Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Untzaga plazan egingo den irudi- eta argazki-proiekzioaren bidez, Eibarko XX. mendean zehar ibilaldi bat egiteko aukera izango da ekainaren 9an

Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa.

Argazkia: Eibarko Udal Artxiboa.

2022/06/03

Udal Artxiboak antolatu du jarduera Artxiboen Nazioarteko Eguna ospatzeko; emanaldia 4 ordutegi ezberdinetan egingo da pantaila erraldoi batean. Ekimen honekin Udal Artxiboa ‘kalera irteten da’ Eibarko irudien funts aberatsa erakusteko.

Eibarko Untzaga plazan, datorren ostegunean, ekainak 9, Artxiboen Nazioarteko Egunean, aukera egongo da ‘denboran zehar bidaia bat egiteko’, ibilbide bat eginez XX. mendeko Eibartik, Udal Artxiboko dokumentu-funtsetik ateratako irudiak eta argazki-bildumak pantaila erraldoi batean proiektatuko baitira. 

Ekimena gaur aurkeztu dute prentsaurrekoan Jon Iraola alkateak eta Yolanda Ruiz Eibarko Udal Artxiboaren arduradunak.

Ekainaren 9an, udaletxeko fatxadaren ondoan jarriko den bost bider bi metroko pantaila batean, proiekzioaren lau emanaldi egingo dira (ordubete ingurukoak); haietako bi goizean (11:00etan eta 13:00etan) eta beste biak arratsaldean (17:00etan eta 19:00etan). Eguraldiak jarduera kanpoan egitea eragozten badu, proiekzioak Errebalgo plaza estalian egingo dira.

Jon Iraolak esan duenez, “ekimen hau egokiera aparta da eibartarrentzat ezezagunak ziren gure historiako irudi asko eta asko deskubritzeko”. Artxiboen Nazioarteko Egunaren ospakizunaren harira, alkateak zera gaineratu du, “Udal Artxiboak duen irudi-funts aberatsa kalera atera eta erakutsi nahi dugu”.

Iraolak eskerrak eman dizkio Artxiboari eta haren arduradun Yolanda Ruiz andreari "gure legatu historikoa gordetzeko eta eibartarrengana gerturatzeko" egindako lanagatik. Era berean, eskerrak eman dizkie azken hamarkadetan Udalari hainbat dokumentu eman dizkioten eta irudi eta testuen bidez Eibarko historia osatzea ahalbidetu duten pertsona eta erakundeei”.

Bestalde, Yolanda Ruiz Artxiboko arduradunak azpimarratu duenez, ekimen honen bidez, “Udalaren materialez eta azken hogei urteotan egindako dohaintzez osatutako irudi-artxibo garrantzitsuaren parte txiki bat erakutsi eta ezagutarazi nahi diegu eibartarrei”.

Eta zera gaineratu du: “Nostalgia eragiten duten irudiak erakutsi nahi ditugu, denboran izoztutako iraganeko une bat itzularazten diguten irudiak, ohiturak eta eguneroko jarduerak, garai batean ezagunak ziren pertsonaiak eta  garrantzitsuak ziren gertaerak. Hala, existitu zen eta gutxi batzuen memorian bakarrik dagoen herri bat berreskuratu nahi du Artxiboak.”

Emanaldian, Castrillo-Ortuoste argazkilari-familiaren irudiak erakutsiko dira, Indalecio Ojangurenenak, Heraclio Echeverría medikuarenak, Beningo Plazaolaren artxibokoak. Halaber, Artxiboari lagatako edo emandako irudiak ikusiko ditugu. Lagatzaileen artean, besteak beste, Eugenio Ortuoste, David Arriola, Cándido Eguren, Agustina Elorza, Aurora Mendizabal, Arantza Arrieta, Javier Untzetabarrenetxea, Sarasua familia, Gorosabel familia, Muñoa familia, eta, hala, 60 bildumatik gora, Artxiboa osatu eta aberasten dutenak.

Funts horri esker, ibilaldi bat egingo da XX. mendeko Eibarko kale eta bizimodutik. Proiekzioa bost atal nagusitan banatuko da. Lehen atalak 1899 eta 1930 urteen arteko argazkigintzaren iratzarraldia jasotzen du. Kapitulu honi dagozkio Artxiboan dauden irudi zaharrenak. Sasoi bizia izan zen, mugimendu politiko eta sozial handikoa. Orduan egin zen herriaren lehen handitze urbanistikoa (Armeria Eskolaren eraikuntza, Tuberkulosoentzako Ospitalea, Gaixoentzako Pabiloia, zentro obreroak, liburutegiak, zinemak eta antzokiak).

Bigarren atalak, 1931 eta 1937 artekoa, II. Errepublikaren aldarrikapenetik Gerra Zibilean gertatu zen herriguneko bonbardaketa eta suntsiketarainoko aldia hartzen du. Hirugarren atalak 1938tik 1950era arteko urteak dira, herriaren eta industriaren berrikuntza eta berpizte sasoiak, zeinetan immigrazio indartsu bat gertatu eta herria goitik behera eraldatu zen.

Laugarren aldia 1950etik 1970era artekoa da. Hazkunde ekonomiko eta industrial handiko urrezko urteak izan ziren. Alfarekin batera, beste hainbat enpresa hazi eta garatu ziren, hala nola Aguirre y Aranzabal, El Casco, Ignacio Ugartechea, Lambretta, Vicente Gabilondo el Hijos, Silka, edo Solac Eibar tailer-hiria bihurtu zutenak.

Proiekzioaren azken kapitulua 70eko eta 80ko krisi eta trantsizioko hamarkadak erakutsiz amaitzen da. Aldi horretan herriak hiru uholde larri jasan zituen galera ekonomiko eta material handiak eragin zituztenak. Horren irudiak ere ikusiko dira.

Azkenik, argazkiez gain, partikularrek lagatako bideo zatiak ikusiko dira, Astelena frontoian duela hogei urte egindako kontzertuko (‘Arrateko Zelaiko Kantak’), musikaz lagunduak; Lazpita hirukotearen grabazioak; eta Ustekabe fanfarrearen ‘Eibarko Kantak’ grabazio berria.

20220603koprentsaurrekoarenirudia.jpg
Yolanda Ruiz, Udal Artxiboko arduraduna, eta Jon Iraola, Eibarko alkatea.