Eusko Jaurlaritzak bost egunez luzatu du Basalgoko parke eolikoari alegazioak aurkezteko epea
Eibarko Udalak epea luzatzea eskatu zuen, zehaztasun handiagoz aztertu ahal izateko espedientearen dokumentazioa eta herrian aurreikusten diren afekzio berriak.
Eusko Jaurlaritzak Basalgoko Parke Eolikoaren proiektuari alegazioak aurkezteko epea bost egunez luzatzea onartu dio Eibarko Udalari, udalak formalki eskatu ondoren denbora gehiago izan nahi zuela espedienteari erantsitako dokumentazioa berme guztiekin aztertzeko. Gauzak horrela, alegazioak aurkezteko epea urriaren 14ra arte luzatu da, hasiera batean urriaren 9an amaitzen zen-eta.
Udalak abuztuaren 28an jaso zuen Ingurumen Inpaktuaren Azterketaren Eranskina, zeinak berez 30 laneguneko epea irekitzen zuen alegazioak aurkezteko. Udalak beharrezkotzat jo zuen denbora gehiago eskatzea, izan ere, dokumentazioak konplexutasun tekniko handia izateaz gain, ez zitzaion eman proiektuaren analisi osoa egiteko beharrezkotzat jotzen duen informazio guztia. Hain zuzen ere, tramitazioan zehar egindako txosten tekniko eta sektorialetarako sarbidea eskatu zuen udalak, Gipuzkoako eta Bizkaiko Foru Aldundiei eta Uraren Euskal Agentziari (URA) zegozkienak barne, baita enpresa sustatzaileak aurreko udal-alegazioei emandako erantzunak ere.
Dokumentazio berriak, gainera, aldaketak dakartza, eta Eibarko udal-mugartearen gaineko eragina areagotzen du. Izan ere, herrian aerosorgailu bat gehiago jartzea aurreikusten da, eta planteatutako kokapen berriek jabe berriei eta interesa duten beste pertsona batzuei ere eragiten diela. Egoera horren aurrean, udalak funtsezkotzat jotzen du denbora nahikoa izatea proiektuaren alderdi tekniko eta lurraldekoak aztertzeko, bere jarrera finkatu eta dagozkion alegazioak aurkeztu aurretik.
Jon Iraola Eibarko alkateak adierazi duenez, Eusko Jaurlaritzak epea luzatzeak “aukera ematen digu egun batzuk gehiago izateko dokumentazio guztia sakon aztertzeko eta gure alegazioak halako proiektu batek behar duen zorroztasunarekin prestatzeko”. Iraolak gogorarazi du, gainera, “Eibarko Udalaren jarrera Basalgoko Parke Eolikoaren proiektuaren kontrakoa” izaten jarraitzen du, eta azpimarratu du epea luzatzeak “ez duela gure jarrera aldatzen, baizik eta aukera ematen digula argudio gehiagorekin eta espedientearen azterketa osoago batekin defendatzeko”.
“Proiektu honen aurka egoten jarraitzen dugu eta gure jarrerari eutsiko diogu. Gure ustez, Eibarrentzat planteatzen dituen afekzioak garrantzitsuak dira eta, era berean, dokumentazio berriak gure herriari zuzenean eragiten dioten aldaketak jasotzen ditu. Horregatik, espedientea sakon eta xehetasunez aztertuko dugu, eta oinarri sendoa duten alegazioak aurkeztuko ditugu, betiere Eibarko interesen defentsan”, esan du alkateak.
Prozedura “ahalik eta gardentasun handienarekin eta eskura dagoen informazio guztiarekin” garatzearen garrantzia ere nabarmendu du Iraolak. Horren harira, gogora ekarri du udalak espedientea osatzen duten txosten tekniko eta sektorial guztiak bidaltzeko eskatu zuela, baita sustatzaileak aurreko udal-alegazioei emandako erantzunak ere. “Administrazio eta pertsona guztiek beharrezko informazioa izatea eta prozeduran berme guztiekin parte hartu ahal izatea nahi dugu”, gaineratu du.
Eva Juez Ingurumeneko zinegotziak azaldu duenez, “nahiz eta lehen fasean Udalak beharrezkotzat jo zituen alegazio guztiak epearen barruan eta behar bezala aurkeztu zituen, bigarren fase honetan ere gauza bera egingo dugu, proiektu honek gure udalerrian lekurik ez duela uste dugulako”.
“Jakitun gara energia ez-kutsatzaileak guztiz beharrezkoak direla, baina kontraesan handia da energia horiek lortzeko gure mendiak aldatu eta kutsatu behar izatea”, azaldu du Juezek. Era berean, Ingurumeneko teknikariak eta Hirigintzako teknikariak egindako lan handia eskertu nahi izan du.
Udalak, bestalde, Eusko Jaurlaritzari eskatu zion informazio publikoaren beste izapide bat irekitzeko, herritarrek eta, bereziki, kokapen berriek zuzenean eragindako pertsonek proiektuan egindako aldaketen berri izan dezaten eta beren eskubideak administrazio prozeduraren barruan baliatu ahal izan ditzaten. Era berean, udalak dokumentazio tekniko guztia igortzeko eskatu du, bai berak bai interesa duten pertsonek proiektua baloratzeko beharrezkoak diren elementu guztiak izan ditzaten.
Bestalde, alegazioak banaka aurkeztu nahi dituzten pertsonei udalak gogorarazi nahi die prozeduran alderdi interesduna direla egiaztatu behar dutela aldez aurretik, Basalgoko Parke Eolikoaren proiektuak eragindako lursailaren titulartasuna egiaztatzen duen dokumentazioaren bitartez. Udalak tramiteak behar besteko aurrerapenarekin egitea eta dokumentazioa aurkezteko azken egunera arte ez itxarotea gomendatu die herritarrei.