Eibarko Udala
obrak

Herria hobetzeko hiru jarduketa garrantzitsu amaitu ditu udalak

2026/08/11
Mekola eta San Juan arteko pasealekua.
Mekola eta San Juan arteko pasealekua.

Berrurbanizazio hauei esker, Bustinduitarren, Mutiola, eta Mekola eta San Juan kaleen arteko pasealekuaren oztopo arkitektonikoak kendu, azpiegiturak berritu eta espazio publikoak eraldatu dira, irisgarriagoak, seguruagoak eta funtzionalagoak izan daitezen. Jarduketek ahalbidetu dute oztopo arkitektonikoak kendu, zerbitzu-sareak berritu, oinezkoentzako ibilbideak zabaldu eta auzoetako bizilagunentzako espazio publiko erosoagoak eta seguruagoak sortzea.

Eibarko Udalak azken hilabeteotan hiru berrurbanizazio-jarduketa garrantzitsu egin ditu herriko hainbat puntutan, eta, hala, auzoak etengabe hobetzearen eta espazio publiko irisgarriagoak, seguruagoak eta herritarren egungo beharretara egokituagoak sortzearen aldeko apustua sendotu du. Guztira, esku-hartzeek 1,5 milioi euro inguruko inbertsioa izan dute, eta herriko hiru ingurune estrategiko modu integralean berritzeko aukera eman dute.

Bustinduitarren kalean, Mutiola kalean, eta Mekola eta San Juan kaleen arteko oinezkoentzako pasealekuan egindako jarduketek lan-filosofia berari erantzuten diote: bizilagunen bizi-kalitatea hobetzea, oztopo arkitektonikoak kenduz, hiri-azpiegiturak modernizatuz eta espazio publiko erosoagoak, atseginagoak eta jasangarriagoak berreskuratuz.

Esku-hartze handiena Mutiola kalearen berrurbanizazioa izan da, 628.701,20 euroko aurrekontuarekin. Horri esker, 1.350 metro koadro inguruko eremu bat erabat eraldatu ahal izan da, trafikoa berrantolatuz, espaloiak zabalduz —irisgarritasun-irizpideak betetzea helburu—, oinezkoentzako ibilbide berriak sortuz eta aparkatzeko eremuak antolatuz, ibilgailuentzako bederatzi plazarekin, horietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat erreserbatua.

Era berean, auzoko plaza nagusia guztiz berriztu da, espazio irekiagoa eta funtzionalagoa izan dadin, eta herri-altzari, haur-jolas, lorategi-eremu eta atsedenerako gune berriak jarri dira, auzokideen bizikidetza errazteko. Aldi berean, ur-hornidurako, saneamenduko, telekomunikazioetako eta argiteria publikoko sareak modernizatu dira, eta etorkizuneko beharretarako prestatutako azpiegiturak eman zaizkio inguruneari.

Bustinduitarren kalean, udalak 352.076,17 euro bideratu ditu bidearen tarte horretan dagoen irisgarritasun-arazo nagusietako bat konpontzeko. Kaleko desnibel handiak zaildu egiten zuen 8. eta 20. zenbakien arteko atarietara sartzea, batez ere mugikortasun urriko pertsonentzat, adinekoentzat edo haur-kotxeak dituzten familientzat.

Obren bidez, espaloia zabaldu egin da, arrapala jarraitu irisgarri bat eginez, fatxaden ondoan mailakatutako eremu batekin osatuta, eta, hala, oinezkoentzako ibilbide eroso eta segurua bermatu da. Gainera, zoladura erabat berritu da, hornidura- eta saneamendu-sareak aldatu, linea elektrikoak eta telekomunikazioetakoak lurperatu, baranda eta herri-altzari berriak jarri eta 25 aparkaleku prestatu dira, horietako bat mugikortasun urriko pertsonentzat egokitua. Horrez gain, kale osoko bide-seinaleak eta segurtasuna hobetu dira.

Bestalde, Mekola eta San Juan lotzen dituen pasealekua berrurbanizatzeko 433.269,19 euroko inbertsioa egin da, eta, horri esker, herriko oinezkoentzako ardatz nagusietako bat berritu ahal izan da. Jarduketaren barruan sartu dira zoladura osorik aldatzea, irisgarritasuna hobetzea desnibel txikiak kenduz, herri-altzari eta jardinera berriak instalatzea eta saneamendurako, hornidurarako eta euri-uren drainatzerako lurrazpiko azpiegiturak berritzea.

Esku-hartzeak, gainera, koordinazio tekniko handia behar izan du, Euskotrenen trenbide-jabariak eragiten baitio eremuari. Koordinazio hori obrak arriskuan jarri gabe konpondu ahal izan da, eta une oro mantendu dira etxebizitza eta saltokietarako sarbideak.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, lan horiek "apustu egiten ari garen herri-ereduaren adibide dira. Eibarko eraldaketa ez da proiektu handietara mugatzen, auzotarrek eguneroko bizitza egiten duten lekuetan ere esku hartzen da. Handitzen dugun espaloi bakoitzak, kentzen dugun oztopo arkitektoniko bakoitzak eta berreskuratzen dugun espazio publiko bakoitzak herritarren bizi-kalitatean hobekuntza zuzena dakar".

Gainera, Iraolak zera adierazi du: "Hiru obra hauek milioi eta erdi euro inguruko inbertsioa dakarte, oso-osorik gure auzoak hobetzera bideratua. Intentsitate berarekin jarraituko dugu lanean Eibarko txoko guztiak modernizatzeko, auzotarren beharrak entzun eta gure hiria pertsona guztientzat irisgarriagoa, seguruagoa eta atseginagoa egiten duten jarduketak lehenetsiz".

Bestalde, Pedro Escribano Obretako zinegotziaren hitzetan, "esku-hartze horietako bakoitzaren atzean lan tekniko garrantzitsu bat dago, arazo zehatzak konpontzera eta hiria etorkizunerako prestatzera bideratuta dagoena. Zoladurak berritu edo espaloiak zabaltzeaz gain, lan horiek aukera ematen dute hamarkadetan zehar zerbitzua eman duten azpiegiturak aldatzeko, udal-sareak hobetzeko eta oinezkoen zein ibilgailuen mugikortasuna optimizatzeko".

Escribanok gaineratu du hiri-mantentzean eta -berroneratzean inbertitzea “gure espazio publikoen kalitatea kontserbatzeko tresnarik eraginkorrenetako bat” dela.Herritarren eguneroko bizitzan berehalako eragina duten jarduketak dira, eta datozen urteetarako prestatuago egongo den herri modernoagoa eta funtzionalagoa eraikitzen laguntzen dute".

Hiru proiektu hauek bukatuta, udalak aurrera jarraitzen du hiria berroneratzeko estrategian, zeina auzoen hobekuntza progresiboan, irisgarritasun unibertsalean eta udal-azpiegituren berrikuntzan oinarritzen den, eta hiri erosoagoa, kohesionatuagoa eta egungo eta etorkizuneko belaunaldien beharretara egokituagoa finkatzen duen.