Azken hiru urteotan Udalak 120.000 euro inguru inbertitu ditu kaleetan LED argiak jartzen

Romualdo Galdos kalean jarri diren LED argiak.

Romualdo Galdos kalean jarri diren LED argiak.

2022/02/11

2019tik aurrera egindako lanei esker, 20.000 euro inguru aurreztu dira energiaren fakturan; jarduerak EVEk lagundu ditu diruz zati batean. Argiteria publikoa ordezteko plana 2014an hasi zen, eta orduz geroztik, pixkanaka, herriko hainbat tokitan egin dira aldaketak.

Eibarko Udalak 2021ean ere energia-eraginkortasuna hobetzeko eta elektrizitate-fakturan aurrezteko planak garatzen jarraitu zuen, herriko hainbat tokitan argiztapen publikoa pixkanaka zabalduz, LED motako bonbillak dituzten farolen bidez.

Azken hiru urteetan 120.000 euro inguru inbertitu dira eta 20.000 euro baino gehiago aurreztu energiaren kontsumoan. Lanak, zati batean, Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) lagundu ditu diruz; azken hiru urteetan 28.000 euro baino gehiago eman ditu.

Zehazki, 2019an 87.818 euroko inbertsioa egin zen argiztapen publikoan lanpara tradizionalen ordez LED motako lanparak jartzeko; EEEk 14.482 euro jarri zituen, eta gainerakoa Udalak. Urte horretan 122.699 KWh aurreztu ziren faktura elektrikoan, eta, ondorioz, 15.717 euro aurreztu ziren.

2020an, ez zen inolako lanik egin kaleetan LED lanparak dituzten argi berriak instalatzeko, pandemiaren eraginez, premiazkoagoak ziren beste behar batzuetara bideratu behar izan baitziren udal inbertsioak.

Azkenik, 2021ean, LED argiztapena zuten farola berrietan 30.000 euroko inbertsioa egin zen, eta  EEEk 7.790 euroko dirulaguntza eman zuen. Urte horretan instalatutako argi berriek 69.054 KWh-ko eta 4.445 euroko aurrezpena ekarri zuten Udalaren faktura elektrikoan eta 7.975 euroko aurrezpena potentzien murrizketagatik.

Horren harira, adierazi behar da Eibarko Udalak argiztapen publikoan LED lanparen bidez energia aurrezteko egindako azken jarduketak joan den 2021. urtearen amaieran egin zirela, Azitaingo industrialdean eta Romualdo Galdos kalean argiztapen berria jarri zenean.

Eibarko kaleetan argiak aldatzeko eta LED sistema jartzeko plana 2014an ipini zen martxan. Une hartatik aurrera argiak aldatzen hasi ziren erdiguneko kaleetan eta hurrengo urteetan herriko beste leku batzuetan hasi dira jartzen. Proiektuak aurrera segitzen du eta datozen urteetan Eibarko beste auzo eta toki batzuetan jarraituko dute argiak ordezten harik eta herriko kaleetako argiteria publiko guztiak LED sistema izatea lortu arte.

Horrelako jarduerak Udalak energia berriztagarriak sustatzeko eta eraginkortasun-sistemak aplikatzeko duen konpromisoa gauzatzeko plan globalaren ildotik doaz. Jarduerek CO2 igorpenak murriztea, aurrezpen energetikoa eta energia berriztagarrien iturriak erabiltzea dute helburu.

Jon Iraola alkatearen esanetan, “Administrazioak behartuta gaude gure jarduerak eta politikak inguruabarrek eskatzen digutenaren haritik bultzatzera eta garatzera. Alde horretatik, Eibarko Udala gero eta irmoago eta konbentzimendu handiagoz hartzen ari da ingurumenaren gaia, ekimen gehienetan ingurumen-ikuspegia txertatuz”.

Argiteria publikoa ordezteko planaz gain, proiektuan sartu da, baita ere, Hiri Antolamenduko Plan Orokorraren atal desberdinetan ingurumen-irizpideak bultzatzea, Eibar osoan materia organikoa biltzeko edukiontzia jartzea, biomasa-galdarak leku jakin batzuetan instalatzea edo eguzki-energiako panelak ipintzea.

Halaber, eskailera eta arrapala mekanikoetan energia aurrezteko sistemak aplikatu dira 'stop & go' sistemaren bidez, eta elektrizitatearen eta gasaren hornidurako kontratuak aldatzeko prozesu bati ekin zaio, energia- eta ekonomia-aurrezkiak lortzeko.

Jarduketa guztiak, bestalde, Eibarko Udalak martxan jarri duen Klimarako eta Energia Jasangarrirako Eibarko Ekintza Plana (KEJEP) lantzeko prozesuan kokatzen dira; haren bidez, besteak beste, % 40 murriztu nahi dira CO2 isuriak 2030. urterako.

Gainera, 2020. urtean, Udalak bat egin zuen "Klimaren eta Energiaren aldeko Alkatetzen Itunarekin", zeinaren bidez konpromisoa hartu zuen udalerriaren deskarbonizazioa bizkortzeko, klima-aldaketaren inpaktuetara egokitzeko gaitasuna indartzeko, eta eibartarrek energia segurua, jasangarria eta eskuragarria eskuratzea lortzeko.