Eibarko Udala
obrak

Azitaingo bihurguneak hobetuko dira, bide-segurtasuna indartu eta Eibarko industrialdea sustatzeko

2026/11/09
Eibar.

Proiektuak 1.417.709,47 euroko aurrekontua du, eta lanak egiteko sei hilabeteko exekuzio-epea; herriko mugikortasunerako eta jarduera ekonomikorako puntu estrategiko bat hobetzea ahalbidetuko du.

Eibarko Udalak Azitaingo bihurguneak hobetuko ditu, jende asko ibiltzen den herri- eta industria-inguruneko punturik konplexuenetako batean, bide-segurtasuna indartzeko jarduketa estrategiko baten bitartez. Proiektuaren memoria idazten ari dira orain, eta aurreikusita dago jarduketa hilabete honetan zehar lizitatzea.

Esku-hartzeak 1.417.709,47 euroko aurrekontua du, BEZa barne, eta exekuzio-epea sei hilabetekoa izango dela aurreikusten da.

Azitaingo bihurguneak bereziki korapilotsuak dira eskualdeko bide-sarean, N-634 errepideak, Maltzagako lotunearen inguruan bat egiten baitute industrialderako sarbideek eta AP-8 autobideak. Trafiko handia duen eremua da, batez ere ibilgailu astunena, eta beharrezkoa da zirkulazio-baldintzak eta -sarbideak hobetzea.

Jon Iraola alkateak lan hauen garrantzia nabarmendu du, bai segurtasunaren ikuspegitik, bai garapen ekonomikoarenetik ere: «Eibarrentzat estrategikoa den puntu batean beharrezkoa den esku-hartzeaz ari gara. Segurtasuna eta mugikortasuna hobetu nahi ditugu, baina baita gure herria etorkizunera begira prestatzen jarraitu ere. Azpiegitura egokiak izatea funtsezkoa da gure jarduera industriala indartzeko eta aukera berriak sortzeko».

Zentzu horretan, Eibarko industrialdeak modernizatzeko eta hobetzeko udal-estrategiaren barruan sartzen da proiektua, enpresetarako erakargarriagoak eta lehiakorragoak egitea helburu. Dagoeneko instalatuta dauden enpresen jarduera erraztu eta baldintza hobeak sortu nahi dira herrira enpresa eta inbertsio berriak erakartzeko.

Trafiko eta Mugikortasun Saileko zinegotzi Alberto de la Hozek adierazi duenez, “industrialdeko enpresak aspalditik ari dira lan hauek eskatzen, eta erraztasun guztiak eman behar zaizkie Eibarren jarduera ekonomikoa garatzen duten entitateei. Hobekuntza hori Azitaingo industrialdearekiko garraio publikoaren konexioa indartzearekin osatuko da. Sailetik zerbitzua indartzeko lanean ari gara, benetako beharra baitago”.

Andoni Ameztoy Obretako zinegotziak, bere aldetik, zera adierazi du: «Jarduketa honek aukera emango digu sarbide- eta zirkulazio-baldintza egokiagoak behar dituen ingurune batean hobekuntza garrantzitsu bati ekiteko. Gure industriaguneek azpiegitura modernoak, seguruak eta egungo beharretara egokituak izan ditzaten ari gara lanean».

Esku-hartze hau Azitaingo industrialderako aurreikusitako beste jarduketa batzuekin osatzen da. Zehazki, LJE Lehentasunez Jarduteko Eremuak funtsetatik jasotako 910.000 euro esleitu dira, industrialdeko ibilgailuentzako eta oinezkoentzako sarbideak hobetzeko, eta, horrela, enpresa-gune honen irisgarritasuna eta erabilera-baldintzak indartzeko.

Honelako inbertsioekin, Eibarko Udalak aurrera jarraitzen du bere azpiegitura industriala hobetzen, hobeto prestatutako poligono irisgarriago eta lehiakorragoen aldeko apustua egin eta segurtasuna, jarduera ekonomikoa eta enpleguaren sorrera uztartzen dituen herri-ereduaren alde eginez.