 isuriak 2030. urterako.
Plana lantzeko prozesua orain hasi eta uda amaiera arte luzatuko da; planak energia-eraginkortasuneko neurriak jaso beharko ditu eta haien bidez energia aurreztea, energia berriztagarriak txertatzea eta udalerriko erresilientzia eta klima-aldaketara egokitzea ahalbidetuko da. Neurri horiek guztiak Eibarko sektore guztiei zuzenduta daude, Toki Administraziotik bertatik hasita.
Udalak bere energia-kontsumoa %35 murriztu nahi du eta energia berriztagarriak sortzeko gaitasuna handitu, EAEko Jasangarritasun Energetikoari buruzko 4/2019 Legearen baldintzak betez.
Europako Itun Berdearen printzipioekin eta 2030 Agendaren Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat etorriz, Udalak modu justu eta integratzailean ekin nahi die klimaren eta trantsizio energetikoaren aldeko ekintzei, inor atzean utzi gabe.
Horretarako, udalerriko herritarrak, elkarteak eta eragile sozial eta ekonomiko guztiak inplikatu nahi dira plana egiteko prozesuan. Helburu horrekin, Udalak inkesta bat jarri du online udalerriko herritar guztien eskura, zer iritzi duten eta zer gai lehenetsi behar diren jakiteko. Inkesta gaurtik, martxoak 5, apirilaren 11a arte (egun hori barne) bete ahalko da.
Gainera, herritarrentzako eztabaida-saio bi egingo dira gai horiek aztertzeko. Proiektu honi buruzko informazioa, aipatutako inkesta eta aurrerapen guztiak aldiro-aldiro argitaratzen joango dira Udalaren webguneko (www.eibar.eus) Ingurumen atalean.
2020ko martxoan, Udalak bat egin zuen "Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunarekin", non konpromisoa hartu zuen udalerriaren deskarbonizazioa bizkortzeko, klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko haren gaitasuna indartzeko, eta eibartarrek energia segurua, jasangarria eta eskuragarria eskura dezaten lortzeko.
Jon Iraola Eibarko Udaleko Ingurumen zinegotziaren esanetan, “Eman beharra daukagu pauso hau. Ingurumen Sailak 2018an onartutako Ekintza Planak aurreikusten zuen premia zegoela energiarako ekintza-plan bat eta klimarako beste plan bat egiteko; eta, hortaz KEJEParekin, biak sartzen ditugu. Nolanahi ere, urte batzuetatik hona, Udala jada “Itunerantz zuzenduz” ekimenari atxikita zegoen, eta jada denbora generaman arlo horretan lanean”.
Modu horretan, Eibarrek bete egingo du Klimaren eta Energiaren aldeko Alkateen Itunari atxikitzean hartu zuen konpromisoa. Ekimen horrek 57 herrialdetako 7.000 toki-erakunde baino gehiago biltzen ditu, eta partaideek beren borondatez hartzen dute konpromisoa Europar Batasuneko klimaren eta energiaren arloko helburuak ezartzeko.
Plana egiteko, Eibarko Udalak Eusko Jaurlaritzako Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailaren dirulaguntza bat du, garapen jasangarria sustatzeko ekintzak egiten dituzten toki-erakundeei laguntzekoa.
ADOS euskal aholkularitza-taldea eta INERGY enpresa katalana izango dira Plana idazteaz arduratuko direnak.
Horrela dio Iraolak: “ezinbestekoa da karbono gutxiko energia-eredu baterantz aurrera egitea eta udalerria klima-aldaketara egokitzea sustatzea. Alderdi hori ere kontuan hartu beharko da, esate baterako, Hiri Antolamenduko Plan Orokor berria egiteko prozesuan, eta dagoeneko Udala ari da lanean plan horren Aurrerapenean”.