Eibarko Udala
Baserrixa hurretik

“Baserrixa hurretik” landa-mundua ikasgela bizi bilakatu da Eibarko gazteentzat

2025/07/15
"Baserrixa hurretik" programan parte hartu duten ikasleak.
"Baserrixa hurretik" programan parte hartu duten ikasleak.

Eibarko Udalak sustatutako heziketa-programak harremanetan jartzen ditu ikasleak lehen sektorearekin, baserrietara egindako ibilbide didaktikoen bidez. Bisitetan Eibarko 6 ikastetxetako 351 ikaslek hartu dute parte.

Baserrixa Hurretik heziketa-proposamen bat baino askoz ere gehiago da: zubi-lana egiten du belaunaldien eta hiri- eta baserri-ingurunearen artean. Udalak sustatu du programa, Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailaren bidez, eta Itzamna akademiak garatu. Ekimenak ahalbidetu du herriko sei ikastetxek bertatik bertara murgiltzea lehen sektoreko paisaietan, lanbideetan eta balioetan, herriko baserrietan zehar egindako ibilbide didaktikoen eta tailerren bidez.

Lehen Hezkuntzako hirugarren zikloko eta Bigarren Hezkuntzako lehen zikloko ikasleek heziketa-esperientzia eraldatzaile bat bizi izan dute, curriculumarekin lotutako ikasgaiak zeharka barne hartzen dituena eta lurraldearekin bat egiten duena, ikuspegi aktibo, diziplinarteko eta esperientzial batetik. Eduki akademikoez gain, programak jasangarritasuna, kontsumo arduratsua eta berdintasuna bezalako balioak sustatzen ditu, emakume baserritarrari berebiziko arreta jarrita.

Jon Iraola Eibarko alkateak proiektuaren dimentsio soziala eta pedagogikoa azpimarratu nahi izan du: “Baserrixa Hurretik programaren bidez belaunaldi berriei gure identitatearen funtsezko zati bat ari gara bueltan ekartzen. Landa-lana duintzeko, lurralde-kohesioa indartzeko eta zentzuz hezteko modu bat da, bertakotik abiatuta. Programa hau urtetik urtera hazteak erakusten du ondo ari garela ereiten, begirada etorkizunean jarrita”.

Bestalde, Vanessa Hortas Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saileko zinegotziak eskolaren eta inguruaren arteko harremana nabarmendu du: “ Ez gara nekazaritzaz eta paisaiaz ikasteaz bakarrik ari, gure inguruarekin lotura emozionalak sortzeaz ere ari gara. Lurralde-kontzientzia hau funtsezkoa izango da jasangarritasunarekin eta elikadurarekin lotutako etorkizuneko erronketan”.

 2024 ikasturteko memoriak jasotzen duenez, zentro hauek hartu dute parte:  La Salle-Isasi HLHIP, Arrateko Andra Mari HLHI, J.A Mogel Ikastola HLHI, Urkizu HLHI, Sta.María de la Providencia Aldatze HLBHIP eta Eibarko OLHUI  María de la Providencia Aldatze HLBHIP y Eibarko O.L.H.U.I.  Guztira 16 bisita egin dira 6 baserritara eta Errebaleko merkatu-plazara. Ekimenean parte hartu duten baserriak hauek dira: Iturrua goikua, Mandiola gañekua, Amazabalegi, Loixola, Sumendixa goikua eta Mendigoitxi.

Parte hartu dutenen balorazioa oso ona izan da, eta ikasleen interesaz gain, irakasleen inplikazioa eta baserritarren harrera azpimarratu dituzte. Baserritarrek formakuntza jaso zuten heziketa-eragile gisa duten eginkizuna hobetze aldera. 

Irakasleen % 100ek uste du programaren helburuak bete direla: landa-ingurua ikasleei gerturatzea eta balioan jartzea hurbiltasunetik kalitatezko elikagaiak ekoizten dituztenen lana. Programa honek sortzen duen interesaren erakusgarri da Eibarko Udala Landaola Sarietan izendatu izana, baserri-inguruarekiko konpromisoa duen entitate gisa. Aitortza hori datozen ikasturteetan ere hazten joango den proposamenaren kalitatea eta eraginaren isla da.