Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udaltzaingoak lau grafitigile harrapatu ditu pintadak egiten ari zirela

2019/04/25

Pintada-egile ezagunetako batzuk dira, eta material ugari atzeman zitzaien. Udala zigor zorrotzagoak aplikatzen ari da, ekonomikoak ez direla nahikoak ikusita.

Eibarko Udaltzaingoak joan den astean inguruko lau grafitigile aktiboenak identifikatu zituen, hormak pintatzeko zorian zeudela. Gertakizunak joan den asteko asteazken eta ostegunean izan ziren Legarre eta Iturburu inguruan.  Identifikatutako bik beren pintadak "Shock" izenez sinatzen zuten, eta besteek "Aski" eta "Rosk" gaitzizenez.

Identifikatu ostean, material ugari kendu zitzaien laurei, hala nola aerosolak, pintura-potoak edo arrabolak. Udaltzaingoak bidezko urratsak eman ditu zigor-prozedura bati ekiteko arau-hausleen aurka. Poliziaren ekintza honek garrantzi handia du, izan ere, pertsona horiei espedienteren bat zabaldu ahal izateko, beharrezkoa da "in fraganti” harrapatzea, orain gertatu den bezala.

Udala eta Udaltzaingoa ahaleginak egiten ari dira neurri eraginkorragoak hartzeko, kaleetako pintadak eta grafitiak saihesteko. Izan ere, ikusi da grafitigileei jarritako izaera ekonomikoko zigorrak ez zirela nahikoak; hortaz, neurri gogorragoak hartzen ari dira.

Udaltzaingoaren azken ekintza hau ezagutu ondoren, Miguel de los Toyos alkateak poza adierazi du ikusten ari direlako pintaketen aurkako lehen emaitzak; halaber, Udaltzaingoari eskatu dio modu berean jarraitzeko lanean arazo hori konpondu arte. Adierazi du Udaltzaingoari agindu diola pintaketak garbitzeko, eskura dituen giza baliabideak eta bitarteko materialak kontuan hartuz; esan du orobat grafitigileei erantzukizuna exijituko diela beren ekintzengatik.”

Bestalde, Udalak dei egiten du herritarrek gizabidez jokatzeko eta herriko hormak garbi mantentzeko.

etiketak: pintadak, Eibar, grafitiak