Eibarko Udala
hirigintza eta ingurumena

Eusko Jaurlaritzak Basalgo parke eolikoaren proiektua eta ingurumen-inpaktuaren txostena helarazi dizkio Eibarko Udalari

2025/11/04
Jon Iraola alkatea eta Luis Vicente Castellanos Hirigintzako zinegotzia.
Jon Iraola alkatea eta Luis Vicente Castellanos Hirigintzako zinegotzia.

Eibarko Udalak proiektua aztertu, eta alegazioak aurkeztuko ditu. Bi informazio-saio egingo dira azaroaren 13an Coliseo antzokian herritarrei xehetasunak azaltzeko.

2025eko urriaren 17an, Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian aurkeztu zen “PE Basalgo” egitasmoaren —Arena Power Solar 10, SLU enpresak sustatzen duen parke eolikoa—  ingurumen-inpaktuaren txostena. Egun horretatik aurrera hasiko da alegazio-epea eta 30 egun balioduneko denbora-tartea izango du.   

Baimenen izapidetzea Eusko Jaurlaritzari dagokio, Industria Sailaren bitartez.  

Egitasmoak sei aerosorgailu jartzea aurreikusten du, era honetan banatuta: hiru Bergaran, bi Eibarren eta bat Soraluzen, eta obra zibila Elgetatik egingo da.

Eibarko Udalak alegazioak egiteko epea luzatzeko eskatu du, herritarren parte- hartzea ahalbidetu eta espedientearen azterketa xeheago bat egin ahal izateko. Hala ere, ez dago bermatuta Eusko Jaurlaritzak luzapen-eskabide hori onartuko duenik.

Herritarrei informazioa emateko xedez, Udalak bi saio antolatu ditu azaroaren 13rako Coliseo antzokian. Lehena euskaraz izango da 11:00etatik 13:00etara, eta bigarrena gaztelaniaz 18:00etatik 20:00etara. Bietan proiektuaren edukiak, egitasmoak izan dezakeen ingurumen-inpaktua eta hemendik aurrera jarraitu beharreko administrazio-urratsak azalduko dira. Jardunaldi hauek irekiak izango dira, eta herritarren zalantzak argitzeko balioko dute.

“Nahi duguna da eibartarrek proiektuari buruzko informazio guztia edukitzea, eta, hala, bidezkoak diren galderak egin ahal izatea”, adierazi du Jon Iraola alkateak;  era berean, gonbita egin du saioetara joateko.

Bestalde, Luis Vicente Castellanos zinegotziak azpimarratu duenez, “gardentasuna eta parte-hartzea bermatuko dira; saioetan xehetasunez azalduko dira proiektuaren irismena eta alegazioak jartzeko moduak”. 

"Ingurumen saietik enpresak aurkeztutako proiektua aztertzen ari gara, ingurumen-ikuspegiari buruzko alegazioak erregistratzeko. Eibartarrekin egingo den jardunaldi informatiboan beharrezko azalpenak emango dira eta azaltzen diren zalantzak argitzen saiatuko dira "gehitu du Eva Juez Garmendiak, Ingurumen zinegotziak.

Eibarko Udalak jarraitzen du egitasmoa aztertzen alegazioak aurkezteko, eta gestioak egingo ditu parke eolikoaren enpresa sustatzaileak zuzenean eman diezazkien azalpenak herritarrei.

Egitasmoaren informazio eta dokumentazio osoa Eusko Jaurlaritzak prestatu duen web-esteka honetan dago: https://www.euskadi.eus/anuncio-informacion-publica-parque-eolico-basalgo/web01-a2energi/es/.