Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta, Pertsona Nagusien Mahaiak hainbat jarduera sustatuko ditu urrian
Programazioa urrian zehar egingo da “Zahartze osasuntsu baten alde” lelopean. Hitzaldiak, antzerkia, ibilaldi osasungarriak, erakusketak eta kultur jarduerak egingo dira adinekoen parte-hartze aktiboa eta ongizatea sustatzeko diseinatutako programan.
Urtero urriaren 1ean ospatzen den Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta, Eibarko Pertsona Nagusien Mahaia programazio berezia prestatzen ari da, urrian zehar egingo dena. “Zahartze osasuntsu baten alde” lelopean, jarduera kultural, sozial, dibulgatibo eta ongizate arlokoak egingo dira, pertsona nagusiek herriko bizitzan betetzen duten zereginari balioa emateko eta zahartze aktibo eta parte-hartzailea sustatzeko.
Ekitaldiak urriaren 1ean hasiko dira, Jon Iraola Eibarko alkatearen parte-hartze instituzionalarekin. Irekiera-ekitaldi horretan, adierazpen instituzionala irakurriko da, eta hasiera emango zaio pertsona nagusiek Eibarko gizartean izandako esperientzia, inplikazioa eta ekarpena aitortzeko egingo den programazioari.
Alkateak nabarmendu duenez, “urriaren 1eko ekitaldi instituzionalak markatuko du, manifestuaren irakurketarekin, Eibarko funtsezko zutabe diren gure adineko pertsonei eskainitako hilabetearen hasiera. Aurten, beste urrats bat eman nahi izan dugu, eta urri osoan zehar egingo den programa bat eskaini, zahartze osasuntsu eta aktiboarekin dugun konpromisoa islatzen duten jarduera kultural eta sozialekin”.
Programazioak dibulgazio-hitzaldiak, bakarrizketak, antzerki- eta dantza-emanaldiak, erakusketak, ibilaldi osasungarriak eta hainbat topaketa ludiko izango ditu, eta baita parte-hartzea, bizikidetza eta ongizate fisiko eta emozionala sustatzeko proposamenak ere. Helburua da ikaskuntzarako, hausnarketarako, aisialdirako eta jarduera fisikorako espazioak eskaintzea, eta aldi berean kolektibo honek Eibarko bizitza komunitarioan duen protagonismoa indartzea.
Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak hauxe azpimarratu du: “Aurten haratago joan nahi izan dugu eta programazioa urri osoan zehar zabaldu. Jarduerak antolatu ditugu zahartze osasungarria sustatzeko eta gure adinekoen parte-hartze aktiboa indartzeko. Gizarte Zerbitzuetan eta Adinekoen Mahaian elkarlanean aritu gara era guztietako proposamen eskuragarri eta aberasgarriak eskaintze aldera”.
Programa Adinekoen Mahaia osatzen duten erakundeek koordinatuta prestatu da: Altzoa, Pagatxa, Deparkel, Goiargi, ENE, Untzagako Nagusien Zentroa, Gurutze Gorria eta Eibar Ikasten elkarteek lanean jardun dute interes eta gaitasun desberdinetara egokitutako eskaintza diseinatzeko.
Zentzu horretan, Jon Iraolak parte hartu duten elkarte guztien inplikazioa eskertu nahi izan du. “Eskerrak eman nahi dizkiet Adinekoen Mahaia osatzen duten erakunde guztiei, hain programazio zabala egiten laguntzeagatik. Herritar guztiak gonbidatu nahi ditut ekitaldi hauetan parte hartzera, gure adineko pertsonak aitortzea gure udalerriaren historia eta nortasuna aitortzea delako”.
Bestalde, Sonia Archelik adierazi duenez, “pertsona nagusiak gure komunitatearen funtsezko parte dira, eta haien presentzia, esperientzia eta etengabeko ekarpena aitortu nahi dugu. Jarduera bakoitza elkartzeko, ikasteko eta gozatzeko espazio bat izateko pentsatuta dago”.
Ekimen honen bidez, Pertsona Nagusien Mahaiak berretsi egiten du bere konpromisoa zahartze aktibo, osasungarri eta parte-hartzailea sustatzearekin, hala, adinekoek beren bizimodu sozial, kultural eta komunitario erabat garatzen jarraitzeko aukera izan dezaten.
Jardueren egitarau osoa, ordutegiekin eta tokiekin batera, irailean emango da ezagutzera, udalaren kanalen eta erakunde laguntzaileen bidez.