Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

8 doako tailer martxan sormena erabiliz hondakinak berrerabiltzea sustatzeko

‘Berrerabili eta berrasmatu' tailerren inguruko aurkezpenaren irudia.

‘Berrerabili eta berrasmatu' tailerren inguruko aurkezpenaren irudia.

2021/11/04

‘Berrerabili eta berrasmatu’ tailerrak azaroaren 20an hasiko dira eta abenduaren 16an amaitu, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearen barruan. Plazak mugatuak dira eta ezinbestekoa da izena ematea azaroaren 4tik 14ra bitartean udal webgunean dagoen formularioaren bidez.

Azaroan eta abenduan tailer ziklo bat egingo da, doan, hondakinak modu sortzailean berrerabiltzea sustatzeko. Jarduera Eibarko Ingurumen Ekintza Planean jasota dago, eta gaur aurkeztu dute Jon Iraola alkateak eta Alberto Albistegui Ingurumen zinegotziak. 

Ekimenak Udalaren helburu estrategikoetako bati erantzuten dio, hots, jasangarritasuna nortasun-ezaugarrietako bat bihurtzea eta herritarrak eta herriko ekonomia- eta enpresa-sarea guztia inplikatzea. “Helburu hori lortzeko, besteak beste —adierazi du alkateak— hondakinen prebentzioa, berrerabilpena eta birziklapena sustatu behar da, sentsibilizazio-kanpainak eta ekintza zehatzak eginez herritarrei oro har eta sektore jakin batzuei zuzenduak”.

Aurkezpenean alkateak zera adierazi du: “Gaur egun birziklapena eta berrerabilpena ezinbestekoak dira ingurumenari izan behar diogun begirunearekin bat etorriko den garapen jasangarria lortzeko”. Eta hauxe gaineratu du: “Udala jakitun da neurriak hartu behar direla politika jasangarriagoak sustatzeko gizarte osoan txertatze aldera”.

Udala Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin bat egin izan du azken urteotan, kontsumoa murriztea, produktuak eta materialak berrerabiltzea eta birziklatzea sustatzeko ekintzak antolatuz.  “Ekimenen artean —adierazi du Alberto Albistegui zinegotziak— hauexek egin dira: ingurumen-hezitzaileen saioak behar bezala birziklatzen irakasteko, kalean hondakinak gaika sailkatzeko erakustaldiak, Eibarko gaikako bilketari buruzko datuak, birziklatzearekin lotutako ikuskizunak, ikasleekin egindako tailerrak edo bigarren eskuko azokak.

Aurten, Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea azaroaren 20tik 28ra bitartean ospatzen dela-eta, Udalaren Ingurumen Sailak, Egoaizia GGKEarekin eta herriko hainbat saltoki eta elkarterekin batera, zortzi tailer antolatu ditu erabiltzen ez diren materialak berrerabiltzeko/konpontzeko, hala, ekonomia zirkularra eta kontsumo arduratsua balioan jarriz.

Ekimen hau proiektu pilotu bat da, eta balioko du eibartarrek birziklatzeko, konpontzeko eta berrerabiltzeko tailerretan duten interesa baloratzeko, eta aztertzeko ea etorkizunean urtero tailerren programa bat martxan jartzerik dagoen online plataforma baten bidez.

Tailer hauen bidez, sustatu nahi dena da herritarrek bere sormena erabiltzea hondakinak berrerabiltzeko. Horretarako, hainbat teknika esperimentatu eta aplikatuko dira (lixatzea, bernizatzea, tapizatzea, jostea, etab.), eta horietatik abiatuta materialak (oihalak, plastikoa, papera, elikagaiak edo osagarriak) berrerabiliko dira eta panpina, prentsa, osagarri, altzari edo bestelako objektu bihurtuko.

Adinez nagusi den edonork parte har dezake eta plazak mugatuak direnez, izena eman behar da aldez aurretik udal webgunean eskuragarri dagoen formularioa betez https://formularioak.eibar.eus/es/berrerabiliberrasmatu (en castellano) o   https://formularioak.eibar.eus/eu/berrerabiliberrasmatu . Izena emateko epea azaroaren 4tik 14ra artekoa da.

Sei tailer proiektuan parte hartzen duten komertzioetan bertan egingo dira, eta beste biak udal instalazioetan.  ‘Txerritxo birziklatuak, egin itzazu zure jostailuak!’ 4 eta 10 urte bitarteko umeentzat da. Tailerrak euskaraz, gaztelaniaz edo bi hizkuntzatan egingo dira. Zikloa abenduaren 18an amaituko da Gabonetako Bigarren Eskuko Azoka batekin.

Egitasmoan parte hartuko duten establezimenduak hauexek dira: Ardilanak, Eskulan Tailerra, Eskusutxo, Farmacook, Harixan, Ludoteka Zorionak eta Debabarreneko Txirrindulari Elkartea. Gainera, tailer hauek antolatzeko, dirulaguntza bat eskatu zaio Eusko Jaurlaritzari ekonomia zirkularreko alorrean.

‘Berrerabili eta berrasmatu' tailerren inguruko informazioa

  • Ikasi zure altzariak, lanparak eta beste objektu batzuk zaharberritzen

Lekua: Bidebarrieta 44, Eibar (El Taller de Manualidades)

Eguna eta ordua: Azaroak 20 eta 27, 11:00-14:00.

Hizkuntza: Gaztelania

Ekarri beharreko materiala: Zaharberritu/berreskuratu nahi den altzaria edo objektua

  • Material birziklatuekin dekorazio-objektuak, osagarriak eta bestelako jantziak sortu

Lekua: Estaziño 16 - beha 2, Eibar (Eskusutxo)

Eguna eta ordua: Azaroak 24, 18:00-20:00.

Hizkuntza: Elebietan

Ekarri beharreko materiala: Bi arropa, bat botoiduna eta bestea zaharra birziklatzeko, plastikozko botila bat eta metalezko kontserba-pote handi bat.

  • Berritu zure arropa elikadura-hondakinetatik sortutako tindu naturalaren bidez

Lekua: Portalea (A Tailerra) – Bista-Eder 10, Eibar (Ardilanak)

Eguna eta ordua: Azaroak 25, 18:00-20:00.

Hizkuntza: Euskara

Ekarri beharreko materiala: Kotoizko kamiseta zaharra.

  • Ikasi tapizatzen: zaharretik berrira

Lekua: Bidebarrieta 44, Eibar (El Taller de Manualidades)

Eguna eta ordua: Abenduak 1, 18:00-20:00

Hizkuntza: Gaztelania

Ekarri beharreko materiala: Aulkia, altzari txikia edo tapizatu nahi den kutxa.

  • Birziklatu zure jantziak osagarriak egiteko

Lekua: San Agustin 2, Behea, Eibar (Harixan)

Eguna eta ordua: Abenduak 4, bi txanda: 16:00-18:00 eta 18:00-20:00

Hizkuntza: Elebietan

Ekarri beharreko materiala: Arropa zaharra, hondatua.

  • Txerritxo birziklatuak, sortu zure jostailuak!

Lekua: Urkizu pasealekua 3, Eibar (Zorionak Ludoteka)

Eguna eta ordua: Abenduak 11, bi txanda:  11:00 – 12.00 eta 12:15 – 13:15

Adina: 4 -10 urte

Hizkuntza: Euskara

  • Zure elikagaiak hobeto aprobetxatzeko barazki-errezetak

Lekua: Ego-Gain 16, Eibar (Farmacook Nutrizio Eskola)

Eguna eta ordua: Abenduak 15, 18:00-20:00

Hizkuntza: Euskara

  • Zure bizikleta konpontzen ikasteko oinarrizko mekanika

Lekua: Errebal Plazia, Eibar

Eguna eta ordua: Abenduak 16, 17:30-19:30

Hizkuntza: Elebietan

Ekarri beharreko materiala: Bizikleta