Eibarko Udala

Salbuespenak eta hobariak Ondasun Higiezinen gaineko Zergan

Deskripzioa: Ondasun higiezinen gaineko zergan salbuespenak edo hobariak eskatzea.

Salbuespen eta hobari motak:

  1. % 50eko HOBARIA: Abenduaren 30eko 316/2002 Eusko Jaurlaritzaren Dekretuak arautzen duen "Etxebizitza hutsen programa"ren esparru barruan erabiltzen lagatzen diren ondasun higiezinak.
  2. % 50eko HOBARIA: Eguzkitik edo beste energia berriztagarri batzuetatik datorren energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatu dituzten ondasun higiezinak. Hobari hori aplikatzeko, beroa sortzeko instalazioek administrazio eskudunak homologatutako kolektoreak edo berokuntzako eta ur bero sanitarioko sistemak izan beharko dituzte. Sistema ezartzen denetik bost urtean aplikatuko da, eta 2005a baino lehen eraikitako eraikinetarakoa izango da. Hobari hori aplikatzeko, instalatzailearen ziurtagiri bat aurkeztu beharko da.
  3. % 50eko HOBARIA: Babes publikoko etxebizitza eraiki berriak, baita proiektuan eta erregistroan etxebizitza horiei lotutako garajeak eta trastelekuak. Gehienez, 3 urtez, behin betiko kalifikazioa ematen zaienetik.
  4. SALBUESPENA: Erregelamenduz zehaztuko diren hazkunde moteleko espeziez landatutako mendien azalera, bere aprobetxamendu nagusia zura edo kortxoa denean, baldin eta zuhaiztiaren dentsitatea espezie horri berez dagokiona bada.
  5. SALBUESPENA: Baso berritzen edo birlandatzen diren mendien azalera, baso Administrazioak onartutako antolamendu proiektuei edo plan teknikoei jarraiki egiten bada. Salbuespenak hamabost urtez iraungo du, eskaera aurkeztu ondorengo zergalditik aurrera kontatuta.
  6. SALBUESPENA: Eliza Katolikoarenak, Estatu Espainiarrak eta Vatikano hiriak 1979ko urtarrilaren 3an gai ekonomikoei buruz sinatutako Akordioan jasotakoaren arabera, eta legez onartuta dauden elkarte konfesional ez-katolikoenak, Konstituzioaren 16. artikuluan xedatutakoaren indarrez izenpetutako lankidetza akordioetan ezartzen den eran.
  7. SALBUESPENA: Indarrean dauden nazioarteko hitzarmenen indarrez salbuespen hau aplikagarri duten ondasun higiezinak, eta elkarrekikotasun baldintza egonez gero, baita atzerriko gobernuenak ere, beren ordezkaritza diplomatiko edo kontsularrek nahiz beren organismo ofizialek erabiltzekoak direnean.
  8. SALBUESPENA: Trenbideek hartutako lurrak eta lur horien gainean dauden eraikinak, baldin eta horiek geltoki edo biltegi gisa nahiz linea horiek ustiatzeko ezinbestekoa den beste edozein zerbitzutarako erabiltzen badira.
  9. SALBUESPENA: Monumentu izaera duten edo monumentu multzo baten parte diren ondasun higiezinak, Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 2. artikuluaren 2 apartatuko a) eta b) letretan jasotako moduan. Salbuespen hau kalifikatuta nahiz inbentariatuta dauden kultur ondasunei aplikatuko zaie, beti ere uztailaren 3ko 7/1990 Legeak ezarritako baldintzak betetzen badituzte.
  10. SALBUESPENA: Euskal Kultur Ondareari buruzko uztailaren 3ko 7/1990 Legeak 44. artikuluan aipatutako arkeologia zonetan kokaturik daudenean –zona horiek Kultur Ondasun gisa izendatuta izan behar dute eta kalifikatuak  nahiz inbentariatuak izan-, baldin eta eskuhartze arkeologikoren bat bertan egin ondoren, Eusko Jaurlaritzako Sailak erabakitzen badu aurkitutako aztarnak bertan mantendu behar direla ezer kendu gabe eta tokiz aldatu gabe.
  11. SALBUESPENA: 601,01 eurotik beherako oinarri ezargarria duten hiri ondasunak, eta landa ondasunen kasuan, subjektu pasibo bakoitzari Udalerrian dituen landa ondasun guztiengatik dagokion oinarri ezargarria 1.202,02 eurokoa baino txikiagoa denean.
  12. SALBUESPENA: Unibertsitate Publikoak bere helburuak betetzeko atxikita dauzkan ondasunak, eta hezkuntza itunetara bildutako ikastetxe pribatuenak, erabat edo zati batean itundutako ikastetxeak diren bitartean.

 

Tramitatzailea: Eibarko Udaleko Udal Zergen saila.

Tramitazio kanalak: 

  • Presentziala: PEGORA (Herritarren Zerbitzurako Bulegoa) Untzaga plaza 1. Beheko solairua.
  • Elektronikoa: eskaera elektronikoki egiteko, derrigorrez, ziurtagiri digital bat edo B@K-Q eduki behar dituzu (tramiteak online egiteko informazio gehiago nahi baduzu, kontsultatu tramiteak elektronikoki egiteko laguntza atala). Eskaera elektronikoki egiteko, beheko loturan sakatu behar duzu, eskaera elektronikoki bete eta dagokion dokumentazioa erantsi. Tramiteari sarean edo online ekin aurretik, tramitea egiteko beharrezko dokumentazioa formatu digitalean prest duzula konprobatu, eta ondoren, tramiteari ekin.
  • Posta: Eibarko Udala, PEGORA, Untzaga plaza 1; 20600; Eibar; Gipuzkoa.

 

Eskaera aurkezteko epea:

Hobariak edo salbuespenak ondorioak izango ditu eskaera egiten den urteko erreziboan, beti ere eskaera aurkezten bada borondatez ordaintzeko epean edo hilabeteko epean, hura amaitu eta hurrengo egunetik kontatzen hasita. Epe hori igaro ondoren aurkezten diren eskaerek, aldiz, hurrengo urtean izango dituzte ondorioak. Matrikulazio berrien kasuan, hobaria/salbuespena hilabeteko epean eskatu behar da, matrikulazio-datatik kontatzen hasita.

Ematen diren salbuespenek eskaera egin eta ondorengo zergalditik aurrera izango dute eragina.

 

Aurkeztu behar diren agiriak:

  • Ondasun higiezinen gaineko zerga: salbuespenak eta hobariak eskaera-orria behar bezala beteta.
  • Legezko ordezkapenaren kasuan, legezko ordezkariaren NANa edo balio bereko dokumentua, eta ordezkaritzaren egiaztapena, dokumentu bidez. Egiaztapena zuzenbidean bidezkoa den edozein bide erabiliz egin daiteke (notario-ahalordez, eskritura bidez...). Ordezkapena Gipuzkoako Foru Aldundiko legezko ordezkarien erroldan erregistratuta egonez gero, ez da dokumentazioa aurkeztu beharko.
  • Abenduaren 30eko 316/2002 Eusko Jaurlaritzaren Dekretuak arautzen duen "Etxebizitza hutsen programa"ren esparru barruan erabiltzen lagatzen diren ondasun higiezinen kasuan, BIZIGUNEko kontratua eta kontratuaren hasiera data jasotzen duen dokumentua. 
  • Eguzkitik edo beste energia berriztagarri batzuetatik datorren energiaren aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatu diren ondasun higiezinen kasuan, instalatzailearen ziurtagiria.
  • Beste salbuespen eta hobarien kasuan, salbuespena edo hobaria eskatzeko arrazoia egiaztatzen duen dokumentazioa.
  • Diru-sarreraren itzulketa zergaduna ez den beste pertsona bati ordaintzea nahi izanez gero, “BAIMENA: DIRU-ITZULERAK KOBRATZEKOA (DI0010_D002)” izeneko inprimakia behar bezala beteta eta kobratzera datorrenaren NANa edo horren balio bereko beste dokumenturen bat.

 

Deskargatu dokumentuak
Eskaera-orria: Ondasun Higiezinen gaineko zerga: salbuespenak eta hobariak  
Ikusi | Jaitsi (164.8 KB)
BAIMENA: DIRU-ITZULERAK KOBRATZEKOA (DI0010_D002)  
Ikusi | Jaitsi (72.2 KB)