Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Zuhaitz Eguna martxoaren 2an egingo da, 500 zuhaitz autoktono landatuz

2024/02/23

Urkoren magalean dagoen Pagaegikortako lursailean egingo dira landaketak; herritar ororentzako ekimen irekia da.

Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak, Eibarko Baso Biziak elkartearekin eta Lurgaia Fundazioarekin elkarlanean, Zuhaitz Egunaren beste edizio bat antolatu du martxoaren 2rako (larunbata), horren aitzakian, zuhaitz-landaketak egiteko. Azken urteetan egiten ari den ekimen bat da, eibartar guztiei zuzendua, eta udal-lursailetan baso autoktonoa berreskuratzea duena helburu.

Ildo horretan, Jon Iraola alkateak jardunaldiaren garrantzia azpimarratu du, "gure ingurune naturala zaintzearen garrantziaz hausnartzera gonbidatzen gaitu, gure basoak eta berdeguneak zaindu eta babestu behar ditugu". Era berean, zuhaitzak eta, oro har, ingurumena zaintzeko konpromiso aktiboa hartzera gonbidatu ditu herritarrak. "Gure ingurunea zaintzea guztion ardura da. Ekintza txikiek eta praktika iraunkorrak sustatzeak eragin nabarmena izan dezakete.

Udalak Pagaegikorta baserriko lursailak erosi ditu, 23,51 ha-ko azalera, guztira.  Lursail hauek baso-ustiapen monoespezifikoa izan dute; halako basoetan ez dira gertatzen basoen berezko prozesuak eta harremanak, oso egitura sinplifikatuak direlako, esku-hartze maila handikoak. Gainera, naturalizatzen hasten direnean eta flora- eta fauna-talde desberdinek okupatzen dituztenean, bota egiten dira.

Hainbat hamarkadatako monolaborantzaren ondoren, lurraldearen biodibertsitatea eta erresilientzia murriztu egin dira; horren adibide da banda marroia izeneko gaitzak pinu-ustiapen industrialetan izan duen eragina.

Egoera honen aurrean, Udaletik beste aukera batzuk bilatzen ari gara, ez baso-ustiapenaren bidez etekin ekonomiko zuzena lortzeko, baizik eta biodibertsitatea, paisaia eta ziklo hidrologikoa berreskuratzeko

Planteamendu horrekin, baso autoktonoko lurzatiak berreskuratzea proposatzen da, babes-funtzio hori izan dezaten aldaketa globalaren aurrean eta lehorteekin, denboraleekin eta tenperaturaren igoerarekin lotutako egoeren aurrean.

Horrela, lursailean orain arte zeuden pinuak botatzeko lanak egin direnez, Zuhaitz Egunean 500 zuhaitz edo zuhaixka autoktono landatuko dira aurten (otsalizarra, pagoa, sahatsa, ahuntz-sahatsa, urkia, haritza, gorostia, artea, gaztainondoa, zuhandorra, hurritza, elorri zuria, zumalakarra, gereziondoa) Udalak berriki erosi duen lursailean, biodibertsitatea, paisaia eta ziklo hidrologikoa berreskuratzeko. 500 arbola hauez gain, asmoa da beste 5.500 arbola landatzea 2024an, bertako basoa berreskuratzeko.  

Pagaegikortarako igoera taldean egingo da eta hauxe izango da elkargunea:  9:30ean Urkora igotzeko aparkalekuan, Izuan.  Arbolen landaketa 10:00etatik 13:30era bitartean egingo da eta Izuako parkean egingo den luntx batekin amaituko da.  

Jardueran parte hartzeko plazak mugatuak dira; horregatik, parte hartzeko ezinbestekoa da Lurgaia Fundazioan izena ematea, mezu elektroniko bat bidaliz info@lurgaia.org helbidera, honako datu hauekin:  izen-abizenak, adina, e-maila eta telefonoa. Onartua izatearen berrespena jaso behar da.

Izen-ematea datorren otsailaren 29ra arte egin daitezke (egun hori barne). 

Parte-hartzaileei gomendatzen zaie etxetik ura eramatea eta goiz erdirako janari pixka bat, mendiko edo uretarako botak eta arropa erosoa