Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak milioi bat euroko diru-kopurua emango du, 2022an, Erisonoko Parke Teknologikoaren II. Eremua garatzeko

Diana Morant Gobernu zentraleko Zientzia eta Berrikuntza ministroaren bisitaren irudia.

Diana Morant Gobernu zentraleko Zientzia eta Berrikuntza ministroaren bisitaren irudia.

2022/06/02

Diana Morant ministroak aste honetan bisitatu ditu Teknikerreko instalazioak, eta adierazi du Ministerioak babestuko duela Eibarko Parke Teknologikoa handitzeko proiektua.

Diana Morant Gobernu zentraleko Zientzia eta Berrikuntza ministroa Teknikerreko instalazioetan egon zen atzo goizean, Euskadiko hainbat toki estrategikotara egiten ari den bisitaren barruan.

Bisitan, besteak beste, hauek egon ziren: Denis Itxaso, Gobernuak Euskadin duen ordezkaria; Jon Iraola, Eibarko alkatea; Luis Iriarte, Teknikerreko zuzendaria; Jesús María Iriondo, Tekniker Fundazioaren Patronatuko presidentea; eta Koldo Zubizarreta, Teknikerreko zuzendari ekonomiko-finantzarioa. 

Horrela, topaketa honen baitan, Morantek iragarri zuen bere Ministerioak milioi bat euro emango dituela 2022an Erisonoko Parke Teknologikoaren II. gunea garatzeko, Tekniker inguruan. Eragiketa Errege Dekretu bat onartu ondoren eta Eibarko Udalarekin hitzarmen bat sinatuta egingo da.

Morant ministroak gaineratu zuen Eibarko proiektuarekiko lankidetzak jarraipena izango duela hurrengo urteetan ere.

Albiste horren aurrean, Jon Iraola alkateak zera esan zuen: “Gaurkoa oso egun garrantzitsua da, jakin baitugu zer kopuru emango duen Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak Parke Teknologikoaren II. Eremua garatzeko; bagenekien  Espainiako Gobernuak konpromisoa zuela Eibarrentzako eta eskualdearentzako estrategikoa den egitasmo hau bultzatzeko, baina ez zenbateko laguntza emango zuten. Horregatik, albiste honek amaiera ematen die Alkatetza honetatik Gobernuko hainbat ordezkarirekin izan ditudan bilerei.”

“Gainera, azpimarratu nahi dut konpromiso hori bereziki garrantzitsua dela, ezen, Eusko Jaurlaritza izan arren gai honetan eskumena duena, beste erakunde batzuen konplizitatea bilatu behar izan dugu", dio Iraolak.

Horren harira, alkateak zera gehitu du: “Eskerrak eman nahi dizkiot Morant ministroari eta zuzentzen duen Ministerioari, Eibarren aldeko apustua egin izana, hasieratik ulertu baitute zer garrantzitsua del egitasmo hau garapen industrialerako eta enplegurako, eta prest agertu dira beharrezko guztian gurekin lankidetzan aritzera.”

Proiektu hau Eibarko Udalaren aspaldiko aldarrikapen bat izan da, urteetan eskatu dena, lehenik aurreko alkate Miguel de los Toyosen udal-gobernuetatik eta, gero, Jon Iraola buru duen Alkatetzatik. Lan bat udal-erakunde gisa bere bitarteko eta eskumenetan oinarrituz egin dena.

Erakundeen babesa jasotzeko Udalak egin duen lan horren barruan, aipatu behar da, Alkatetzak behin eta berriz egin dituela bilerak proiektu estrategiko hau garatzeko eskumena duten eragileekin. Eta, horren harira, Gobernu zentrala beti azaldu da lankidetzan aritzeko prest.

Gero Zientzia ministerioko idazkari nagusi Teresa Riago izan da proiektuaren lekukoa hartu duena, eta, azkenik, atzo goizean Diana Morant ministroak emandako albistea etorri zen.