Bizigune, Etxebizitza Hutsen Programa aurkeztu da

Bizigune, Etxebizitza Hutsen Programa aurkeztu da

Etxebizitzetan banatuko diren liburuxkak.

2018/11/08

Helburua da hutsik dauden etxebizitzak eskuratzea eta alokairu babestuaren bidez merkaturatzea. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzaren Alokabide Sozietate Publikoak programa horren 130 etxebizitza kudeatzen ditu, Eusko Jaurlaritzako beste 127 eta ASAP programaren beste bi.

Eusko Jaurlaritzaren Alokabide Sozietate Publikoak martxan ipinitako Bizigune Programaren aurkezpena hartu du gaur osteguna, azaroak 8, Eibarko Udaletxeak. Miguel de los Toyos alkateak eta Alokabideko zuzendari nagusi den Patricia Valek azaldu dute helburua dela hutsik dauden etxebizitzak eskuratzea eta alokairu babestuaren bidez merkaturatzea. Programa horren bidez, erabilera soziala eman nahi zaie hutsik dauden etxebizitzei, etxebizitza duin bat arrazoizko prezioan lortu ahal izan dadin.Beren baliabide ekonomikoekin merkatu librean sartzeko aukerarik ez duten pertsonei zuzenduta dago.

Hutsik dagoen etxebizitzaren jabeak Eusko Jaurlaritzaren Alokabide Sozietate Publikoaren esku uzten du etxebizitza hori usufruktu-kontratu baten bidez, ezarritako hainbat bermeren truk. Aldi berean, Alokabidek Etxebide Etxebizitzaren Euskal Zerbitzuan izena eman duen eskatzaile bati esleituko dio etxebizitza, eta eskatzaileak bere diru-sarreren araberako alokairu bat ordainduko dio Alokabideri.

Patricia Val, Alokabideko zuzendari nagusiaren hitzetan, "gaur egun, Bizigune Programaren 5.000 etxebizitza inguru kudeatzen dira Euskadin eta Eibarren, 130". Halaber, Eusko Jaurlaritzaren Alokabide Sozietate Publikoak kudeatzen ditu gurean ASAP programaren beste bi etxebizitza eta Eusko Jaurlaritzako beste programa baten 127. Guztira, 259 etxebizitza kudeatzen dituzte eta horietako 19 onartzeke daude.

Abantailak

Gainera, hutsik dauden etxebizitzetako jabeentzat 10 abantaila eskaintzen ditu Bizigune programak: hutsik dagoen etxebizitzaren errentamenduaren kudeaketa integrala; 6 urteko alokairuaren bermea; 3 hilero eta ordu-orduan ordaintzeko bermea; txosten teknikoa, Alokabideren kontura; energia-ziurtagiria lortzeko aukera; etxebizitza egokitzeko eta prestatzeko laguntza; etxebizitza egokitzeko eta erreformak egiteko aurrerakina (% 0ko interesarekin); etxeko arrisku anitzeko aseguru baten kontratazioa, Alokabideren kontura; etxebizitzaren mantentzea eta kontserbazioa; eta beste zerbitzu eta abantaila batzuk.

Maizter edo inkilinoek, berriz, badituzte beren abantailak; izan ere, babestutako errenta bat kobratzen ari zaie eta ez merkatuko errenta. Edonola ere, errenta hori ez da izango bizikidetza-unitate batek dauzkan diru-sarreren % 30 baino gehiago izango eta maizterrak 600 euro ordainduko ditu, gehienez; 2018an, 489,15 euro ordaindu zaizkie, batez besteko, etxebizitzetako jabeei. Etxebideko datuen arabera, Eibarren erroldatuta dauden 819 eskatzaile daude egun eta, horietatik, 80k etxe bat erosi nahi dute eta beste 739k alokairuan sartu. Eibarren erroldatuta ez dauden beste 152 eskatzaile daude gure hirian; 40k etxea erosi nahi dute eta 112k alokairuan sartu. Guztira, 971 eskatzaile daude.

Baldintzak

Bestalde, etxebizitza bat Bizigune Programan sartzeko honako baldintza hauek bete behar dira: Etxebizitzak Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) kokatuta egon beharko du, Alokabideren ustez eskaria handia den udalerrietan eta Alokabidek etxebizitzak eskuratzeko aurreikusi duen eremu batean; etxebizitza librea izatea; hutsik dagoen etxebizitza izatea; alokatu gabeko etxebizitza izatea ere; eta oinarrizko baldintza batzuk betetzea, Alokabideren webgunean eskugararri daudenak.

Amaitzeko, Miguel de los Toyos alkateak aurreratu duenez, "hemendik gutxira, liburuxka pare bat banatuko dira herriko etxebizitzetan Bizigune programaren nondik norakoak azaltzeko, hutsik dauden etxebizitzetako jabeei zuzenduta daudenak, batik bat". Gainera, Pegoran, Herritarren zerbitzurako bulegoan, programari buruzko informazioa emango zaie herritarrei eta udal-webgunean ere badago atal berezi bat dagoeneko, ekimena zer den azaltzen duena.

Ekimen hau Eibarko PSE-EE eta Eibarko EAJ-PNV Udal Taldeek 2018 urteko aurrekontuetarako sinatu zuten akordioaren ondorio da.