Urriaren 19an Kontsumo arduratsu eta ekologikoaren azoka egingo da Untzagan
Urriaren 19an, kontsumo arduratsu eta ekologikoaren bigarren azoka egingo da Untzaga plazan, "Ekoizpen duina, kontsumo herrikoia" lelopean, Azoka Biolurrek -Gipuzkoako Nekazaritza Ekologikoaren Elkarteak- eta Egoaizia Gobernuz Kanpoko Erakundeak antolatu dute hainbat elkarte eta erakunderen lankidetzarekin: Eibarko Udaleko Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Saila eta Eibarko Udaleko garapenerako lankidetza arloa, Debemen Debabarreneko landa-garapeneko elkartea eta ENNEK-Ekolur Euskadiko nekazaritza eta elikadura ekologikoaren kontseilua.
Elkarlanean antolatutako azoka honetan Eibarren tradizio luzea duten bi merkatu izango dira, izan ere, Azoka Ekologikoaren 13. edizioa da aurtengoa eta 9.a Kontsumo Arduratsuaren azokaren kasuan. Azoka biek indarrak batu dituzte Eibarren proiektu eta ekimen berritzaileak aurkezteko, helburua izanik hiritarren artean kontsumo arduratsua eta ekologikoa balioan jartzea eta sustatzea.
Azoka 10:00etatik 14:30era bitartean egongo da zabalik, eta sasoiko eta tokiko produktu ekologiko ugari eskainiko die bisitariei; 15 ekoizlek baino gehiagok hartuko dute parte. Urriaren 10etik 18ra bitartean udaletxeko Atezaintzatik igarotzen diren pertsonek (Untzaga plazatik sartuta, 8:00etatik 14:00etara bitartean, astelehenetik ostiralera, edo 16:30etik 19:00etara astelehenean) 5 euroko bonu bat jaso ahal izango dute, doan, agortu arte. Bonu hori ENNEK-Ekolurrek jarriko du eskuragarri, eta azoka ekologikoan dauden postuetako erosketak egiteko erabili ahal izango da. Azoka-egunean, gainera, produktuz betetako bi otar zozketatuko dira.
Produktu ekologikoen postuez gain, bisitariek informazio-guneak izango dituzte azokan zehar, zeinetan kontsumo ekologiko eta arduratsuarekin lotutako ekimenen berri ere izango duten, esaterako, banka etikoa, telekomunikazioak, etxebizitza kooperatiboa eta birziklapena. Bestelakoak ere egongo dira, hainbat arlotako produktuekin lotutakoak, hala nola bidezko merkataritzarekin, modarekin, osagarriekin eta ongizatearekin. Egunerokoan erabiltzen ditugun produktuak konpondu edota birziklatzeko guneak ere izango dira azokan, baita umeentzako birziklatze-tailerrak, bi argazki-erakusketa, bizikletak konpontzeko gune bat eta showcooking bat ere.
Azokak, beraz, produktu- eta jarduera-aukera zabala izango du. Hauxe da egitaraua:
- 10:00. Azokaren hasiera
- 11:30 Debabarreneko Mankomunitateak antolatutako bilketa selektiborako sentsibilizazio-tailerra.
- 12:00 EKO errezeta bat prestatu eta dastatu egingo da, Chefintegrativaren eskutik.
- 14:15. VII. Kartel-lehiaketaren sari-banaketa
- 14:30. Feriako produktuez osatutako otarren zozketa
- 14:30 Azokaren amaiera