Eibarko Udala
pertsona nagusiak

Zahartze osasuntsua sustatu eta adineko pertsonen garrantzia azpimarratzeko jarduerak egingo dira Eibarren urrian

2026/09/30
Adinekoen Nazioarteko Egunaren aurkezpena.
Adinekoen Nazioarteko Egunaren aurkezpena.

Adinekoen Mahaiak eta Gizarte Zerbitzuen Arloak programazio berezia antolatu dute «Zahartze osasuntsu baten alde» lelopean, kultura-, gizarte- eta ongizate- jarduerekin.

Eibarko Adinekoen Mahaiak, Udaleko Gizarte Zerbitzuetako Sailaren laguntzarekin, programazio berezia prestatu du urriaren 1ean Adinekoen Nazioarteko Eguna dela eta. «Zahartze osasuntsu baten alde» lelopean, ekimena urrian zehar egingo da, herriko pertsona nagusien ongizatea, parte-hartzea eta autonomia bultzatzeko jarduera kultural, sozial eta osasungarriekin.

Programa urriaren 1ean abiatuko da ofizialki, 13:00etan, udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan, Jon Iraola Eibarko alkate buru izango duen ekitaldi instituzionalarekin,  eta Adinekoen Nazioarteko Egunaren harira manifestua irakurriko dute. Jardunaldiak balio izango du pertsona nagusiek Eibarko bizitza sozial, ekonomiko, kultural eta komunitarioari egin dioten eta egiten jarraitzen duten ekarpena publikoki aitortzeko, baita gizartean aktiboki parte hartzen jarraitzeko duten eskubidea aldarrikatzeko ere.

«Eibarren adinekoak funtsezko parte dira, ez bakarrik bere bizitzan zehar egin duten ekarpenagatik, baita egunero egiten dutenagatik ere», adierazi du Jon Iraola alkateak. «Pertsonak duintasunez, autonomiaz eta bizi kalitatez zahartzeko moduko herria izatea nahi dugu Eibar, baina baita adinekoek parte hartzeko, harremanak izateko eta komunitatea eraikitzen jarraitzeko espazioak izango dituen herria ere. Hilabete hau aukera ezin hobea  da nagusiei entzun, haiekin egon eta duten garrantzia aitortzeko».

Programazioak urriaren 5ean jarraituko du martxa osasuntsu batekin: 11:00etan abiatuko da eta Amaña eta Azitain arteko ibilbidea egingo du. Errebalen izango du amaiera; 12:00etatik 13:00etara parte-hartzaileak elkartuko dira eta indarrak berreskuratzeko edariak eta jatekoak eskainiko zaizkie. Proposamen honekin jarduera fisikoa eta ohitura osasungarriak sustatu nahi dira, baina baita elkarbizitzarako espazio bat sortu ere.

Hilean zehar, gainera, proposamen kultural, ludiko eta parte-hartzaile ugari egongo dira. Urriaren 7an, 14an eta 21ean briska, tute eta mus txapelketak jokatuko dira, hurrenez hurren, eta urriaren 8an kulturaren eta antzerkiaren txanda izango da, «Amigas atacadas» antzezlanarekin, La Novena antzerki-taldearen eskutik. Emanaldirako sarrerak 3 euro balio du. Urriaren 15ean, 18:00etan, xake-txapelketa egingo da Untzagako Gizarte Zentroan, eta urriaren 16an, 17an eta 18an, berriz, «Kreatibitateak» izeneko erakusketa egingo da, adinekoen sormenari eta gaitasunei balioa ematea helburu.

Urriaren 19an eta 20an petanka-txapelketa egongo da Torrekuako pista berrian, programazioari jarduera fisikorako, aisialdirako eta bizikidetzarako proposamen berri bat gehituz. Urriaren 22an, 10:00etan, Armeria Eskolan, «Zuk ahal duzu» hitzaldia emango du Óscar Terolek, ongizate eta garapen pertsonala ardatz dituen proposamena. Hilabetearen azken txanpan, urriaren 28an, 19:00etan, Javier Ruiz neurologoak Parkinsonari buruzko hitzaldi bat emango du Portalean, herritarrei gaixotasun horri buruzko informazioa eta ezagutza gerturatzea ahalbidetuko duena, osasunaren eta dibulgazioaren ikuspegitik.

Egitaraua urriaren 29an itxiko da, 17:30ean, Coliseoan, koru-, gitarra- eta dantza-jaialdi batekin, gozatzea, parte hartzea eta elkarbanatzea ahalbidetu nahi duen hilabeteari amaiera emateko. Programazioak jarduera fisikoa, kultura, ikaskuntza, entretenimendua eta harreman sozialak uztartzen ditu, eta adinekoei aukera ematen die hilabete osoan zehar herriko bizitzan parte hartzeko eta antolatutako jarduerez gozatzeko.

Gizarte Zerbitzuen Arloak bereziki azpimarratu du oso garrantzitsua dela elkartzeko gune horiek sortzea, gizarte-harremanak sendotzeko eta nahi gabeko bakardade-egoerei aurrea hartzeko. «Zahartze osasuntsuaz berba egiteak ez du esan nahi osasun fisikoaz soilik hitz egitea. Ongizate emozionalaz, harreman sozialez, parte hartzeaz eta komunitatearen parte aktibo sentitzeaz hitz egitea ere esan nahi du», azaldu du Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak. «Programazio honekin adinekoek disfrutatzea, ikastea, esperientziak partekatzea eta, batez ere, Eibarko bizitzan aktiboki parte hartzen jarraitzeko aukera izan dezaten nahi dugu».

Ekimenak, gainera, zahartzeari buruzko ikuspegi soziala aldatzen eta adinkeriari aurre egiten lagundu nahi du, adinekoen esperientzia, ezagutzak eta gaitasunak balioan jarriz. Ildo horretan, programazioak zahartzearen irudi bat proiektatu nahi du, autonomiari, parte-hartzeari eta proiektu pertsonalak eta kolektiboak garatzen jarraitzeko gaitasunari lotuta. Helburua da adinekoak politika publikoen hartzaile ez ezik, herriko bizitzaren eta haiei eragiten dieten erabakien protagonista ere izatea.

Eibarko Adinekoen Mahaiak funtsezko eginkizuna betetzen du estrategia horretan. Organo hori herritarrek parte hartzeko gune bat da, zeinean adinekoek beren beharrak, kezkak eta proposamenak helarazteko aukera duten. Horrek kolektiboaren errealitatera egokitutako udal-politikak eta -jarduerak diseinatzen laguntzen du. Urriko programazioa partekatutako lan horren emaitza da, eta adin guztiekiko herri eredu irisgarri eta inklusiboa sustatu nahi du,  adin guztiekiko adeitsua.

Nazio Batuen Batzar Nagusiak 1990ean aldarrikatutako Adinekoen Nazioarteko Eguna urtero aukera bat da fokua jartzeko adineko pertsonek gizarteari egiten dioten ekarpenean eta haien eskubideak, ongizatea eta erabateko parte-hartzea bermatzeko premian. Eibarren, ospakizun hau urri osoan zehar egingo da, kultura, jarduera fisikoa, ikaskuntza, aisialdia eta elkarbizitza uztartuko dituen agendarekin, pertsonen arteko loturak indartuz eta partekatzeko eta parte hartzeko espazio berriak sortuz.

«Urria ospakizun puntual bat baino askoz gehiago izatea nahi dugu», ondorioztatu du Iraolak. «Eibar ulertzeko modu bat aldarrikatu nahi dugu, non adin guztiek euren espazioa izango duten eta adinekoen esperientzia eta parte-hartzea herri osoarentzako balio gisa aitortuko diren».

Bere aldetik, Archelik azpimarratu du «adinekoak zaintzen dituen herri bat bere burua zaintzen duen herria» dela. «Aukerak sortzen jarraitu behar dugu, inor atzean gera ez dadin eta pertsonek bizitzako etapa guztietan beren loturak, autonomia eta komunitatean parte hartzeko aukera izan dezaten», gaineratu du.