Eibarko Udala
El Corte Ingles eraikina

Udalak berriz ere heldu die El Corte Ingleseko eraikina eskuratzeko negoziazioei

2025/07/18
El Corte Ingleseko eraikina.
El Corte Ingleseko eraikina.

Armagintza Museoa lehengo merkataritza-eraikinera lekualdatzeko asmoa du Udal Gobernuak —ekialdeko hegala okupatuz— eta baita parkinga irekitzeko ere, horrela aparkaleku berria sortuko da, txandakakoa edo saltzeko edo emakidan hartzeko. Udalak hainbat erakunde eta organismo inplikatu nahi ditu, haien jarduerak El Corte Ingleseko eraikinera lekualdatzeko interesa izan dezaketenak.

Jon Iraola Eibarko alkateak eta gobernu-taldeko beste hainbat udal-teknikarik bilera izan zuten duela egun batzuk El Corte ingleseko Zuzendaritzarekin, berriz ere heltzeko negoziazioei, izen handiko enpresak gure herriaren erdian duen eraikina erosteko asmotan.

Oraingo bilera honetan, Iraolak, Luis Vicente Castellanos Hirigintza zinegotziarekin eta Eva Juez Ingurumeneko zinegotziarekin batera, El Corte Ingleseko arduradunei adierazi zien Armagintza Museoa birkokatzeko duten asmoa. Museoa gaur egun Portalean dago, eta Egogain kalera lekualdatu nahi dute, El Corte Ingles zegoen lekura, zehazki haren ekialdeko hegalera, oinezkoentzako terrazaren azpian. 

Era berean, Iraolak interesa erakutsi zuen merkataritza-gunea zenaren aparkalekua ere oso-osorik eskuratzeko.

Jon Iraolak zera nabarmendu du: “Eibarrek  El Corte Ingleseko eraikinari beste bizitza bat eman behar dio. Ez dugu hutsik jarraitzerik nahi. Hori dela eta, proposamen bat prestatu dugu, duela egun batzuk El Corte Inglesi aurkeztutakoa. Proposamen horrek, alde batetik, Egogain kalea eta bere ingurua biziberritzea lortuko luke, gure museoa bezalako ekipamendu enblematiko batekin, eta, bestetik, inguruko auzoen eta, oro har, herrian eskariari behar bezala erantzuteko gai izango litzatekeen aparkaleku kopuru bat izango genuke.

Azken hilabeteotan, udal gobernu taldeak eta kultura, hirigintza eta berrikuntza arloetako teknikariek elkarrekin hausnartu dute zein izango den egungo Armagintza  Museoaren etorkizuna.

Bi izan dira batik bat ateratako ondorioak. 

Lehenengoa, Portaleko bosgarren solairua behin betiko uztea eta Museoa kale-kalean dagoen guztiz irisgarria den eta Eibarrentzat Egogain bezain esanguratsua den inguru batean jartzea. Bigarrena, Museoak bere potentzial guztia erakustea, azalera handituz eta zerbitzu gehigarriak eskainiz, hala nola turismo-bulegoa, denda edo errestaurazio-zerbitzua, horrela eskaintza oso bat egiteko.

“Gure Museoak bete ditu hasierako helburuak. Urrats bat aurrerago egiteko garaia da. Museoa Euskadin ondare-gaietan eta industria-diseinuan erreferente izatea nahi dugu, eta, hartara, oraingo tokiko bokazioa alde batera uztea. Horretarako baliabideak baditugu. Ez daukagu asmatzen ibili beharrik. Hori guztia Made in Eibar markapean hiriarentzat lantzen ari garen estrategia turistiko berriaren baitan dago", gaineratu du Iraolak.   

Planteamenduak Museoaren erakusketa-azalera handitzea ekarriko luke, eta, garapen handienean, gutxi gorabehera 6.000 metro karraturaino iritsiko litzateke, egungo erakusketa-eremua bikoiztuz eta, besteak beste, lehen adierazitako zerbitzu osagarriez hornituz.

Proiektu honek dagoeneko babes handia du erakundeen aldetik: Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak 2,7 milioi euroko laguntza eman dio Eibarko Udalari, Debabarrena eskualdeko plan estrategikoaren barruan (lehentasunezko jarduketa-eremua). 2025 eta 2028 bitartean jasoko du laguntza, proiektua, museo-diskurtsoa, lekualdaketa eta gainerako datu osagarriak gauzatzeko. Horrek, gainera, proiektuaren bideragarritasuna indartzen du eta beharrezkoak diren urratsak ematen joatea ahalbidetu.

Kultura-osagaiaz gain, udalak higiezinaren potentzial guztia baliatu nahi du. Horretarako, museo-erabilerarako ez diren solairuak bete ditzaketen beste erakunde, hezkuntza-eragile eta zerbitzu-enpresa batzuk inplikatzeko lanean ari dira.

 Lanean dihardugu herriko eta eskualdeko beste eragile batzuk ere eraikinean koka daitezen", gaineratu zuen alkateak, proiektuaren ikuspegi kolaboratibo eta multifuntzionala azpimarratuz.

Azkenik, merkataritza-gune zaharreko aparkalekuari dagokionez, Udalak El Corte Inglesi jakinarazi dio aparkaleku osoa eskuratu nahi duela eta, horrela, hirian dagoen aparkaleku-eskaerari erantzun ahal izango diola, bai txandakako erabileran, bai salmentan eta/edo emakidan.

Irailean elkartuko dira berriz, Udalaren eta El Corte Inglesaren arteko bilera batean, balizko akordioaren ñabardurak zehazte aldera.