Gertuagoko polizia helburu, lau auzozain plaza gehiago aterako dira Eibarren

Ereduak polizia gertukoaren, irisgarriaren eta berehalako erantzuna emango duenaren alde egiten du.
Eibarko Udalak barne-promozioz lau Auzo-Udaltzain (auzozain) plaza betetzeko deialdi-prozesua jarri du abian. Figura honek dagoeneko erakutsi du eraginkorra dela Tokiko Polizia herritarrengandik gertu egoteko orduan. Neurri hau Udalak segurtasun eredu gertukoagoa, humanoagoa eta eraginkorragoa izateko duen konpromisoaren barruan kokatzen da.
Asko dira auzozainaren funtzioak, eta denek ere prebentzioa, patruila-lana, hiritarrekiko arreta eta herri-arazoei irtenbidea ematea dute helburu, hala nola trafikoaren kontrola, parkeen zaintza edo bizilagunen arteko gatazkak.
Jon Iraola Eibarko alkateak figura honen garrantzi estrategikoa azpimarratu du: “Horrela, herri hurbilagoa eta seguruagoa lortuko dugu. “Herritarrak babestuta eta zainduta sentitzea nahi dugu, bigilatzeaz gain, aholkua eman, informatu eta eguneroko arazoak konpontzen laguntzen digun zerbitzu bat izanda”.
Auzozain berriek indartutako konpetentziak izango dituzte, herriko gune espezifiko batzuetatik patruilatuko dute —Amaña-Legarre, Urki-Ipurua, Jardiñeta-Ekialdea eta Erdigunea— eta harreman zuzena izango dute dendari, ostalari, heziketa-zentro eta kolektibo sozialekin. Ikuspegi honek beharrak eta gaztazkak azkarrago identifikatzea ahalbidetuko du, baita bizilagunen arteko bizikidetza sustatzea ere.
Auzozaina, gainerako udaltzainak ez bezala, oinez edo motorrez ibiliko da, eta gune estrategikoetan egongo da, besteak beste, ikastetxe, merkatu edo parkeetan; bereizgarri bat eramango du, jendeak erraz identifika dezan.
“Auzozainen lana giltzarria da bai arau-hausteak prebenitzeko bai eta arazoei irtenbide azkarra emateko”, nabarmendu du Iraolak. Haiei esker, bertatik bertara jakin dezakegu auzo bakoitzean zer gertatzen den eta, horrela, Udaleko sailekin koordinatu erantzuna”.