Bosgarren urtez jarraian, Udalak pymeei laguntza emango die erronka teknologikoen bitartez lehiakortasuna hobe dezaten
Eibarko Udalak, aurreko deialdietako esperientzia positiboa kontuan hartuta, atzera ere martxan jarri du herriko pymeak beren erronka teknologikoetan laguntzeko diru-laguntzen beste edizio bat. Deialdi honen helburua da 50 langile edo gutxiago dituzten Eibarko enpresei lehiakortasuna hobetzeko azterlanak egiten laguntzea, proiektu estrategikoak garatuz.
Eibarko Udaleko Garapen Ekonomikoko sailaren arduradun den Alberto Albistegui jaunaren arabera, "laguntza hauek industria-garapenaren pizgarri nahi dute izan, sinetsita gaudelako produktuen eta zerbitzuen berrikuntza eta balio erantsia handitzea funtsezkoak direla Eibarko enpresen lehiakortasuna hobetzeko".
2018rako deialdi berri honetan —programaren bosgarren edizioa izango da—, Udalak berrikuntza eta digitalizazio proiektuak lagunduko ditu diruz, eta baita nazioartekotzea sustatzeko inbertsioak eta ekintzak ere. Inbertsio horien barruan, diruz lagunduko diren gastuak lotuta egongo dira enpresaren produktu, zerbitzu eta prozesuetan berrikuntza esanguratsuak txertatzera bideratuta dauden elementuak eskuratzearekin, eta baita produktu berriak garatzearekin edo egungo produktuak eta prozesuak hobetzearekin.
Diru-laguntzen bolumena gehituz joan da urtez urte hasierako 9.000 euro haietatik; aurtengo deialdian, udal aurrekontuen partidan 100.000 euro esleitu dira, 2017an baino 40.000 euro gehiago, eta diru-kopuru hori handitzeko aukera ere izango da. Horren haritik, Albistegui zinegotziak zera adierazi du: "Baldin eta eskaerarik geratuko balitz erantzuteke, aurrekontu-partida handitu liteke deialdian esleitutako zenbatekoaren % 20raino”.
Diru-laguntzen zenbatekoa 3.750 eta 4.250 euro artekoa izango da enpresaren tamainaren arabera, eta laguntza handiagoa izango dute tamaina txikiagoko enpresek. Eskaerak aurkezteko epea ekainaren 8an hasi eta azaroaren 16an amaituko da. Enpresa bat baino gehiagoren arteko baterako proiektuen kasuan, enpresa bakoitzarentzako zenbatekoa % 25ean gehituko da. Halakoetan, enpresa bakoitzak eskaera bat egin beharko du eta adierazi zein beste enpresarekin edo enpresekin batera aurkezten duen proiektua. Eskaerak Pegoran entregatuko dira eta enpresa bakoitzeko eskaera bat bakarrik aurkeztuko da.
2017an, 20 enpresak aurkeztu zituzten beren proiektuak, eta honako arlo hauekin izan zuten lotura: produktua, zerbitzua, merkatu-marketina, prozesuak, antolaketa, pertsonak, kalitatea edo ingurumena.
Laburbilduz, Albistegui jaunak, Garapen Ekonomikoko saileko zinegotziak, dioenez “Eibarko Udalean enpresen lehiakortasuna hobetzearen aldeko apustua egiten dugu, enplegua sortzeko eta areagotzeko balio segurua baita".