Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Urkiko Jubilatuen Etxea hobetzeko lanak adjudikatu ditu Udalak

Jubilatu-etxearen argazkia.

Jubilatu-etxearen argazkia.

2022/07/13

Batetik, lokalaren irisgarritasuna hobetu eta komunak berritu, eta, bestetik, sukaldea eta barra eraberrituko dira. Proiektuak 111.000 euroko kostua izango du eta obrak aurki hasiko dira; egitasmoa Eibarko jubilatuen egoitzak berritu, hobetu eta zabaltzeko udal-planaren parte da.

Urkiko Jubilatuen Etxeko instalazioak hobetzeko lanak laster hasiko dira, Eibarko Udalak aurreikusitako jarduerak 111.000 eurotan esleitu ondoren. 

Programatutako obrak bi kontratu bereizietan atera ziren lizitaziora. Alde batetik, lehiaketara atera ziren lokalaren irisgarritasuna hobetzeko zenbait lan, besteak beste, sarbidea eraberritzea, dauden eskailera-mailak kentzea, eta komunak erabat berritzea. Coryd SL enpresari esleitu zaizkio lan horiek, 90.750 eurotan (BEZa barne) eta obrak egiteko epea hamabi astekoa izango da.

Eta, bestetik, sukaldea eta barra hornitzeko ekipamendurako lanak lizitatu dira; kasu honetan obrak Equipamiento de Hostelería y Climatización Valladolid SL enpresari adjudikatu zaizkio 20.280 eurotan (BEZa barne) eta obrak egiteko epea hamabi astekoa izango da.

Hala, Jubilatuen Etxearen irisgarritasuna hobetzeko jarduketari dagokionez, atondoen zati bat kendu eta espazioa handitu egingo da sarbideko kota espaloiko kotara iritsi arte, eta arrapala bat egingo da sarbidea eman eta kafetegiaren kotara iristeko.  Halaber, Irisgarritasun-araudia betez, lokalaren sarrerako atea handituko da.

Komunei dagokienez, eraitsi egingo da oraingo instalazioa eta berritu egingo dira aparatu sanitarioak, txorrotak, iturgintzako instalazioak eta elektrizitatekoak, bai eta aireztapena ere; komun berri bat egingo da komunaurrea eta komuna izango dituena, hala, elbarrientzako irisgarritasun-araudia betez.

Sukaldeko eta barrako ekipamendurako esleitutako lanen kasuan, barraren barruko trenkadak eraitsiko dira eta sukaldeko zein barrako zoruak eta azulejuak berritu; halaber, hobetu egingo dira elektrizitateko eta saneamenduko instalazioak eta lokal osoa pintatuko da.

Obrak datozen asteetan egingo dira eta helburua da urrirako amaituta egotea; udako asteak aprobetxatu nahi dira, pertsona gutxiago ibiltzen baitira egoitzan.

Jon Iraola alkateak gogorarazi du Eibarko jubilatuen etxeetan egiten ari diren jarduerek garrantzi handia dutela, “beharrezkoak diren espazioak direlako pertsona askorentzat aisialdirako eta sozializazioa lantzeko, eta ordu asko ematen dituztelako bertan”.

Horren harira, zera azpimarratu du: “ahaleginak egiten ari gara Udaletik, gure aurrekontu-ahalmenaren neurrian, beharrezkoak diren lanak egiteko, jubilatu-etxeak erosoak eta irisgarriak izan daitezen eta gure nagusien premiak bete daitezen”.

Datozen asteetan Urkiko Etxean hasiko den jarduera hau duela gutxi egindako beste honako lanei gehituko zaie: Untzagako jubilatu-etxean eta Beheko Tokian obrak azken fasean daude eta bietan egindako inbertsioa 190.000 eurokoa da.