Eibarko Udala
txakurrak uretara

Eibarren igerilekuak zabalik egongo dira txakurrentzat, “Txakurrak uretara!” programaren beste edizio batean

2026/09/25
Kartela.

Eibarko Udalak eta Marcan Huella elkarteak antolatu dute ekimena: irailaren 26an, larunbata, 11:00etatik 18:00etara, Ipuruako udal-igerilekuetan.

Berriz ere Eibarko igerilekuak txakurrentzat irekiko dira, “Txakurrak Uretara!” ekimenaren beste edizio batean. Eibarko Udalak eta Marcan Huella elkarteak antolatu dute ekimena; irailaren 26an izango da, 11:00etatik 18:00etara, Ipuruako kanpoko udal-igerilekuetan.

Eibarko Udalak, Marcan Huella elkartearekin batera, aurten ere ospatuko du “Txakurrak Uretara!” ekimena, txakurrek eta haien arduradunek elkarrekin gozatzeko aukera izan dezaten Ipuruako udal-igerilekuetan.

Jarduera irailaren 26an, larunbatean, izango da, 11:00etatik 18:00etara, bainu-denboraldiaren amaierarekin batera eta instalazioa itxi aurretik. Iaz egin zen lehen edizioan bezala, aurten ere doakoa izango da parte-hartzea.

Ekimenak aukera emango die txakurrei udal igerilekuan bainu bat hartzeko, arduradunekin batera, horretarako prestatutako ingurune batean. Behin jarduera amaituta, instalazioa hustu egingo da, eta ura aldatuko, ondoren ohiko mantentze-lanekin jarraitzeko datorren denboraldiari begira.

 “Txakurrak Uretara!” ekimena  iaz jarri zen martxan lehen aldiz, bainu-denboraldia amaitzean udal-instalazioei beste erabilera puntual bat eskaintzeko asmoz. Esperientziak harrera ona izan zuen, eta ikusi zen interesa zegoela pertsonen eta animalien artean aisialdi partekaturako eta elkarbizitza arduratsurako guneak sortzeko.

Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, “iaz esperientzia berritzaile gisa jarri genuen martxan ekimen hau, eta izan zuen harrera onak errepikatzera animatu gintuen. Denboraldi amaieran, eta, huste- eta mantentze-lanak egiten hasi aurretik, familiei eta haien txakurrei aisialdirako gune desberdin bat eskaintzeko aukera ona dela uste dugu”.

Iraolak gaineratu duenez, “Udaletik jarraitu nahi dugu bizikidetza bultzatuko duten eta gure udal espazioez modu arduratsuan gozatzeko aukera emango duten jarduerak bultzatzen. Proposamen xumea da, baina baita oso berezia ere, konpainiako animaliekin une atsegin bat partekatzea ahalbidetzen duena”.

Bestalde, Andoni Ameztoy Kirol zinegotziak adierazi duenez, “iazko esperientziak erakutsi zigun badagoela horrelako ekimenekiko interesa eta instalazioek bestelako erabilera puntualak ere izan ditzaketela ohiko denboraldia amaitutakoan. Jarduera errepikatzen dugu filosofia berari eutsiz: itxialdiaren aurreko azken egunak aprobetxatzea txakurrek igerilekuan ibiltzeko aukera izan dezaten euren arduradunekin batera”.

Ameztoyk azpimarratu duenez, “jarduera igerilekua hustu eta ura berritu aurretik egingo da, eta, beraz, amaitu ondoren, hurrengo denboraldirako aurreikusitako mantentze- eta prestaketa-lanak egingo dira”.

Jardueraren garapen egokia eta parte hartzen duten pertsona guztien arteko bizikidetza bermatzeko, hainbat arau bete beharko dira. Txakurrak instalaziora lotuta sartu beharko dira eta arduradunek antolatzaileen oharrei kasu egin beharko diete uneoro.

Bainua txakurrentzat izango da eta ezin izango dira arreske dauden emeak sartu. Era berean, debekatuta egongo da igerilekuaren gunean jostailuak sartzea. Arduradunek txakurren kakak jaso beharko dituzte eta egun osoan zehar zaindu beharko dute maskoten portaera egokia.

Antolakuntzatik gomendatu dute, era berean, txakurrek igerilekuko urik ez edatea, ez behartzea animaliak uretara sartzera eta bainua amaitzean ur gezarekin garbitzea, iletik eta azaletik kloro arrastoak kentzeko.

 “Txakurrak Uretara!” Programaren bigarren edizio honekin, Eibarko Udalak eta Marcan Huella elkarteak bizikidetzaren eta aisialdi arduratsuaren aldeko apustua egin dute beste behin ere. Izan ere, Ipuruako udal-igerilekuen denboraldia itxi aurretik txakurrei eta haien familiei disfrutatzeko gune bat eskaini nahi zaie.