Eibarko Udala

Urtarrilaren 16an hasiko dira Pagaegi-Jardiñeta aldea berrurbanizatzeko lanak

2023/01/05
Pagaegi kaleko artxiboko irudia.
Lanok lau fasetan egingo dira eta 9 hilabetez luzatuko dira. El Cascoko etxebizitza-sustapen berriaren ardura duen ACR enpresak egingo ditu. Obra honen ondorioz, irisgarritasuna hobetuko da oinezkoen erabilerarako urbanizazio egokituago batekin eta hornidura-sare guztiak berrituko dira (telekomunikazioa, saneamendua, ura, elektrizitatea, gasa eta argiteria).

Datorren urtarrilaren 16an hasiko dira Pagaegi inguru osoa eta kale horrek Jardiñeta, Ibargain eta Muzategi kaleekin dituen elkarguneak berriz urbanizatzeko lanak, El Casco fabrika zaharraren lurretan egiten ari den etxebizitza-sustapen berriaren eraikuntzarekin lotutakoak. Jarduketa handi hau bederatzi hilabetez luzatuko da, hormigoizko hormak jaso beharko baitira aurreikusitako ibilbideak egiteko. Bestalde, oinezkoen joan-etorria uneoro bermatu behar denez, lanak 4 fasetan egingo dira.

Jarduketa honen helburua da etxebizitza-urbanizazio berriaren inguru osoaren irisgarritasuna hobetzea, oinezkoen erabilerarako egokitutako ibilbideak sortuz. Horrez gain, telekomunikazio-, saneamendu-, ur-, elektrizitate-, gas- eta argiteria-zerbitzuak berrituko dira.

Proiektuari esker, bestalde, Ibargain eta Muzategi kaleen arteko konexioa hobetuko da, ibilgailuentzako bideak dituen sestra-aldaketak saihestuz; eta ibilbide irisgarria egokituko da, Ibargain kalea Pagaegirekin lotzen den lekutik hasita Jardiñeta   kaleraino.

Obrok ACR enpresak egingo ditu, El Cascoko etxebizitzen sustapen berria egiten ari den enpresa, eta ibilgailuen eta oinezkoen zirkulazioan ahalik eta eragin txikiena izateko moduan egingo dira. Horretarako, enpresa hori Udalarekin koordinazio etengabean arituko da, Obra Sailarekin eta Udaltzaingoarekin.

Edozelan ere, ibilgailuen trafikoa moztuta geratuko da Pagaegi eta Jardiñeta kaleen artean; hala ere, Muzategi kalera joateko pasabidea une oro egongo da zabalik.   Jardiñetako igogailurako pasabidea ere beti zabalik egongo da.

Zehazki, obren lehen fasean, moztuta egongo da ibilgailuen zirkulazioa Jardiñeta kaletik, eta oinezkoak bakarrik ibili ahal izango dira. Ibilgailuen trafikorako Pagaegi kaletik Muzategirako sarbidea zabalik egongo da.

Bigarren fasean, bai ibilgailuen trafikoa, bai oinezkoena, biak Jardiñetatik Muzategirakoak izango dira, Ibargaindik eta Pagaegitik  pasoa itxita egongo da-eta.

Hirugarren fasean, bai ibilgailuen trafikoa, bai oinezkoena, biak Jardiñetatik Muzategirakoak izango dira, orduan ere Ibargaindik eta Pagaegitik pasoa itxita egongo da-eta.

Eta, azkenik, laugarren fasean, trafikoa moztuta egongo da Jardiñeta kalean, eta bakarrik oinezkoen joan-etorrirako egongo da zabalik. Ibilgailuen trafikorako, bakarrik  Pagaegitik Muzategira joateko zatia egongo da zabalik.

Inguruko bizilagunek obren nondik norakoaren berri unean-unean izan dezaten, fase bakoitza hasi baino lehen, aurreko egunetan, fase horien ardura duen enpresak kartelak jarriko ditu obren eraginpean geratuko den eremu osoaren pegoretan. Kartel horietan, zirkulazioan izango diren aldaketak eta ibiltzeko edo igarotzeko aukera guztien berri emango da.