Doako autobus-zerbitzua egongo da aurten ere Arrateko jaietan
Udalak autobusak jarriko ditu irailaren 7an eta 8an, jai-egutegiko hitzordurik jendetsuenetako batera joan ahal izateko. 20.334,60 euroko aurrekontua duen zerbitzuak mugikortasun seguruagoa eta jasangarriagoa sustatzen du, eta oso balorazio ona du herritarren aldetik.
Eibarko Udalak berriro jarriko du martxan Arratera joateko doako autobus-zerbitzua, 2026ko jaiak direla eta. Dagoeneko oso finkatuta dagoen ekimen honek oso harrera ona du herritarren aldetik. Izan ere, aukera ematen du, urtero, Arratera eroso eta seguru joateko, ibilgailu pribatua erabili beharrik gabe.
Zerbitzua irailaren 7an eta 8an eskainiko da, eguneko eta gaueko ordutegiekin: autobus ugari ibiliko dira joan-etorrian, jaietan espero den jende kopuru handiari erantzuteko.
Irailaren 7an (astelehena) eguneko zerbitzua jarriko da, gutxienez berrogeita hamar lagunentzako hiru autobusekin. Autobusek Eibar eta Arrate arteko ibilbidea egingo dute, etenik gabe, hogei minutuz behin, 17:00etatik 22:00ak arte; ordu horretan abiatuko da azken autobusa Arratetik Eibarrerantz.
Irailaren 8ko goizaldean ere zerbitzua egongo da: hiru autobus ibiliko dira 1:00etatik 8:00etara, hogei minutuko maiztasunarekin, gutxi gorabehera. Horrela, jaietako jardueretan parte hartzen dutenak autobusez itzuli ahal izango dira.
Autobus-kopuru handiena Arrate Egunean izango da. 8:30etik 23:30era bitartean, hamar autobus ibiliko dira ibilbidea etengabe egiten. Ibilgailuek beren edukiera betetzen dutenean irtengo dira, edo, betetzen ez badira, geltokira heldu eta gehienez ere hamabost minutuko epean.
Irailaren 7ko eta 8ko goizaldeko zerbitzuetako autobusak Egogain autobus-geltokitik abiatuko dira, eta irailaren 8ko (asteartea) egunekoak, berriz, Toribio Etxebarria kaletik.
Udalak 20.334,60 euro bideratuko ditu zerbitzu hau kontratatzeko, eta kostu osoa hartuko du bere gain, erabiltzaile guztiek doan erabili ahal dezaten.
Eibarko alkate Jon Iraolak nabarmendu duenez, «Arratera joateko autobus-zerbitzua ezinbesteko baliabide bihurtu da jaietan. Urtero jende askok aukeratzen du Arratera igotzeko modu hau, eguna erosotasun eta segurtasun handiagoarekin gozatzearren. Gainera, trafikoa eta aparkalekuaren gaineko presioa murrizten laguntzen dugu».
Bestalde, Andoni Zabala Kultura zinegotziak zera adierazi du: «Jaietan herritarrek ondoen baloratzen duten zerbitzuetako bat da. Auzokideei eta bisitariei aukera ematen die programatutako jarduera guztietan parte hartzeko, garraioaz kezkatu beharrik gabe; beraz, aurten ere erabiltzera animatzen dugu jendea».
Autobusak doakoak izango dira erabiltzaile guztientzat, eta, jaiak amaitu ondoren, enpresa adjudikaziodunak memoria bat aurkeztu beharko du zerbitzuaren hiru denbora-tarteetan (irailaren 7a, irailaren 8ko goizaldea eta irailaren 8ko eguna) erregistratutako erabiltzaileen-kopuruarekin. Informazio horri esker, udalak zerbitzuaren funtzionamendua ebaluatu, eta hurrengo edizioetan hobetzen jarraitu ahal izango du.