Eibarko merkataritzak eta ostalaritzak bat egin dute bi kanpaina antolatuz kontsumoa saritzeko
Merkatarien Elkarteak eta Eibarko Ostalaritza Elkarteak bi ekimen jarri dituzte martxan udalaren laguntzarekin, eta sariak banatuko dituzte azaroan zehar herriko establezimenduetan erosi eta kontsumitzen duten pertsonen artean.
Eibarko Merkatarien Elkarteak eta Eibarko Ostalaritza Elkarteak bi kanpaina jarri dituzte martxan herriko merkataritza eta ostalaritza jarduera dinamizatu, bertako establezimenduetan kontsumoa sustatu eta bezeroen fideltasuna saritzeko. Bi ekimenek Eibarko Udalaren laguntza jaso dute, izan ere, udalak tokiko elkarteekin batera lanean jarraitzen du ekonomia-sarea babesteko eta bultzatzeko.
Bi kanpainetan, parte hartzen duten establezimenduetan erosketak edo kontsumizioak egiten dituztenek sariak lortzeko aukera izango dute, eta, aldi berean, Eibarko jarduera ekonomiko eta komertziala bizirik mantentzen lagunduko dute.
Jon Iraola alkateak tokiko merkataritza eta ostalaritza babestearen garrantzia azpimarratu du: «Merkataritza eta ostalaritza funtsezkoak dira Eibarko bizitzarako. Gure identitatearen parte dira, enplegua eta jarduera ekonomikoa sortzen dute eta gure auzoak eta kaleak girotzen laguntzen dute. Horregatik, garrantzitsua da babesa ematen jarraitzea eta herritarrei ohartaraztea Eibarren egiten den erosketa eta kontsumizio bakoitzak gure ekonomia indartzen laguntzen duela».
«Eibarko Merkataritzaren Tonbola»: 25 euroko sariak herriko dendetan erosteko
Eibarko Merkatarien Elkarteak «Eibarko Merkataritzaren Tonbola» kanpaina jarri du martxan. Azaroaren 9tik 28ra egingo da, eta parte hartzen duten saltokietan gastatzeko 25 euroko sariak eskuratzeko aukera emango du. www.erosieibarren.eus webgunean kontsultatu daiteke parte-hartzen duten saltokien zerrenda.
Funtzionamendua oso erraza da: kanpainarekin bat egin duten establezimenduetan gutxienez 25 euroko erosketa egiten den bakoitzean, arraskatzeko txartel bat emango da, saririk lortu den egiaztatzeko.
Saritutako txartelek 25 euro gastatzeko eskubidea emango dute, txartelean bertan adierazten den establezimenduan. Saria trukatzeko gutxienez 25 euroko erosketa egin beharko da saltoki horretan. Sariak erabiltzeko gehieneko epea abenduaren 5a izango da.
Ekimen honen bidez, hurbileko establezimenduetan erosketak sustatu, kontsumitzaileak saritu eta gastua zuzenean tokiko merkataritzan geratzea bultzatu nahi da.
«Eibarren Irabazi»: tokiko ostalaritzaz gozatzen dutenentzako sariak
Eibarko Ostalaritza Elkarteak, berriz, «Eibarren Irabazi» kanpaina aurkeztu du. Azaroaren 9tik 15era egingo da, eta herriko 42 ostalaritza-establezimenduk hartuko dute parte.
Hauek dira parte hartuko duten establezimenduak: Batzoki, Chic, Topa-Leku, Tarte, Ametsa, Kultu, Koskor, Kontent, Tunelpe, Bossa, Saioa, Arkupe, Gureleku, Albert, Suberoa, Akara, Gure Kaiola-Bodega, Or Ondo, Paloma, Trinkete, Hirurok, Guridi, Alex, Baratze Taberna, Lusai, Banaka, Beleko, Bar Manuel, Aldatz, Tas Tas, Bacoleku Urkizu, Laurel, Bulebu, Waterloo, Trouper, Baisi, Buenos Aires, Kalaka, Bide Ona, Xania, Ongi Etorri eta Depor.
Egun horietan 400 txartel banatuko dira parte hartzen duten establezimenduetako bezeroen artean. Funtzionamendua oso erraza da: bezeroek txartela jasoko dute kontsumizio bat eskatzerakoan. Txartela ireki edo arraskatzean ikusiko dute saririk duen ala ez. Saritutako txartelek eskubidea emango dute establezimenduan bertan kafea, zuritoa edo ardoa doan hartzeko.
Vanesa Hortas Garapen Ekonomikorako zinegotziak garrantzia eman dio Udalaren eta herriko elkarteen arteko elkarlanari: «Bi kanpaina hauek erakusten dute merkatarien eta ostalarien elkarteekin batera lan eginez establezimenduei zein herritarrei mesede egiten dieten ekimenak martxan jar ditzakegula. Eibartarrak animatu nahi ditugu parte hartzera, gure saltokietan erostera eta gure ostalaritzaz gozatzera. Tokiko kontsumoa babestea Eibarko etorkizun ekonomikoaren alde egitea da».
Ekimen honen asmoa da eibartarrak animatzea Eibarko taberna eta ostalaritza establezimenduetara gerturatzera, sektoreari babesa ematea eta bertako establezimenduetan kontsumitzen dutenak saritzea.
Herriko merkatariei eta ostalariei laguntzea
Eibarko Udalak bi elkarteekin batera lan egin du ekimen hauetan, eta biek helburu bera dute: tokiko jarduera ekonomikoa bultzatzea, hurbileko kontsumo-ohiturak sustatzea eta herriko establezimenduetan erostearen eta kontsumitzearen garrantzia balioan jartzea.
Udalak herritarrak animatu nahi ditu bi kanpainetan parte hartzera eta aukera horiek aprobetxatzera erosketak egiteko eta tokiko ostalaritzaz gozatzeko; horrela, hurbileko merkataritza- eta ostalaritza-sare anitza eta dinamikoa mantentzen lagunduko dute.
Azaroan Eibarren erosteak eta kontsumitzeak saria du. Babestu tokiko merkataritza eta ostalaritza eta parte hartu!