Urrian ekingo zaio Mogidu Eibarren jarduera fisikoaren orientazio-zerbitzuari
Bereziki ohitura sedentarioak dituzten pertsonei zuzendutako doako programa honek Ibilixan eta Mugigelako saioak ere berreskuratuko ditu 2026-2027 ikasturtean.
Eibarko Udalak Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzua berrabiaraziko du urriaren hasieran, Eibar Mogidu herri-ekimenaren barruan, herritarren artean bizi-ohitura aktiboagoak eta osasungarriagoak sustatzen jarraitzeko eta sedentarismoa murrizten laguntzeko. Ekimena Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak bultzatutako “Mugiment pertsona aktiboak” programaren barruan sartzen da.
Zerbitzu hau erabat doakoa da, eta bereziki jarduera fisiko gutxi egiten duten pertsonei zuzenduta dago, beren eguneroko ohituretan ariketa eta mugimendua sartzeak ekar diezazkiekeen onurak jaso ditzaten. Programan sartzeko bide nagusietako bat Eibarko osasun-zentroetatik egindako deribazioak dira, bai anbulatoriotik, bai Eibarko Ospitaletik. Horrela, osasun-profesionalek orientabideak eman diezazkiekete jarduera fisikoa areagotzeak beren osasunean eta ongizatean eragin positiboa izan dezakeen pertsonei.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu du garrantzitsua dela jarduera fisikoa herritarren eguneroko bizitzan txertatzea errazten duten politikak bultzatzen jarraitzea. “Hiri aktiboagoa sustatzea hiri osasuntsuagoa sustatzea ere bada. Ariketa fisikoa egitea eta bizi-ohitura aktiboak izatea pertsona guztien eskura egotea nahi dugu, adina edo egoera fisikoa edozein dela ere. Eibar Mogiduk aukera ematen digu gehien behar dutenei laguntzeko eta orientazioa emateko eta, aldi berean, herritar guztiak aktibo egoteko alternatibak eskaintzeko”, adierazi du.
2026-2027 ikasturtean zerbitzua egituratzen duten bi programak mantenduko dira. Batetik, Ibilixan, ibilaldi osasungarriak, herritar guztiek parte hartzeko irekiak, eta, bestetik, Mugigela, Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzura bideratzen diren pertsonei banakako erantzuna emateko.
Ibilixan programaren kasuan, orain arte bezala, ibilaldi osasuntsuak ostiraletan egingo dira, hamabostean behin, eta abiapuntua anbulatorioko plazatxoa izango da, 10:00etan. Irteerek ordu eta laurden inguruko iraupena izango dute. Urriaren 9an eta 23an, azaroaren 6an eta 20an eta abenduaren 4an eta 18an izango dira ikasturte berrirako aurreneko hitzorduak.
Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak herritarrak animatu ditu Eibar Mogiduk eskaintzen dituen proposamenetan parte hartzera. “Ibilixan-ek erakusten du jarduera fisikoak ez duela zertan ohiko kirolari soilik lotuta egon. Ibiltzea, lagunartean eta ohitura bihurtuta, oso modu garrantzitsua da gure osasuna zaintzeko. Zerbitzu hau eibartarrentzat baliabide hurbila, eskuragarria eta erabilgarria izaten jarraitzea nahi dugu”, azaldu du.
Osasun eta kirol arloen arteko elkarlanaren garrantzia ere azpimarratu du Ameztoyk. “Osasun-zentroekiko koordinazioa funtsezkoa da jarduera fisikoa areagotzeari onura gehien atera diezaioketen pertsonengana iristeko. Helburua da pertsona bakoitzak aktibo mantentzeko modu bat aurkitzea, bere ingurura egokitua, eta pixkanaka ariketa bere egunerokotasunean sartzea”, gaineratu du.
Jarduera Fisikorako Orientazio Zerbitzua Astelena pilotalekuko bulegoan egongo da. Ikasturte honetan, zerbitzua astearteetan izango da, 11:00etatik 17:00etara, eta ostiraletan, 9:30etik 13:30era. Interesa dutenek informazio gehiago jaso edo zerbitzuarekin harremanetan jar daitezke posta elektronikoaren mogidu@eibarkirola.eus edo 688 724 174 telefonoaren bidez.