Eibarko Udala
Zuhaitz Eguna

Zuhaitz Eguna martxoaren 15ean egingo da, 350 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatuz

2025/03/05
Zuhaitz Eguneko kartela.

Ingurumen Sailak basoberritzen jarraitzen du Urkoren magalean dagoen Pagaegikortako udal-lursailean. Boluntarioen jardunaldia eibartar guztiei zuzenduta dago.

Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak, Eva Juez Garmendia buru duela, Eibarko Baso Biziak elkartearekin, Eibarko Klub Deportiboarekin eta Lurgaia Fundazioarekin elkarlanean, Zuhaitz Egunaren beste edizio bat antolatu du martxoaren 15erako (larunbata).  Ekimenaren helburua da zuhaitz eta zuhaixka autoktonoak landatzea. Azken urteetan egiten ari den jarduera bat da, eibartar guztiei zuzendua, udal-lursailetan baso autoktonoa berreskuratzea duena helburu.

Saileko ardura duen Eva Juez zinegotzi andreak azpimarratu duenez, “egun hau antolatzea garrantzitsua da gure basoak eta berdeguneak zaintzeko beharraz kontzientzia hartzeko ez ezik,  naturarekin zuzenean bat egiten duen jarduera batean parte hartzeko ere. Horrez gain, familian eta lagunartean egoteko aitzakia ere bada”.  

Horren haritik, Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du: "Halako jarduerak egitea bultzada garrantzitsua da gure herrian basoak biziberritzeko. Ingurumenarekiko konpromisoa denon kontua da”.

 2023an, Udalak Pagaegikorta baserria eta haren lursailak erosi zituen: hiru partzela 23,5 hektareako azalerarekin. Lursailak bi gunetan daude banatuta:  nagusia, baserriaren beraren ondoan, Urko mendiaren magalean dauden elkarren ondoko bi lursail dituena, eta bestea, Markina eta Elgoibarrekiko mugaren ondoan, Garagoiti-Kalamua inguruan.  Lursailak erosteko Gipuzkoako Foru Aldundiko dirulaguntza jaso zuen Udalak, baita Eusko Jaurlaritzako Ekonomia-Garapen, Jasangarritasun eta Ingurugiro Sailarena ere.    

Lursail hauetako batzuek lehen pinuak zituzten (baso-laborantza monoespezifikoa), zeinetan ez ziren gertatzen basoen berezko prozesuak eta harremanak, oso egitura sinplifikatuak baitira, esku-hartze maila handikoak.  Hala ere, 2024ko otsailean Urko mendiaren magalean dauden lursailetako pinu-sailak moztu ondoren, baso autoktonoa lehengoratzeko proiektuaren lehen fasea egin zen. Proiektuaren ardatza Urko mendiaren hegalaren goiko aldean (aparkalekuaren ondoan, Izuan) dagoen lursaila berreskuratzea da.

Proiektu hau ia bere horretan finantzatu da Eusko Jaurlaritzaren dirulaguntzarekin.

Lehen fase honetako esku-hartzeen artean, saka-bide batzuk berriztatu dira, profila berreskuratzeko eta higadura-prozesuak saihesteko.

Bestalde, 11 putzu sortu dira, alegia, biodibertsitate handiko guneak, florako nahiz faunako espezie askok erabiliko dituztenak. Esaterako, anfibioek eta odonatuek horrelako inguruak behar dituzte ugaltzeko. Espezie exotiko inbaditzaileak kontrolatzeko lanak ere egin dira, eta, azkenik, 8.614 zuhaitz eta zuhaixka landatu dira (27 espezietakoak); horietako batzuk iaz eta urte honen hasieran antolatutako boluntariotza-jardunaldietan sartu dira. 2024ko Zuhaitz Egunean, 500 zuhaitz landatu ziren, eta, gerora, hainbat ikastetxetako ikasleekin batera (J.A. Mogel Ikastola, Armeria Eskola etaIES Uni Eibar-Ermua), beste 620.

Hala, martxoaren 15ean egingo den Zuhaitz Egunean 14 espezie autoktonotako beste 350 zuhaitz eta zuhaixka landatzea aurreikusten da (haritzak, pagoak, hurritzak, lertxunak, makatzak eta sagarminak, ahuntz-sahatsak, sahats ilunak, zuhandorrak, elorri beltzak, hostazuriak, ereinotzak, elorri zuriak, otsalizarrak); partzela horretan 8.964 zuhaitz eta zuhaixka autoktono landatuko dira guztira.

Taldeka egingo da Pagaegikorta lursailerako igoera, eta bi elkargune egongo dira: bata, 8.30ean, Eibarko Klub Deportiboan (Toribio Etxebarria 16), eta bestea, 10:00etan Urkorako igoerarako aparkalekuan, Izuan. Arbolen landaketa 10:00etatik 13:30era bitartean egingo da eta Izuako parkean egingo den luntx batekin amaituko da (euria eginez gero, J.A. Mogel Ikastolan egingo da).  Jardueran parte hartzeko plazak mugatuak dira; horregatik, parte hartzeko ezinbestekoa da aurretik Lurgaia Fundazioan izena ematea, mezu elektroniko bat bidaliz info@lurgaia.org helbidera, honako datu hauekin: parte-hartzaileen izena-abizenak, adinak, telefonoa eta aukeratutako topagunea. Plazaren onarpena ere jaso behar da. Izen-ematea martxoaren 13ra arte egin ahalko da (egun hori barne).  Parte-hartzaileei gomendatzen zaie etxetik ura eramatea, mendiko edo uretarako botak eta arropa erosoa.

Otsailaren 27an, Ingurumen Saileko zinegotziak birlandatze-ingurua ikustera joan ziren , eta  egiaztatu zuten lan handia egin dela bertan.  Saileko buruak argi utzi du: "biodibertsitatearen eta baso autoktonoen lehengoratzearen aldeko apustua egiten jarraitzen dugu, izan ere, baso horietan elementuen arteko harremanak sortzen dira,   ekosistemari erresilientzia eta egonkortasuna ematen diotenak, lurzoru emankorrak sortzeko".

Baso autoktonoen eta haietan gertatzen diren prozesu guztien lehengoratzeak natura-, paisaia- eta kultura-ondarea berreskuratzea dakar.

Eva Juez zinegotzi andreak 2025eko Zuhaitz Egunean parte hartzera animatu nahi ditu eibartarrak, izan ere, haren hitzetan, “oso esperientzia aberasgarria da gure basoekin harremanetan egotea eta birlandaketaren bidez basoak zaintzen parte hartzea”.