Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko oroimen historikoarekin lotutako argazkiak ikusgai eraikin ezberdinetan

Eibarko oroimen historikoarekin lotutako argazkiak ikusgai eraikin ezberdinetan

SD Eibarko presidente ohia, Juan Luis Mardaras; Gizartekintzako Zinegotzia eta Ego Ibarrako Batzordeburua, Idoya Sarasqueta; eta SD Eibar Fundazioaren arduradun Jon Arregi.

2017/12/18

Guztira, neurri handiko sei argazki jarriko dira herriko hainbat tokitan. Ego Ibarra batzordearen aurtengo lan-plangintzan herriaren memoria bisuala indartzea zen xede.

Eibarko hainbat tokitan argazki handiak ipini dituzte gaur astelehena, abenduak 18, herriaren memoria bisuala indartzeko xedearekin. Horretarako, Untzagako Jubilatu Etxearen aurrealdean, Ipuruako futbol zelaiaren sarreran eta Karmengo elizaren ondoan hiru argazki handi jarri dira. Ego Ibarra batzordearen proiekturik garrantzitsuena da ekimena aurten; prentsaurrekoan aurkeztu dute Gizartekintzako Zinegotzia eta Ego Ibarrako Batzordeburu Idoya Sarasquetak; SD Eibar Fundazioaren arduradun den Jon Arregik eta SD Eibarko presidente ohi, Juan Luis Mardarasek.

Hiru argazki handi jarri dira

Untzagako Jubilatuen Etxeko fatxadan jarritako argazkia 1910 urte ingurukoa da eta herriaren bihotza edo Untzaga plaza ikusten da. Sasoi hartan Alfontso XIII. Plaza izena zuen eta musikako kiosko zaharra ikus daiteke, Beasaingo Udalari saldu eta gaur egun herri hartan dagoena. “La Marcial” Musika Bandak domekero jotzen zuen kiosko horretan. Argazki hori ere Udal Artxiboaren eskuetan dago, Castrillo Ortuoste Fondokoa hain zuzen ere.

Ipuruako estadioaren fatxadan ipini duten argazkian, berriz, “Eibar” emakumeen futbol taldearena da, Ipuruako zelaian bertan jokatzen zuen taldearena, hain zuzen ere; 1971. urtean ikastolen aldeko futbol partida jokatu zuten. Hauexek azaltzen dira argazkian: Vega Solas (atezaina), Marisol Lahidalga, Marivi Ocamica, Elena Perez, Elisabeth Aldalur, Judith Santos, Timo Treviño, Josune Sarasketa, Mertxe Baglietto, Marisa Gorrotxategi, Amelia Pintado, Almudena Urizar eta Conchi Alonso. Teknikariak gizonezkoak ziren: Mikel Iceta, Txemi Arregi eta Fito Saez. Argazkia Segundo Varela Petite argazkilari eibartarrena da.

Karmengo eliza aldameneko horman Urkizu aldeko 1960ko argazkia ikus daiteke: Orbea fabrika, txaleta, lorategiak eta elizatxoa hor agertzen dira; eskuman, Bittor Sarasketa aldea eta tren-geltokia, ‘estaziñoa”; ezkerrean, Urkizuko okindegia eta Lasa eta Azcoagaren fundizioa. Argazki hori Eibarko Udal Artxiboak ondo gordeta dauzkan milaka argazkietako bat da, eta Hirigintza eta Obra Funtsak bildumakoa dugu.

Urtarrilean, beste hiru argazki

Proiektuak SD Eibar Fundazioaren dirulaguntza jaso du eta aurrekontua 18.000 eurokoa da. Urtarrilean, lekuak ganoraz prestatu ondoren, beste hiru argazki jarriko dira Ermuko sarreran, Azitaingo gasolindegiaren ondoan eta Toribio Etxebarria kalean.