Eibarko Udala
memoria demokratikoa

Untzaga plaza Memoriaren Leku izateko gertuago dago, espediente ofizialari hasiera eman ondoren

2025/04/14
Irudian, tokiko, autonomia-erkidegoko eta estatuko ordezkariak.
Irudian, tokiko, autonomia-erkidegoko eta estatuko ordezkariak.

Gaur goizean egindako ekitaldi instituzionalean Fernando Martínez Memoria Demokratikoaren estatu-idazkaria egon da. Jon Iraola alkateak 2023ko maiatzean egindako eskariari erantzuten dio aitortzak.

Gaur, apirilak 14, II. Errepublikaren aldarriaren urteurrenaren harira,  Untzaga plaza Memoria Demokratikoaren Leku izendatu da ofizialki. Ekitaldian ordezkari hauek izan dira: Fernando Martínez, Memoria Demokratikoaren estatu-idazkaria; Marisol Garmendia, Gobernuaren Euskal Autonomia Erkidegoko ordezkaria; eta Maria Jesús San José, Eusko Jaurlaritzako Justizia eta Giza Eskubideen sailburua, udal-ordezkariekin eta herritarrekin batera.

Izendapena Jon Iraola Eibarko alkateak 2023ko maiatzaren 12an aurkeztutako eskaeraren emaitza da. Presidentetzako, Gorteekiko Harremanetako eta Memoria Demokratikoko Ministerioari zuzendutako gutunean, alkateak Untzaga plazaren eta udaletxearen garrantzi historikoa azpimarratzen zuen, izan ere, toki horiek XX. mendeko une garrantzitsuen agertoki izan ziren, hala nola II. Errepublikaren aldarrikapena 1931ko apirilaren 14ko lehen orduetan.

Fernando Martinez estatu-idazkariaren hitzetan, “Eibarko Udalak hiria Memoriaren Leku izendatzeko egindako proposamena jaso du Espainiako Gobernuak. Eibarrek —Memoria Demokratikoaren Legearen esparruan— bi gertakarirengatik merezi du Memoriaren Leku izatea: 1931ko apirilaren 14an II. ERREPUBLIKA aldarrikatu zuen Espainiako lehen hiria izateagatik, eta 1937ko apirilean Espainiako Gerran Errepublikaren eta haren nazioarteko aliatuen aurka matxinatutako armadako hegazkinek egin zituzten bonbardaketa tragikoengatik.

Jon Iraola Eibarko alkateak zera adierazi du: "Gaurko aitortza pauso garrantzitsu bat da gure memoria kolektiborako. Poztu egiten gaitu bereziki Estatuko historia demokratikoan Eibarrek izan zuen papera baloratu izana. Merezitako aitortza bat da Eibarko herriarentzat eta denboran zehar balio demokratikoak defendatu dituzten pertsonentzat".

Bestalde, María Jesús San José Justizia eta Giza Eskubideen sailburuak adierazi duenez, "ohore handia da apirilaren 14an Eibarren egon ahal izatea, hiri hau estu lotuta baitago Bigarren Errepublikaren oroimenarekin eta hark ordezkatzen dituen balio demokratikoekin".

San Josék bere taldeak askatasunarekin, herritartasunarekin eta bizikidetzarekin izan duen konpromiso historikoa aldarrikatu nahi izan du, eta harrotasunez gogoratu ditu 1931n errepublika libre eta demokratikoa aldarrikatu zuten zinegotziak.

San Josék azpimarratu duenez, gorroto-, bazterketa- eta xenofobia-diskurtsoak berpizten ari diren honetan, "inoiz baino beharrezkoagoa da errepublikanismo zibikoaren printzipioak berrestea, eta herritartasun bat aldarrikatzea, berdintasunean, aniztasunarekiko errespetuan eta giza eskubideen defentsa aktiboan oinarritua”. “Demokrazia eta askatasuna ez ziren beti existitu, eta berriz ere arriskuan egon daitezke; horregatik, bizirik mantendu behar dugu gizarte bidezkoago eta berdinzaleago baten alde borrokatu zirenen legatua”, adierazi du sailburuak.

Untzaga plaza izan da historikoki hiriaren bihotz politiko eta soziala. Egungo trazadura XIX. mendearen amaieran finkatu zen, eta, harrezkero, manifestazioak, ekitaldi publikoak, herri-ospakizunak eta garrantzi politiko bereziko uneak hartu ditu.

Espazio honetan gogoratzen den gertaera nabarmenetako bat 1931ko apirilaren 14ko goizaldean gertatu zen, Eibar estatuko lehen herria izan baitzen II. Errepublika aldarrikatzen, hain zuzen, plazan kokatutako udaletxeko balkoitik. Keinu sinboliko horrek islatu zuen eibartarrek errepublikar idealekin, askatasunarekin eta justizia sozialarekin zuten konpromisoa.

Gerra Zibilean ere liskarrak, bonbardaketak eta tentsio handiko uneak bizi izan ziren plazan, haren balio estrategikoa eta sinbolikoaren seinale. Hurrengo urteetan, jarraitu zuen memoria eta aldarrikapenaren topagune izaten.

Udalak bidalitako dokumentazioak Udal Artxiboko arduradunak egindako txosten tekniko bat ere jasotzen zuen. Txosten horretan, plazan izandako gertakari historiko nagusiak jasotzen ziren, bereziki Gerra Zibilean eta garrantzi bereziko beste garai batzuetan izan zuen papera.

Aitortza honen ondoren, Untzaga plaza Memoria Demokratikoaren Lekuen Estatuko Inbentarioan sartuko da. Horrek esan nahi du Udala behartuta egongo dela haren kontserbazioa, seinaleztapena eta interpretazio historikoa bermatzera, Memoria Demokratikoari buruzko 20/2022 Legean ezarritakoaren arabera.

Bideoa: "Untzaga plaza, Memoriaren Leku"

2025eko apirilaren 14an egindako ekitaldiaren irudiak