Eibarko Gizartekintza Sailak lortu du lehen hitzordurako itxaronaldia hilabete eta erdikoa izatetik egun bakarrekoa izatera pasatzea
Saila berrantolatzeak, Harrerako Gizarte Langile figura bat sortzeak eta prozedurak berrikusteak herritarrei eskainitako arreta arintzea ahalbidetu dute.
Eibarko Udaleko Gizarte Zerbitzuek lehen hitzordurako itxaronaldia nabarmen murriztea lortu dute, izan ere, hilabete eta erdikoa izatetik egun bakarrera izatera pasatu da. Hobekuntza hau aurrerapauso handia da funtsezko udal-zerbitzu baten irisgarritasunean eta erantzuteko gaitasunean, batez ere zaurgarritasun-egoeran dauden edo zailtasun pertsonal, sozial edo ekonomikoen aurrean orientazioa eta laguntza behar duten pertsona eta familientzat.
Aldaketa hau azken urteko barne-berrantolaketari esker egin da, Harrerako Gizarte Langilearen figura sortzeaz gain, Saileko lan-ereduak birdiseinatu egin dira-eta. Hartutako neurrien artean daude agendak optimizatzea, prozedurak berrikustea, zereginak birbanatzea eta talde profesionalen arteko koordinazio handiagoa egotea.
Sonia Archeli Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak hobekuntza honek erabiltzaileentzat duen garrantzia azpimarratu du: «Oso aldaketa garrantzitsua da herritarrentzat. Lehen hitzordurako batez beste hilabete eta erdi itxaron behar izatetik ia egun bat izatera pasatzeak esan nahi du erabiltzaileek benetan behar dutenean jasotzen dutela arreta. Lorpen hau Gizartekintzako taldearen ahaleginari eta inplikazioari zor zaio, baita barne berrantolaketa bati ere, eta horrek eraginkorragoak izatea ahalbidetu digu arretaren kalitateari uko egin gabe».
Archelik zera azpimarratu du: «Erantzun azkarra funtsezko elementua da esku-hartze sozialean. Pertsona batek laguntza edo aholkularitza eskatzen duenean, itxaronaldiak murrizteak esan nahi du lehen unetik lagundu ahal izatea eta egoera jakin batzuk larriagotu ez daitezen saihestea».
Jon Iraola alkateak, bestalde, egindako lana eta udalak pertsonen arretarekiko duen konpromisoa jarri ditu balioan: «Hobekuntza honen atzean plangintza-, berrantolaketa- eta profesionalen inplikazio-lan handia dago. Udalean uste dugu zerbitzu publikoek herritarren benetako beharrei erantzuteko prestatuta egon behar dutela. Gizartekintzan, garaiz iristea bereziki garrantzitsua da, une zailak pasatzen ari diren pertsonez ari baikara, Udalera joaten direnean gertuko erantzuna aurkitu behar duten pertsonez».
Arreta goiztiarrak aukera ematen du premiak hauteman, erabiltzaileak behar bezala orientatu eta egoera bakoitzean egokienak diren baliabideak aktibatzeko. Hori dela eta, arreta jasotzeko denborak murrizteak, zerbitzuarekiko lehen kontaktua errazteaz gain, lanaren planifikazioa eta profesionalen esku hartzeko gaitasuna ere hobetzen ditu.