Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko eskoletako ia mila ikaslek parte hartu dute haurren aurkako abusua prebenitzeko programan

Eibarko eskoletako ia mila ikaslek parte hartu dute haurren aurkako abusua prebenitzeko programan

Haurren aurkako abusua prebenitzeko programaren irudia.

2019/06/20

Sei eskolatako ikasleek parte hartu dute, eta oso ondo baloratu dute bai irakasleek bai hezitzaileek baita Udalak ere.

Eibarko sei eskoletako ia mila bat ikaslek parte hartu dute haurren aurkako abusua prebenitzeko 2018-2019 ikasturtean Udalak martxan jarritako programan eta Eibarko Haurtzaro, Nerabezaro eta Familien I. Plana jasota dagoena; oso balorazio positiboa egin dute bai ikastetxeek bai hezitzaileek bai Udalak berak. “Tantaka, tabuak ipuinen bidez landuz” programan erakusketa ibiltari bat egin da ipuin baten ilustrazioetan oinarritua eta irakasleei formazioa eman zaie gida pedagogiko baten bidez.

Programan San Andres, Andra Mari, Urkizu, La Salle Isasi, Aldatze eta Amañako ikastetxeek parte hartu dute. Ikastetxe bakoitzean ipuinaren erakusketa antolatu da eta haietako bost eskolatan irakasleek gaiaren inguruko formazio espezifikoa jaso dute. Erakusketa bisitatu duten gelak Haur Hezkuntzako hirugarren urtetik Lehen Hezkuntzako seigarren urterainokoak izan dira, 486 mutil eta 420 neska.

Jardueraren balantzea egitean, hezitzaileek (Garaitza elkartekoek) azpimarratu dutenez, parte hartu duten irakasleek adierazi dute gai honen inguruan jasotzen zuten lehen formazioa zela; irakasleen jarrera oso irekia izan da eta planteatu dute era horretako saio gehiagoren beharra. Programaren lehen edizio honetan, bi ordu eta erdiko formazio bat eman da ikastetxe bakoitzean.

Ikastetxeek (53 irakaslek parte hartu dute, gehienak emakumeak) adierazi dutenez, jarduera erabilgarria izan da beldurrak adierazteko, neska-mutilak oso gustura egon dira programan, jarduerak balio izan du umeen arreta pizteko eta haien erreakzioa gaiaren aurrean ona izan da.

Ekimen honek, Gizarte Zerbitzuetako udal sailak eta Juan San Martin udal Liburutegiak elkarrekin antolatu dutena, eta haurren aurkako sexu-abusua jorratzen duena, oinarrizko tresna gisa erakusketa bat erabili du “Clara eta haren itzala" ipuinari buruzkoa, Elisenda Pascual i Martík idatzia eta Mercé Serra Vallsen ilustrazioekin, eta baita irakasleentzako gida didaktikoa ere. Erakusketa Ermuko udal Liburutegiak laga du.

“Tantaka, tabuak ipuinen bidez landuz” programaren helburua izan da haurtzaroko sexu-abusua prebenitzea ipuin bat eta erakusketa bat erabiliz; horrek aukera eman du gaia modu ludikoagoan lantzeko, eta, horrez gain, irakurzaletasuna erabiltzea elementu dinamiko gisa.