Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Zuhaitz Eguna ospatuko da martxoaren 24an

2019/03/22

Zuhaitz Egunarekin Eibarko Udalak arbolak eta basoak babestearen garrantzia azpimarratu nahi du; horretarako, bertako 40 zuhaitz landatuko dira (lizarrak, gorostiak, haritzak eta urkiak) Eztiagako udal partzela batean, Iturburu Ikastolaren parean.

Eibarko Udaleko Ingurumen sailak, Eibarko Klub Deportiboarekin (Mendi Taldea), “ZUHAITZ EGUNA”ren beste edizio bat antolatu du datorren iganderako, martxoak 24. Ekimena publiko guztientzat da, ume zein nagusientzat eta oso aproposa familian eguna pasatzeko.

Hala, aurten berriz ere bertako 40 arbola landatuko dira, zehazkiago Gipuzkoako Foru Aldundiak (Mendi eta Ingurumen Zuzendaritza) emandako lizarrak, gorostiak, haritzak eta urkiak, Iturburu Ikastolaren parean, Ezkiagan dagoen udal partzelan. Partzela horretan bertan, iazko Zuhaitz Egunean beste 40 zuhaitz landatu ziren.

Jarduerak goizeko 10:30ean hasiko dira. Arbolak landatu ondoren, tailer bat egingo da basoetako fauna lagungarriari buruzkoa ezagutarazteko zein diren basoentzako organismo onuragarriak eta zer garrantzitsua den biodibertsitate hori ekosistemaren funtzionamendurako. Hala, parte-hartzaileek aukera izango dute txokoak edo aterpeak sortzeko, fauna lagungarria bertan babes dadin eta horrela biodibertsitate handiagoko baso gazte bat sortzeko.

Azken urteetako ohiturari jarraituz, eguna 13:00etan amaituko da mokadu txiki batekin.

Helburua da herritarrek basoen garrantziaren eta natura zaintzearen kontzientzia hartzea, azpimarratuz zuhaitzak gure bizi-kalitatean ezinbestekoak direla, besteak beste, biodibertsitatea mantentzeko, atmosferako karbono-dioxidoa xurgatzeko (aldaketa klimatikoaren erantzule den negutegi-efektua eragiten duena), higaduraren eta uholdeen aurkako defentsarako, eta paisaiaren iraunkortasunerako.

Zuhaitz Egunean parte hartu nahi duten pertsonek taldean egin ahalko dute igoera, 9:30ean hasita Eibarko Klub Deportiboaren egoitzan, Toribio Etxeberria kaleko 16. zenbakian. Nahi duena zuzenean joan ahalko da partzelara.