Eibarko Udala
dirulaguntzak

Eibarko Udalak beste deialdi bat ireki du prestakuntza-ekintzak diruz laguntzeko

2026/09/29
Eibarko Udala.
Eibarko Udala.

Diruz lagunduko dira enplegagarritasuna handitzen duten prestakuntza ekintzak, hala nola atzerriko hizkuntzen ikastaro ofizialak edo gidatzeko karneta ateratzea. Onartutako eskabide bakoitzak gehienez 500 euroko laguntza jaso ahal izango du; kopuru horretan sartzen dira formazio-ekintzaren gastuak, beharrezkoak diren materialak edota prestakuntza-zentrora joateko garraioaren kostuak.

Enplegagarritasuna hobetzeko formazio-jarduerak egiten dituzten Eibarko langabeek zein lan hobe baten bila ari diren pertsonek aurten ere udal-dirulaguntzak eskatu ahal izango dituzte. Udalak programa honen beste edizio bat jarri du abian, eta 10.000 euroko partida bat esleitu du horretarako. Dirulaguntzen onuradun izango dira Eibarren erroldatuta egon eta unibertsitate mailakoak ez diren prestakuntza-jarduerak egiten dituzten pertsonak, baldin eta jarduerak 2026ean hasi, eta 2026ko abenduaren 31 baino lehen amaitzen badira. 

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “deialdi honen bidez, jarraitu nahi dugu errazten eibartarrek beren prestakuntza hobetu eta, horrela, beren lan-aukerak zabaldu ahal izatea. Badakigu askotan ahalegin ekonomiko handia dela ikasketak hastea, ikastaro bat egitea edo gidabaimena lortzea, batez ere langabezian daudenentzat edo lan-egoera hobetu nahi dutenentzat. Horregatik, Udaletik ahalegin hori onargarriagoa izan dadin lagundu nahi dugu eta ikasten jarraitu, gaitasun berriak eskuratu edo profil profesionala hobetu nahi duten pertsonei lagundu nahi diegu. Eibarko inork ez dezala utzi prestakuntza-aukera bat pasatzen kontu ekonomiko batengatik, eta, 500 eurora arteko laguntza honekin, gure aletxoa jarri nahi dugu, beren ibilbide profesionalean aurrera egin dezaten eta lan-merkatuaren erronkei baliabide gehiagorekin aurre egin diezaieten ".

Dirulaguntza honek enplegagarritasuna hobetzea eta lan-merkatuan sartzeko aukera gehiago ematea du xede. Horren harira, diruz lagunduko da Lanbide-Heziketako gradu ertain edo goi-gradu bat egitea, eta enplegagarritasuna hobetzen duen beste edozein kurtso egitea, baita atzerriko hizkuntza-ikastaro ofizialak ere. Dirulaguntza eskatu ahal izango da baita ere gidatzeko karneta ateratzeko kurtsoetarako, A motakoak izan ezik (motozikletak). Dirulaguntza formazio-jarduera batengantik bakarrik eskatu ahalko da, hau da, pertsona batek ezingo du dirulaguntza-eskaera bat baino gehiago egin. 

Udal-laguntza hau eskuratzeko baldintzak hauexek dira: Eibarren erroldatuta egotea, gutxienez, 2023eko urtarrilaren 1etik aurrera; 23 urte edo gehiago izatea, 2026ko urtarrilaren 1ean; langabezian egotea edo lan hobe baten bila aritzea eskabidea egiteko unean, alegia, urtebetetik beherako eta iraupen jakineko kontratuak izatea, lanaldi partzialeko kontratuak izatea eta 1.221 eurotik beherako hileko ordainsari garbia —aparteko ordainsarien hainbanaketa barne— duten kontratuak edukitzea.

Beste baldintza bat da eskatzaileak formazio-jarduera erabat gainditzea, hau da, formazio-jarduera eta hura osatzen duten ikasgai guztiak gainditu behar ditu.  Hizkuntza-ikastaroen kasuan, formazio-jarduera erabat gainditutzat emateko titulazio ofizial bat eskuratu beharko da. Gidabaimena eskuratzeko ikastaroen kasuan, baimena lortzea izango da baldintza.

Eman daitekeen gehieneko dirulaguntza pertsonako 500 eurokoa izango da. Diruz lagunduko dira formazio-ekintzaren kostua, hura egiteko beharrezkoak diren materialak eta formazio-zentrora joateko garraio-gastuak, Eibarren kokatutako zentroetara egindako joan-etorriak salbu.

Dirulaguntzak eskatzeko eta beharrezko dokumentazioa aurkezteko epea 2026ko irailaren 28an hasiko da eta urriaren 30ean amaituko da, biak barne. Eskabideak modu presentzialean aurkeztu ahal izango dira (Pegorako bulegoetan), elektronikoki www.eibar.eus udal webgunearen bidez, edo Administrazio Publikoen erregistroetan.

Eskabidearekin batera aurkeztu beharreko agiriak hauexek dira: eskabidea bera, behar bezala beteta (Pegoran eta Udalaren webgunean dagoen ereduaren arabera); eskatzailearen NANa; eskatzailearen banku-kontuaren titulartasunaren justifikazio-agiria; prestakuntza-jardueraren matrikula-orria; langabezian egonez gero, Lanbidek emandako inskripzio-aldien ziurtagiria; enplegua hobetzeko egoeran egonez gero, lan-kontratua eta azken hiru nominak eta Gizarte Segurantzak emandako lan-bizitzaren dokumetua.