Eibarko Udala
langabetuak ikastaroak Eibar

Bi ikastaro berri 33 langabeturentzat, etxebizitza mantentze-lanetan eta lokal-garbiketan trebatzeko

2018/08/03
Eibarko Udalak enplegua lortzeko zailtasunak dituztenengana iristeko dituen planen barruan kokatzen dira bi ekimen hauek.

Eibarko Udalak, irailetik aurrera, langabeei zuzendutako bi formazio-proiektu jarri behar ditu martxan, lana topatzeko aukera gehiago izateko. Hala, Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntzarako udal sailak, Alberto Albistegui zinegotzia buru duela, apustu egiten du lan-merkatura iristeko zailtasun handiak dituzten pertsonei zuzendutako proiektuen alde.

Lehen proposamenak, etxebizitza-erreforma eta eraikuntza programa, bigarren urtez jarraian errepikatuko da; bazterkeria-egoeran dauden gazte langabetuei zuzenduta dago, eta etxebizitzaren erreforma eta mantentzearen arloa du gai. Ikastaroa, irailaren 11tik aurrera hasiko da, lau hilabete iraungo du eta 15 gazte langabetuk hartuko dute parte; ikastaroaren edukiak hauexek izango dira: estaldurak eta pintura, iturgintza, elektrizitatea, arotzeria eta lan-arriskuen prebentzioa. Izena emateko epea abuztuaren 27an hasi eta irailaren 7an amaituko da.

Ikastaroaren iraupena 270 ordukoa izango da eta Udalak Azitainen duen Oinarrizko Lanbide Heziketa Zentroan emango da. Helburua da parte-hartzaileen % 50 gutxienez lan-merkatuan sartzea, kurtsoa amaitzean.

Bestalde, eta hirugarren urtez jarraian, Garapen Ekonomikoko udal sailak 45 urtetik gorako 18 lagunentzako programa bat antolatu du, laguntza eta txertatze soziolaboralekoa, azalera eta lokalen garbiketa-sektorean trebatzeko. 32 pertsonak eman dute izena eta hautaketa ikastaroa emango duen enpresak egingo du.

50 ordu izango dira guztira, eta beste 20 orduko formazio praktiko bat egingo da enpresetan. Horrez gain, formazio osagarri bat ere emango da: gaitasun pertsonal, sozial eta teknikoak landuko dira, bai eta lana aktiboki bilatzeko teknikak era; lan-munduan sartzeko prozesuan bitartekaritza eta laguntza izango dute parte-hartzaileek. Ikastaroa irailean hasi eta abenduan amaituko da.

Alberto Albistegui Garapen Ekonomikoko zinegotziaren arabera, “2015. urtetik hona lortu dugu langabezia Eibarren % 30 jaistea, egoera ekonomikoaren hobekuntzari esker eta langabeei eta enpresei zuzendutako ikastaroei, eta laguntzei esker. Enplegua departamendu honen erronka nagusia da, eta, beraz, jarraitu egingo dugu, ikastaro hauetan bezala, langabeak trebatzeko eta gaitzeko ekimenak eragiten, lana lortzeko irtenbide gisa".